Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak, ELA sindikatuarekin batera, elkarretaratzeak egin ditu astearte arratsaldean Hegoaldeko lau hiriburuetan; ostiralerako ere deitu ditu, Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera. LAB sindikatuak asteburuan egingo ditu manifestazioak hiriburu berdinetan. Madrilgo Sol plazakoari jarraiki, astelehen gauetik Bizkaiko hiriburuko Arriaga Antzokiaren aurrean kanpaturik daude.
Etxebizitzaren egungo krisia ez da Madrilgo herritarren arazoa soilik, eta Espainiako hiriburuan azken egunetan haren aurka sortu den olatua Euskal Herrira iritsi da dagoeneko: mugitu egin dira etxebizitzaren aldeko mugimenduak eta sindikatuak, baita herritarrak ere. Izan ere, astearte honetan lau elkarretaratze egin ditu EHES Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak, Etxebizitza negozioaren aurka antolatu! lelopean: Bulebarrean Donostian; Gobernu Ordezkaritzan Iruñean; Areatzan Bilbon; eta Andre Maria Zuriaren plazan Gasteizen.
Hiri bakoitzeko etxebizitza sindikatuez gain, ELA ere batu da EHESk eginiko deialdira. Hain zuzen, sindikatu horretako idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak eskatu dio Eusko Jaurlaritzari Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa tentsio eremu izenda ditzala. Lakuntzak gogorarazi du Lakuak etxebizitzaren arloko zenbait eskumen dituela, eta neurri horrek ez badu ere "dena" konponduko, bidea erraztuko lukeela zenbait erabaki hartzeko.
Etxebizitza sindikatuen deialdia
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, berriz, salatu du Espainiako Gobernuak onartutako bi dekretuek ez diotela etxebizitzaren arazoaren "larritasunari" heltzen, eta kaleak hartzeko unea dela aldarrikatu du: hain zuzen, beste hainbat etxebizitza sindikatuekin batera –EHES, esate baterako– manifestazioak egingo dituzte ostiral Hegoaldeko lau hiriburuetan, 19:00etan.
Etxebizitzaren arazoaren muina "espekulazioa" dela azpimarratu dute, eta "neurri partzialak" baztertuta, zenbait proposamen egin dituzte "arazoaren egiturazko zergatiei" heltzeko: "Espekulatzaileak desjabetzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitza behar sozialen arabera planifikatzea".
"Eredua goitik behera aldatu behar da"
Etxebizitza sindikatuez gain, LABek ere salatu du "etxebizitzaren negozioa langileak pobretzeko eta "prekarizatzeko arrazoi nagusietako bat" bilakatu dela: "Premiazkoa da etxebizitzaren merkatuan esku hartzea eta errentismoarekin amaitzea". Hori aldarrikatzeko, manifestazioak deitu dituzte astebukaeran Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Urriaren 3an, larunbatean 12:00etan, Donostiako Bulebarrean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eta Iruñeko Merindadeen plazan egingo dituzte; urriaren 4an, igandean 12:00etan, berriz, Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuko da mobilizazioa.
Sindikatuak azpimarratu du Euskal Herrian ere funts putreak milaka herritar haien etxeetatik kanporatu nahian dabiltzala, eta horren adibide gisa jarri dituzte Iruñeko Testaren eta Erandioko (Bizkaia) Los Ochos eraikinaren kasuak. "Aldaketa politiko eta legalak ezinbestekoak dira", azpimarratu dute, eta zenbait neurri proposatu dituzte: "Alokairu guztiak modu iraunkorrean luzatzea, logelen eta aldi baterako alokairuen iruzurrarekin amaitzea, etxegabetzeak bukatzea, funts putreen erosketa espekulatiboak gelditzea eta prezioak jaistea".
Bilboko kanpaldia
Etxebizitzaren lotutako eskaerak soilik ez, eskaera horiek exijitzeko moduak ere errepikatzen hasi dira Euskal Herrian. Madrilgo Sol plazako kanpaldiari jarraiki, Bilboko Arriaga Antzokiaren aurrean hogei lagun inguruk oihal etxeak jartzen hasi dira astelehen gauean, eta kanpaldiari ekin diote han ere. Bertan dauden zenbait gazterekin mintzatu da Berria egunkaria astearte goizean.
"Gaur egun dugun egoera jasanezina da", adierazi dio egunkariari horietako batek, "urrunegi" heldu baita etxebizitzaren egoera. Elkarretaratzea egingo dute 18:00etan, eta aurreikusten dute deialdira gerturatzen direnak kanpaldira batuko zaizkiela.