Lurra eta kultura ardatz dituen festa egingo dute Amillubin maiatzaren 16an

  • Hirugarren Udaberri Festa egingo dute Amillubi proiektuan, Zestoako (Gipuzkoa) Amilibia baserrian, "Lurra oinarri, utopien bidean" lemapean. Goizetik iluntzera iraungo duen egitaraua aurkeztu dute, hausnarketa, elikadura eta kultura uztartuko dituena.

2025eko Udaberriko Festa Amillubin.

2026ko martxoaren 31n - 12:22
Azken eguneraketa: 18:28
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Aurtengo Udaberriko Festaren afixa.

Goizeko 9:30ean hasiko dute eguna. Handik eta hemendik etorritakoek elkar agurtu ostean, bi mahai-inguru izango dira, festaren lemari ("Lurra oinarri, utopien bidean") erantzungo diotenak: mahai-inguruetan, esperientziak izango dira hitza hartuko dutenak, eta utopia izatetik errealitate bihurtzen ari diren proiektuak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

14:30ean, Bazkari Agroekologikoa egingo dute elkarrekin. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, "etorkizuneko elikadura ekoizpen duin eta jasangarrian oinarritu behar da, eta horregatik, tokiko produktu ekologikoak sustatzeko apustua egiten jarraituko dugu". Bazkarirako txartelak 10 euro balio du, eta haurrentzat 7 eurokoa izango da (txartelak hemen daude salgai).

Bazkalostean, kultur emanaldiak izango dira nagusi. Oholtza hartuko dute, besteak beste, Pobresiak poesia musikatuak; 1TZ4L1 3T4 P1ZTU bertsoa eta musika elektronikoa uztartzen dituen emanaldia; Berba Labanakaz eta Babarrunba musika taldeak eta, amaitzeko, DJ-ak.

Arratsaldeko emanaldietarako sarrerak 10 euroan egongo dira salgai, eta haurrentzat doakoak izango dira. Antolatzaileek sarrerak aldez aurretik erostea gomendatu dute, egitarauaren antolaketa errazteko.

Iazko Udaberri Festa: bazkaria eta arratsaldeko emanaldiak negutegi barruan egin zituzten.

Egun osoan zehar umeentzako txokoa egongo da martxan, eta goizean zaintza zerbitzua ere eskainiko dute. Arratsaldean, Hazietxezirkus-eko kideen eskutik zirku tailerra egingo dute.

Antolakuntzak jakinarazi du ibilgailuak Iraetako futbol zelaiko aparkalekuan utzi beharko direla; handik Amillubira oinezko bidea (5-10 minutu) seinaleztatuta egongo da. Mugikortasun arazoak dituztenentzat, garraio zerbitzua eskainiko dute.

Komunitatea, lurra eta kultura uztartzen dituen jaiaren bidez Amillubi proiektua lagundu nahi duenak, eguna hortxe dauka.


Agroekologia kanalean gehiago
2026ko ekainaren 10
UEUren jardunaldia ekainaren 19an
Politika publikoekin nola bultza elikadura burujabetza?

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...