Bigarren finala jokatuta, lehen txapela jantzi du hendaiarrak, Maddalen Arzallusekin buruz burukoa jokatuta. Ia 2.000 bertsuzaleren aurrean kantatu dute sei finalistek eta 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako pasea lortu dute lehen bostek; Elixabete Etxandi, seigarrena, txapelketatik kanpo geratu da.
Donibane Lohizuneko Jai Alai frontoi hotz batek ikusi du Maddi Ane Txoperena bere lehen Xilabako txapela janzten; tenperaturaz hotz, baina jendeak bero hartu du seikotea. Sei finalistek erritmo bizian josi dute finala, eta bertsozaleak zail izan du aurreikusten buruz burukora nor pasatuko den. Eta arrazoiz, berdinketa izan baita buruz burukora sartzeko Maddalen Arzallus eta Miren Artetxeren artean, saio koralaren erakusgarri. Sei bertsolari aritu dira kantuan, eta horietatik lehen bostak sailkatu dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketara, aurten jokatuko denera: bakarra geratu da kanpoan, Elixabete Etxandi, 606,5 punturekin. Koxka bat gorago egon dira beste bostak, hurrenez hurren: Irantzu Idoate (664), Aitor Servier (682), Miren Artetxe (684,5), Maddalen Arzallus (1106,5) eta Maddi Ane Txoperena (1132).
Zortziko handiarekin hasi da saioa eta Maddalen Arzallusi eta Irantzu Idoateri egokitu zaie lehen ariketa egitea. Bi euskaltzale sutsuren paperean jarri ditu Aritz Bidegain gai jartzaileak, hizkuntzaren egoerak kezkatuta bizi direnak. Legeen eta agintarien ezintasunaz aritu dira, eta honela bota dio Arzallusek: “Irantzu, hemen sortu beharra / dugu derrigortasuna / ez dira inoiz aski izanen / plazera ta maitasuna”. Eta honela erantzun Idoatek: “Denen artean salba dezagun / euskararen udazkena / ez da izanen lehen aldia / ez da izanen azkena”.
Hurrengo ariketetan tonu antzerakoan joan dira bertsolariak, oraindik saioaren beroa hartu ezinda-edo. Hamarreko ttipiko ariketan, ordea, hiru bikoteak aritu dira bero eta bizkor, jada saioan sartuta moduan. Drogazaletasuna uzteko terapian elkar topatu duten bi drogazale izan dira Artetxe eta Arzallus. “Nahiz eta drogak utzi / ustetan betiko / behin adikto egin zena / beti da adikto”, hasi du ariketa Artetxek, eta Arzallusek honela erantzun: “Miren, ez ezazu galdu / arren esperantza / bizitza hola baita / erori ta altxa”. Eta ariketa bukatu dute bidean galdu dituzten lagunez oroituta.
Urte luzez lagunak izan diren bi pertsona nagusi izan dira Aitor Servier eta Irantzu Idoate. Herriko plazako bankuan eserita, beren herrikideei begira, hausnarrean jarri dituzte. Damuez hasi da Servier: “Orain bost urte hil zen / nere emaztea / nerekin ez zen izan / nahi bezain askea”. Idoaterekiko beti izan duen maitasuna ere aitortu dio, eta inoiz pausurik eman ez izanaren damuaz aritu da. Honela trankildu du Idoatek: “Orain damu berriak / nahiz gureganandu / aintzina segitzeko / ez baita berandu”.
Ganbarako tartean, ohi duten moduan, gai bakarraren bueltan jarri dituzte abesten sei bertsolariak. Honela zioen gaiak: gaur lehen aldikotz zure buruari aitortu diozu ez duzula arrazoin. Bakoitzak bere ertz eta bazterretik heldu dio gaiari, eta pieza politak atera dira. Ariketan puntuazio altuena txapeldunak lortu du, Txoperenak. Neba gaztea jo duen arreba nagusiaren paperetik kantatu du: “Zure irrifar gazte horrek / ai salatzen beharbada /gaurko hontan arrazoia / nere anaiarena da”. Eta honela biribildu: “Ados irabazi duzu / anaia, gaurko borroka / baina hau josteta baitzen / ez du hainbertze inporta”.
Eskola jazarpena pairatzen duen gaztea izan da Idoate, eta azkenean laguntza eskatzea erabaki duena. Honela amaitu du: “Joan nahi badut goruntza / beldurrak ditzadan uxa / erranen dut ez naiz untsa / norbere akatsak onartzea da / aintzinatzearen funtsa / beldur gehiago sortzen dit baina / eskatuko dut laguntza”.
