Igande gauean egin zuen Frantziako presidenteak alokuzioa, Jaka Horien eta ikasle mugimenduaren protesten harira. "Haserrea entzun beharra" aldarrikatu zuen, baina baita "ordena errepublikanoa errespetarazi" behar zuela ere. Jaka Horiek deialdi berria zabaldu dute larunbat honetarako.
550.000 (Poliziaren arabera) eta 800.000 (antolatzaileen arabera) lagun artean mobilizatu ziren Frantziako Estatuko hiri nagusietan larunbatean, eta 2.000 atxilotutik gora izan ziren guztira. Baionan bederatzi pertsona atxilotu zituen Poliziak larunbatean, eta errepresioaren salatzeko elkarretaratzea egin zen igande gauean herriko etxeko plazan. Frantziako Estatu osoan izan ziren protestak, hainbat aldarri eta lema oihukatuz; ikasle mugimenduak piztu zuen protestaren lehen txinparta irailean, eta geroztik beste hamarnaka arlo ere hunki ditu mugimenduak (bizitzaren garestitzea, faxismoaren gorakada, hainbat murrizketa arlo sozialean...). Larunbatean izandako protesta masiboen harira, alokuzioa egin du igande gauean Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Mobilizazioaz haratago, sortutako "liskarrak" eta "kalte materialak" izan ditu gogoan.
Mobilizazio gehienak baketsuak izan badira ere, gertatu diren istiluak azpimarratu ditu Macronek. Protestan dabiltzan ikasleak eta "ezker-muturretik datozen liskar-sortzaileak" bereizi ditu, eta bigarren horiei egotzi dizkie eraikin publikoen andeatzea edo denda batzuen funditzea. Liskarren aurrean "lotsa eta amorrua" adierazi ditu presidenteak. Era berean, zera erran du: "Suntsiketak eragin dituztenek ordaindu egin beharko dute; errepublika erorarazten saiatu direnek egin dutenaren erantzukizuna hartu beharko dute". Egoeraren errudun omen den ezkerra izan du jomugan Macronek, eta hau ere gehitu du: "Kalera irtetea urgentziazkoa dela dioten horiek guztiek helburu bakarra dute: eztabaida bahitzea. Eztabaidak ez dira kalean egin behar, ezta indarkeriaren bidez ere".
La France Insoumise alderdiko Jean-Luc Melenchonek, bere aldetik, herritarrak "modu baketsuan" mobilizatu direla nabarmendu du, eta hedabideek zabaldu duten protestaren kontakizuna salatu du: "Albistegietan biolentziaz betetako irudiak ipintzen dituzten bitartean, jendea modu baketsuan mobilizatzen ari da hemen. Bi mundu, bi errealitate". Rassemblement Nationaleko Marine Le Penek, berriz, "ezker muturreko bazter nahasleak" aipatu ditu, eta azken horiek herritarren eskariak "hondatu" zituztela. Erran duenaz, "ordena zapalkuntzatzat daukate, eta desordena eskubidetzat".
Laurent Nuñez Barne ministroak bere dimisioa pausatu du igandean presidentearen aurrean, baina horrek ez dio onartu, eta "sistema berriak" indarrean jar ditzala galdegin dio lehenbailehen, "talde bortitzei" aurka egiteko. Barne ministroaren erranetan, mobilizazioa uste baino "jendetsuagoa" izan da, eta ondorioz, Polizia aparatuak gaindituak.
Jaka Horiek beste mobilizazio batera deitu dute larunbaterako, 17Octobergiletjaune.net webgunearen bidez. Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroak larrialdi bilera batera deitu du astelehenean 10:00etarako, baina Macron ez da bertan egon, Pertsiar Golkoan hiru eguneko bidaia egiten ari delako. Barne-ministroak etxeratze-agindu partzialak iragarri ditu, baina ez du zehaztu zein herritan izango ziren.