1987an, Pasaian (Gipuzkoa), Guardia Zibilak tiroz eta gupidagabe hil zuen ETAko kide Luzia Urigoitia. Bertsio ofizialak tiroketaren teoria faltsua zabaldu zuen, baina azterketa forentseek kontrako zantzuak azalerazi zituzten: lurrean etzanda zela egin zioten tiro garondoan, oso gertutik. Astearte honetan proiektatuko dute dokumentala Donostian, Giza Eskubideen Zinemaldian.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Ikuslea astintzen duen film horietako bat da Lander Garrok (Errenteria, Gipuzkoa, 1975) ekoiztu duena: Lutxi eta zuhaitza. Luzia Urigoitia 'Lutxi' otxandiar gaztearen hilketa kontatzen du ordu eta hogei minutuko dokumentalak, uneko eszenak berreginda, thriller kutsua emateko, eta lekukoen eta hainbat adituren esanak tartekatuta; besteak beste, Iñigo Iruin auziko abokatua eta Paco Etxeberria jardunean aritu zen forentsea ageri dira hizketan. Fikziozko eszenak egiteko, besteren artean aktore hauek aritu dira: Olaia Aguayo, Xabi "Jabato" Lopez, Alain Lersundi eta Garazi Urkola.
ETAko kide Urigoitiaren kasua abiapuntutzat hartu du Garrok, gertakarien memoria ariketa egiteko, baina harago joan eta memoria politikoaren eraikuntzan eta kontakizun diferenteen arteko borrokan sakontzeko grina ere azaleratu du. Horretarako, lotailu gisa erabili du zuhaitzen memoria. Enborren eraztunek memoria pilatzen dute, eta geruzaz geruza, eraztunak aztertuta, iraganaren kontakizun fidagarri bat jaso daiteke. Gizakien eta gizarte baten memoria, ordea, askoz ere manipulagarriagoa, moldatuagoa edota eztabaidatuagoa izan daiteke; dudarik gabe, baita hauskorragoa ere. Kontzeptu horiekin jokatu du zuzendariak. Hamabi atal, hamabi eraztunetan dago antolatuta dokumentala.
Aipaturiko Iruin eta Etxeberriaz gain, dokumentalean pisu handia hartu du Alicia Pereiraren testigantzak. Galiziarra sortzez, Pasaiako (Gipuzkoa) Trintxerpe auzoan bizi zen Pereira, Manuel Muiñosekin batera. Urigoitia eta hirurak zeuden etxebizitzan 1987ko uztailaren 23 hartan. Gau hartako gertakariak ondo gogoan ditu Pereirak, eta testigantza benetan gizatiarra eskaini dio dokumentalari, adituen hitzei bestelako ukitua emateko. Urigoitiaren lagun eta senideek ere parte hartze inportantea dute kontakizunean.
Polizia operazioa
1987ko udako gau hartan, Guardia Zibilak ETAko Donosti komandoa-ren aurka egin zuen operazioa. Pereira eta Muiños atxilo eraman zituzten, baina Urigoitia ez zen bizirik irten egongelatik. Bertaratu ziren azterlariek, tartean Etxeberria forentseak, argi ikusi zuten garondoan emandako tiroak akabatu zuela Urigoitia. Oso gertutik egin zioten tiro, hala esaten du Etxeberriak: azalean erredurak eragin zizkion, eta horrek esan nahi du zentimetro gutxi batzuetara jaurti ziotela bala. Lurrean etzanda zegoen, gainera; zorua zulatu zuen jaurtigaiak.
Bertsio ofizialaren arabera, Urigoitiak aurrez tiroka erantzun zien guardia zibilei, eta borroka horretan hil zuten. Iruin abokatuak ez zuen sinetsi, ezta Etxeberria forentseak ere, egongelako frogek ez zutelako hori erakusten. Baina Guardia Zibilek eta estatu aparatuek haien muntaia egin zuten, eta frogak manipulatu zituzten horretarako; esaterako, esanguratsua da guardi zibilaren balen aurkako txalekoa bi puskatan entregatu zietela ikerketa zeramatenei, bigarrena 24 ordu geroago, eta bigarren zati horretan ustez Urigoitiarena zen armako jaurtigai bat topatu zutela.
Otxandion, Urigoitiaren herrian, omenaldi jendetsua egin zioten hildakoari, ondo gogoan dutena haren senide eta lagunek. Baina gauzak ez ziren hor amaitu Otxandion: urteetan zehar, hainbat saiakera egin dituzte Urigoitiaren memoria bizirik mantentzeko. Hala nola plaka oroigarri bat jarri zuten, horma irudiak margotu, omenaldi bat baino gehiago egin... Baina oroimen ekitaldi horiek sarri izan dira esetsiak.
"Lutxiren kasuan, memoria ariketa egitea bereiziki zaila izan da, jazarpen politiko handia egon delako", adierazi dio Garro zuzendariak Berria-ko Edurne Begiristain kazetariari. Eta horiek badute lekua dokumentalean, amaiera partera. Arestian aipatutakoa, enborren eraztunen metafora, testigantza aktualago horiekin borobiltzen du Garrok dokumentalean.
Otxandiarren enkargua
Herritarrek sortutako Aurrera Begira elkarteak egin zion dokumentalaren proposamena Lander Garrori, eta elkarteak hartu du ardura lana finantzatzeko eta dokumentazioan laguntzeko.
Naiz Irratia-ri kontatu dionez, Garrok sustraiak ditu Pasaiako Trintxerpen, eta txikitatik ezagutzen zuen Urigoitiaren kasua. 12 urte zituen hil zutenean: "Horrelako gertakari traumatikoak gertatzen direnean izen horrek besteen bizitzan presentzia hartzen du". Gauzak horrela, otxandiarren deia jaso zuenean, gustu handiz onartu zuela aitortu du.