Ez da ahalmen edo irismen kontua bakarrik, dagoeneko Mosku aurreikusten ari da bera kolpatzen duten drone fabriken aurkako erasoak egitea Europako hainbat gunetan, hala nola, Londresen, Munichen, Rigan, Vilniusen, Madrilen, Pragan edota Venezian. Gaur egun, horietan guztietan egiten dira Europako herrialdeek Ukrainari saltzen dizkioten dronen ekipamenduak.
Horien aurka egin aurretik, ordea, Errusiak modu gogorrean kolpatuko ditu bai Ukrainako Goi Agintearen gune nagusiak edota Kieven dauden drone fabrikak, non, errusiarren esanetan, NATOko pertsonala ari den drone horien eraikuntza eta erasoen norabidea gidatzen.
Orain arteko ohartarazpenekin alderatuta, kontua ez da Errusia balizko erasoei buruz ari dela, baizik eta gertatuko direla iragartzen ari dela. Astelehen honetan Errusiako Atzerri Ministerioak irarpen hori ofizialki egin duela diosku Rafael Poch kazetariak Ctxt-n argitaratutako artikuluan.
Poch eta beste analista ugari aspalditik ari dira adierazten Europar Batasuneko herrialdeak eta NATO suarekin ari direla jolasean Errusiari dagokionez, eta Errusiaren pazientzia bere gorenera iritsi dela. 2022an Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik AEBen eta NATOko herrialdeen laguntza militarra eta logistikoa ari da jasotzen herrialdea, baina gero eta neurri handiagoan eta gero eta arrisku handiagoarekin Errusiarentzat.
Hori dela eta, beti ere Errusiako errealitatea gertutik jarraitzen duten analisten arabera –besteak beste Poch– Vladimir Putin Errusiako mandatari gorena gero eta presio handiagoa ari da jasotzen Europako herrialdeei ohartarazpen serio bat egin diezaien. Eta badirudi heldu dela horretarako unea.
Errusiako Atzerri Ministerioak iragarri du jada eraso egingo diela Kieveko drone enpresa estrategikoei eta Ukrainako agintaritza gune esanguratsuenei. Horregatik, jakinarazi die horietatik gertu diren herritar zibilei zein laguntza lanetan ari diren NATOko militarrei alde egin dezatela gune horietatik.
Errusiak erasoak oreshnik misil supersonikoen bidez egingo lituzke, lehenbiziko urratsean Kieven eta Ukrainan. Errusiako diplomatiko garrantzitsu batean arabera, eraso horiek eginda NATOko herrialdeek jarrera bera mantenduko balute, Errusiak zuzenean egingo ei ditu erasoak Europako hiriburu edo gune zehatzetan, beti ere, dronen fabrikazioarekin lotura duten guneei bideratuak.
Baltikoko errepublikak lehen lerroan
2009ra arte Errusiako afera militarren negoziatzaile lanetan aritu zen Evgeni Buzhinsky jeneralaren esanetan, esate batera, errepublika baltikoetan diren Alemania eta Erresuma Batuko indar militarrak Errusiaren helburu legitimoa dira. Beren baseak, gainera, ez daude hirietatik gertu eta, beraz, helburu militar bilaka daitezke zibilen artean kalterik eragin barik.
Analista ugariren ustez, NATOko herrialdeak suarekin ari dira jolasean Ukrainari gero eta laguntza militar handiagoa emanda. Jokaera hori oso arriskutsua izan daiteke Errusia moduko potentzia nuklearra ataka estuan jartzen bada, horrek behartu dezakeelako Mosku arma nuklearra erabiltzera.
Beldur horri buruz dezente hitz egin zen Ukrainako gerraren hasieran, 2022an. Besteak beste, gerra hasi eta hilabetera Joe Biden AEBetako lehendakariak esan zuen ez zizkiola salduko tankeak eta hegazkinak Ukrainari, horrek “Hirugarren Mundu Gerra ekarriko lukeelako". Ildo berean, orduko Alemaniako Kantziller Olaf Scholzek 2022ko apirilean adierazi zuen ez zizkiotela arma astunak salduko Ukrainari horrek gerra atomikorako arriskua handitzen zuelako, eta aukera hori bai ala bai saihestu behar zela. Bere ustez, horretarako giltzarri zen NATO ez sartzea gerran.
Dagoeneko, NATOko herrialdeek tankeak, droneak eta bestelako arma astunak saltzen dizkiote Ukrainari, horiek erabiltzeko eta bideratzeko laguntza giltzarria eskaintzen diote eta, ezaguna da erakundeko militarrak zuzenean ari direla Ukrainako gerra eremuan aholkularitza lanetan.