Palestinarekin Elkartasunak mahaigaineratu duenez, Baskoniak eta Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiak “argi adierazten du Israelen aurkako mobilizazioek eta boikot ekimenek fruituak ematen dituztela”. Plataformak gogora ekarri ditu azkenengo hilabeteetan kirol talde sionisten aurka izandako hainbat borroka, tartean irailean Espainiako Vueltan parte hartzen ari zen talde israeldarraren aurkako protestak edo Gernikan Elitzur Ramla saskibaloi taldearen aurkakoa. Azaldu dutenez, ekimen hauek “talde hauen presentzia desnormalizatzea lortu dute” eta adierazi dute “estatu sionistaren eta bere konplizeen aurkako borrokak" merezi duela.
Hala ere, plataformako kideek argi adierazi dute hartutako neurria ez dela nahikoa, eta partidak bertan behera uztea exijitu diete Eusko Jaurlaritzari eta Baskoniako zuzendaritzari. Maccabi eta Hapoel taldeak Gasteizera “Israelgo estatu terroristaren enbaxadore” gisa datozela salatu dute, eta Israelen “irudia garbitzea eta proiektu genozida eta supremazista legitimatzea” helburu dutela ohartarazi dute.
Hala, datorren ostiralerako deituta dagoen mobilizazioa mantenduko dute. Egun horretan jokatuko du Baskoniak Hapoelen kontra, eta hiru helburu jarri dizkiote manifestazioari:”Batetik, partidak ateak itxita jokatzeko neurria borrokaren ondorio dela azpimarratu eta sionismoaren adierazpen ororen aurka mobilizatzen jarraitzeko beharra aldarrikatzeko. Bestetik, partidak bertan behera uztea exijitzeko, eta partiden arduradunak seinalatzeko. Eta azkenik, azken asteetan Israelgo estatu terrorista Mendebaldeko Asian gauzatzen ari den sarraskia salatu eta haren aurkako erresistentziari babesa adierazteko”. Baskonia eta Hapoelen arteko partida 20:30etan izango da, eta mobilizazioa bi ordu lehenago abiatuko da, 18:30etan Iparralde gizarte etxetik.