Militantzia eta euskal gatazkak ere izan dute tokia oholtzan. Bizi osoa militantzian eman duen zaharra izan da Servier, eta belaunaldi gazteei entzutearen garrantziaz mintzatu da: “Kide gazte bat jarria dago / salan nere saihetsean / eta erran dit ‘erdigunera / gatoz geundenak ertzean/ militantzian senti gaitezen / gaudela gure etxean’ / gure borrokak ez du balio / sekula azken beltzean / gure burua egunez egun zalantzan jarri ezean”. Torturak pairatu dituen preso baten lekuan jarri du bere burua, aldiz, Artetxek: “Baina tipo bat tortura tresnak / ongi zorrozten ari da / ta ni zangoak pixa usainez / elektrodoei begira”. Eta honela bukatu: “Baina eutsi dut bukatu dute / ta lan saioa akabo / ez dut erabat sinesten baina / oraindik bizirik nago”. Etxandik, bere aldetik, Lauak armagintza enpresako langile baten ahotik hitz egin du, lana utzi eta bere aurkako borrokan hasi dena: “Militantzian hasi nahi nuke / borrokatzeko jo ta ke / mundu huntako piramideak / lauak bilakatu arte”. Eta, azkenik, Arzallus alzheimerra duen pertsona baten azalean jarri da, eta gaixotasuna onartu beharrean ikusi du bere burua: familiari esan eta azken kontuak egin nahi dituela aitortu du. “Nere bizitza bizi nahi nuke / galdu aurretik burua”.
Buruz buruko estua
Saioa bizkor joan da Donibane Lohizunen, eta bigarren fasera nor pasatuko zen zaila zen asmatzen, berdinketa izan baita bigarrenaren eta hirugarrenaren artean; Arzallusen eta Artetxeren artean, alegia. Edonola ere, bigarren fasera pasatuta, bizkor aritu dira biak eta puntuazioek erakutsi dute estua izan dela B aldea. Ganbarakoak izan du, ohikoa den legez, ikusmin handiena. Ez da gutxiagorako izan, gaia bereziki arantzatsua izan baita. Honela zioen: ADN frogaren emaitzak iritsi dira. Emaitza argia da.
Erronkari eutsi eta pil-pilean dagoen gaia jarri du mahai gainean: memoria historikoari eskainitako bakarkako batekin itxi du saioa Txoperenak, eta horren ostean jantzi du txapela. Jakin du gaiak eskatzen zuen seriotasun eta joskera lortzen. Birraitatxiren gorpuzkiak aurkitu dituztela kantatu du, eta frogak erakutsi duela, hain zuzen ere, bera dela: “ADNa aurkitu dute / gure birraitatxirena / hogeitahamaseigarren urtean / ahanzturan utzi zutena”. Poza eta hunkidura adierazi ditu, baina gogorarazi du: “Baina oraindik martxan dauzkate / kartzela eta tortura / ai birraitatxi hila baitago/ ta bizirik diktadura”. Eta honela bukatu du finaleko azken ariketa: “Baina halere segiko dugu / hau da egungo ogia / duintasunez manten dezagun / arbasoen memoria”.
Arzallusek gai berari beste ertz ezberdin batetik heldu dio: ADN frogak erakutsi baitu bere gurasoak ez direla biologikoak. “Hau da mina hau da pena / mediku batek baieztatzea / kanpotik entzun nuena”, kontatu du bere egoera. Edonola ere, biologia alde batera uzteko hautua egin du: "Ze axola du utzi atzean / ez nahastu iragana / neretzat beti izango dira / nere aita eta ama”.
Arzallusen eta Txoperenaren azken bi bertsoaldi horiekin bukatu da finala eta izendatu dute 2025-2026ko Xilabako txapeldun Txoperena. Maialen Hiribarren Seaskako irakasle izandakoak eta bertso munduan ere inurri lanean aritutakoak jarri dio txapela, eta Xilaba ere gehitu da, Nafarroako eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketek egin bezala, atzeko eta izkutuko lanean aritu diren militanteei eskerrak ematera. Txapeldunak eman dio amaiera finalari, amaierako agurrean odolezko eta hautazko amatxiekin gogoratuta, eta promesa batekin: “Zuek ezina guk eginaz / hain harro zaudetelako / zuek ekina guk eginaz / hain harro zaudetelako”.