Nekazari andana Brasilgo latifundistek beraien lurretatik kaleratu zituztenetik hasi zen dena. Nekazaritza mekanizatu zenean eskulana soberan ikusirik, ordu arte haientzat belaunaldiz belaunaldi lan egiten zuten familiak eta familiak lanik eta lurrik gabe aurkitu ziren.
Brasilgo hedaduran, Iberiar penintsularena baino 14 aldiz handiagoa izanik, lurrak soberan egon dira beti, lurdunek abandonaturikoak adibidez. Aukera horretaz baliatu ziren kale gorrian gelditu ziren nekazariak, eta bide hoberik ezean, 1984ko urtarrilaren 22an MST mugimendua sortu zuten: Movimiento de Trabalhadores Rurais sem Terra. Lurrik gabeko landa-langilez osatutako mugimendua alegia.
Haien ibilbidea malkartsua izan da eta hala izaten darrai: lurrak okupatu, kanpatu, komunitatean lurra lantzeari ekin, eskolak eta erizaindegiak eraiki eta eutsi bizitzari. Brasilgo Konstituzioak lurrak lantzen dituenari emateko ahalmena du, lurrok ekoizpenerako eta erabilera sozialerako direla bermatzen denean. Prozesu honek urteak iraun ditzakeen arren, legeztatzen direnean, asentamendu bihurtzen dira. Haien etxe eta herri.
Argi zeukaten talde lanak berdinzalea izan behar zuela, eta arlo politikoa eta kulturala barne hartuko zituztela, haien indargunea emozioa dela jakinik.
2000. urtean egin ziguten lehen bisita Euskal Herrian, beste lan-eredu batzuen probak eginak zituzten ordurako, eta gure eredu kooperatiboaren sendotasuna gustatu zitzaien, bazkidea erdigunean jarrita, lanaren jabetza ikuspuntutik. Gure 10 printzipio eta baloreekin (harrera askea, antolaketa demokratikoa, lanaren jabe izatea, kapitala instrumentua, parte-hartzea, elkartasun ekonomikoa, elkarlana, aldaketa soziala, unibertsaltasuna eta hezkuntza) lerrokatuta daude eta xumetasunetik unibertsaltasuna jorratzen dute haiek ere. MST-k bazituen garai hartan kanpamendu eta asentamendu antolatuak. Eta unibertsaltasuna eta aldaketa soziala abiapuntu, hezkuntza izan da haientzat tresna eraginkorra, haien produkzio sektorearen gestio eredua eta prozesuak indartzeko.
Belaunaldi bat pasatu da Mundukideko Brasilgo programa martxan jarri eta lehen kooperanteak hara joan zirenetik. Haiekin elkarbizitzan zertan eragin genezakeen aztertu zuten, eta irakasgai material eraginkorra batu ere bai.
Mundukidek, Lanki eta MUren laguntzarekin, sortutako formakuntza saioetatik egun produkzio kooperatibetako kudeatzaile, mugimenduaren buruetako asko eta Brasilgo Gobernuko hainbat pertsona irten dira. Esperientzia horren guztiaren oinordeko da IEJC eskola, etorkizuneko kooperatibistak hezteko, Mundukidek eta MST-k batera sortutako kooperatiben kudeaketarako eredua erabiltzen duena.
MST bi milioi pertsonek osatzen dute eta Brasilgo estatu gehienetan daukate presentzia. Horrek zaildu egiten du Mundukideko lankidetza programa, distantziak Europa osokoak bestekoak baitira. Estruktura antolatuta dute, estatuka biltzen dira eta guztien gainetik pentsalari errespetatuak daude.
Aurten 42 urte bete dituzte eta nazio mailako 14. topagunea antolatu dute. Nolakoa gainera! Ikustekoak dira haien indarra, antolakuntza eta etorkizunera begiratzeko duten ahalmena. Bost egunetan 3.500 pertsona bildu dituzte. Nazio zuzendaritzako kide den Deborah Nunes-en esanetan, "lurra ez da soilik nekazarien erantzukizuna, guztiona baizik, berak ekoizten duena jaten dugulako".
Gure kooperante eta bolondresek izugarrizko lana egin dute urteotan. 20 baino gehiago pasatu dira bertatik, besteak beste, “Armazenes do Campo” sarearen sorreran parte-hartze zuzena izan dute, CREHNOR kreditu kooperatibaren nazio hedaketan lagundu dute, FINAPOP herri finantziaketa tresna indartzen edota MST-ren Facultad Josué de Castro lehen unibertsitatearen sorreran.
Harro gaude, gure kooperanteek egin duten lanagatik, eta nekazari txikien emaitzetan inpaktua sortzen eragin dugulako. Haiek handi egiten ikusi ditugu eta antolakuntza guztiaren aitortza jaso dute liderrak diren egungo lankide Asier, Natxo, Julio, Marcio eta Andreak.
Hori guztia ez litzateke posible izango Mundukideren Patronatua osatzen duten 12 kooperatiben konpromisorik gabe, ezta gainontzeko kooperatiba, erakunde publiko eta GKE eta partikularren laguntza ekonomikorik gabe. Guztiei gure eskerrik beroena, eraldaketa sozialean irmoki sinesten dutenei. Ateak zabalik daude lankidetza programa honetako parte aktibo izan nahi duten erakunde eta pertsona berri guztientzat.
MSTko kideek ere 200 milioi biztanleko nazio batean influentzia handia dutela erakutsi nahi izan dute, adibidez topagunera Lula Da Silva presidentea erakarrita. Azken egunean izan da, zuzendaritzaren aldaketak izendatuta festa giroan eman zaio amaiera topaguneari. Lularekin zuzenean egoteko parada izan du Mundukideko Patronatoko lehendakari eta ASETT ekimeneko zuzendari Iñigo Albizurik. Brasilgo Ekonomia sozialeko idazkariaren eskutik gonbidatu du MSTrekin zuten bilerara eta han elkar trukatu dituzte esperientzia eta ikuspegiak.
Anekdota bezala esan, Mundukidek sortutako jolas bat, MSTren ibilbidea erakusten duena, oparitu diogula eskura Lula Da Silvari. Jolasean demokrazia, berdintasun, elkartasun eta iraunkortasun ereduak garatzeko aproposa da.
MST-k bere gazteen lana errazteko traktoreak behar dituztela ikusita, Industriara saltoa egiteko asmoa sendoa dauka. Beira, intsumo eta askotariko traktore industria sustatzea dute hurrengo urtetako estrategia, nekazaritza ekoizpena indartzea dute helmuga. Lehenengo industria kooperatiba egin nahi dute, Euskal Herriko kooperatiben hasierak gogora ekarrita, formakuntza kualifikatuagoak beharko dituztela argi daukate.
Etorkizunerako estrategiak azaltzeko orduan MSTren garapenean Mundukideko lantaldea oinarrizkoak izan garela entzun genuen, haien buruzagi Joao Pedro Stedileren ahotik: “Quero reconhecer espressamente a labour da Mundukide. Depois de 20 anos de namoro,agora temos que decidir que formação queremos dar a nossos filhos”.
Badakite Mundukideren esperientzia oso baliagarria izan daitekeela haientzat, eta gure jakintzak nola lagundu diezaiekeen. Gainera, Mundukidek gaur arte metatutako ezagutza eta esperientziaz gain, gure kooperatiben bulkada industriala ere oso egokia izan daiteke erronka berriei aurre egiteko.
Ea bada, lurrik gabeko nekazari gazteenen pauso berri honetan, gure onena eskaintzeko gai garen.