290 greba egun eta borroka luzearen ondoren, ekainaren 8an Garnica multinazionalaren azken proposamena onartu zuten, eta astelehen honetan sartu dira lantegira. Dozenaka herritar zituzten zain kanpoaldean: "Enplegua defendatzea Aiaraldearen etorkizuna defendatzea dela ulertu duen eskualde oso baten borroka izan da".
Goizaldeko bostetan, Laudioko (Araba) egur fabrikara sartu aurretik, dozenaka herritar eta inguruko langile ugari zain dituzte zain Maderas de Llodioko beharginek. Txalo eta bengala artean hartu dituzte, 290 egun luze egin baitituzte greban, enpresarekin akordioa erdietsi aurretik.
Pasa den urteko irailean ekin zioten grebari, lantaldearen ia erdia (39 lagun) kalean geratzeko arriskuan jarri zuelako Garnica multinazionalak ezarri asmo zuen Enplegua Erregulatzeko Espedienteak.
Greba, borroka eta negoziazio prozesua luzea izan da oso, eta lantegitik harago joan da gainera. Esaterako, Arabako Foru Aldundiko bulegoak eta Laudoko udaletxea okupatu eta itxialdia abiatu zuten langileek, eta Garnicak Errioxan dituen egoitza eta lantegietara ere ibilaldiak antolatu zituzten, Aiaraldea.eus-ek gogorarazi duen moduan.
Bide horretan, erakunde publikoen inplikazio eskasa salatu dute enpresa batzordetik: Arabako Foru Aldundiaren bitartekaritza lana bileretan "egotera" mugatu izan dela diote.
Ekainaren 8an Garnicaren azken proposamena onartu zuten eta asteotan akordioa ixteko bilera luzeak egin dituzte. Akordioak jasotzen duenez, EEEaren ondorioz kalean geratutako langileek aukera izango dute lanera berriz itzultzeko, hala nahi izanez gero.
Eskualdeko inoizko greba luzeena amaitu eta astelehen honetan itzuli dira lanera, hortaz. Baina atea gurutzatu aurretik, Aiaraldeko herritarrentzako esker oneko hitzak besterik ez dituzte izan; honela jaso du Aiaraldea.eus-ek: "Eskerrik asko elkartasun adierazpen bakoitzagatik, babes keinu bakoitzagatik eta borroka hau inoiz ez dela Maderas de Llodioko langileena bakarrik izan erakusteagatik, baizik eta enplegua defendatzea Aiaraldearen etorkizuna defendatzea dela ulertu duen eskualde oso batena”.