Lurralde-kohesioa bermatuko duen trenaren alde egin dute Uharte Arakilen

  • Tren Sozialaren aldeko Plataformako kideak Uharte Arakilgo (Nafarroa) tren geltokian elkartu dira igandean. Espainiako Garraio Ministerioak Iruñea eta "Euskal Y" lotzeko egindako planteamendua kritikatu dute, eta salatu ministerioak geltoki hura bertan behera utzi nahi duela, aurkeztu duen informazio-azterlanak jasotakoaren arabera. Hain justu, AHT Gelditu plataformak oharra plazaratu du, informazio-azterlan horren "zentzugabekeria" salatzeko. Hainbat alternatiba planteatu dituzte bi kolektiboek, eta datozen asteetan egingo diren mobilizazioetarako deia luzatu.
Martxoaren 14rako manifestazioa deitu dute Altsasun, 'AHTren txikizioaren aurrean, herritarron trena' lelopean. Tren Sozialaren aldeko Plataforma

2026ko urtarrilaren 26an - 09:49
Azken eguneraketa: 14:31
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ministerioak aurkeztutako proiektuak "gure bailara eta bertako biztanleen beharrak" ez dituela aintzat hartzen salatu du Tren Sozialaren aldeko Plataformak. Lurralde-kohesioa bermatu, ingurumena errespetatu eta bideragarritasun ekonomikoa ahalbidetuko duen ereduaren alde egin du kolektiboak, eta esan du horretarako trenbide-sarea modernizatu, merkantziak trenez garraiatzea bultzatu, herri eta eskualdeetako geltokien arteko konexioak hobetu eta trenen maiztasuna areagotu beharko liraatekeela. "Proposamen honekin aldirietako eta eskualdeetako konexioak hobetuko lirateke, geltoki guztiak berrituko lirateke, eta berri batzuk ireki, geralekuak berreskuratuko lirateke eta ingurumen inpaktua askoz ere txikiagoa izango litzateke", adierazi du plataformak. "Era berean, abiadura handiko distantzia luzeko zerbitzua barne hartuko luke, eta eskaera guztia trenbide-plataforma bakar batekin bete". Alegia, Tren Sozialaren alternatibak egungo trazatua balitzea proposatzen du, berrituta, tren konbentizonaleko azpiegiturak eta geltokiak zaharkituak ari direlako geratzen, inbertsioak AHTn egiten ari direlako.

Aurkeztutako alternatiba herri-plataformen eta Adif eta Renfen ordezkaritza duten sindikatu guztien artean lortutako akordioaren fruitu dela azaldu dute Uharte Arakilen bildutakoek, eta helburutzat duela konponbide erreal eta teknikoki bideragarri bat eskaintzea. Egungo azpiegitura modernizatu eta egokituta, zerbitzuak segurtasunean ere hobera egingo lukeela diote: "Lurperatzeak ere planteatuko dira, Altsasun eta Agurainen, adibidez, hiri-integrazio hobea lortuz".

Plataformak adierazi du diru falta dela-eta Hendaia eta Bordele arteko abiadura handiko tren-azpiegitura berriaren proiektua arriskuan dagoela, eta Irun, Baiona eta Bordeleko alkateek egungo trenbide-trazadura hobetzeko proposamena egin ondoren, alternatibak eta obrak gelditzeko eskaerak "inoiz baino indar handiagoa" hartzen dutela. Halaber, gogorarazi du Sakanako alkateen %93a Iruñea eta "Euskal Y"-ren arteko konexioa jada eraikita dagoen bidetik egitearen alde dagoela: "Horregatik eskatzen dugu herriaren borondatea errespetatzea, trenbide-azpiegitura berri bat eraikitzeko proiektua gelditzea eta planteatutako alternatiba aurrera eramatea".

Bukatzeko, martxoaren 14an "AHTren txikizioaren aurka" Altsasun egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute.

"Estatuak Gasteiz aukeratu du"

Bestalde, AHT Gelditu plataformaren hitzetan, Espainiako Garraio Ministerioak iaz aurkeztutako proiektuak erakusten du Espainiako Gobernuak aspaldi egin zuela Gasteizko alternatiba-ren alde, Ezkio-Itsasokoaren kaltetan.

Gauzak horrela, "Gasteizko alternatiba aldez aurretik erabakita badago, zertarako balio dute teorian alternatiba baten eta bestearen artean erabakitzeko egin behar ziren zundaketek?", galdetu du plataformak. "Azken bi urte eta erdian bi zundaketa-kanpaina izan dira, eta bakarra ere egiterik ez dute izan ia, udalak eta AHTren aurkako eragileak kontra azaldu direlako. Dena den, behin eta berriro esan dute zundaketak eginak zeudela jada. Nor nahi dute engainatu?".

Iazko azaroan, AHTren lotune berrirako zundaketa lanetan ez laguntzeko eskatu zien Stop AHT Zundaketak plataformak kaltetutako udalei. Elkarteak azaldu duenez, Espainiako Garraio Ministerioak proposaturiko aukerak ingurumen kalte "ia berberak" eragingo lituzke Aizkorri-Aratz eta Aralarko parke naturalen artean. Ministerioak proposatu du AHT Aralar azpitik igaro beharrean –Gasteiztik ekialderuntz, Altsasutik–, mendikatea "inguratzea", Altzaniako mendietatik Etzegaraten barrena, Ezkio-Itsasoraino. Baina Stop AHT Zundaketak plataformaren esanetan, proposamen horrek ingurumen kalte "ia berberak" eragingo lituzke: Aizkorri-Aratz eta Aralarko parke naturalen arteko korridore ekologiko baliotsua bete-betean zatituko luke.

Elkarteak deituta, otsailaren 21ean "AHTren mafiaren kontrako" manifestazioa egingo dute Iruñean.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.