argia.eus
INPRIMATU
Lukas Agirre agurtu eta hilketa gaitzetsi dute Hernanin
  • Abenduaren 25 goizaldean sastadaz hil zuten gazte hernaniarrari agur jendetsua egin diote jaioterrian. Hilketa salatzeko baliatu dute halaber, eta halakorik ez errepikatzeko "ereiten jarraitu beharra" nabarmendu.

Lide Iraola 2022ko abenduaren 30a
Sastadas hildako Lukas Agirre gazte hernaniarra agurtu dute lagunek, senideek eta herritarrek. /Argazkia: Eitb

Lukas Agirre Izko, abenduaren 25ean sastadaz hil zuten 24 urteko gazte hernaniarra, ostegunean agurtu zuten jaioterrian lagun, senide eta herritarrek. Lagun taldeak Beti gogoan idatzita zuen pankarta eusten zuten bitartean, lagunetako batek eta amak hartu zuten hitza, ahots hauskorrez.

Amak “eskerrak eta maitasuna” banatzeko tartea hartu zuen, egun “izugarri” horietan babesa adierazi dieten lagun, bizilagun, lankide eta herritarrei.

Lagunak Lukas gogorarazteko aipatu zituen “bizipoza, sortzeko gaitasuna, indarra, alaitasuna” hitzak, eta ziurtasunez esan zuen inoiz ez dutela ahaztuko. Halaber, atzean zuten pankartan idaztera animatu zituen Hernaniko Gudarien Plaza bete zuten herritarrak, lagunaren omenez. Izan ziren idatzi zutenak, eta isiltasunez eta txaloz minean babes izan zirenak ere bai.

Hilketa gaitzetsi zuten, eta ez errepikatzeko lanean jarraitu behar dela gogorarazi: “Ereitea besterik ez zaigu geratzen, hau berriro gerta ez dadin”.

Lukas Agirre abenduaren 25 goizaldean hil zuten Donostian, sastadaz. Goizean bertan hiru lagun atxilotu zituen Ertzainak; haietako bi hilketaren abisua jaso eta gutxira, eta hirugarrenak pare bat orduren ostean bere burua aurkeztu zuen polizia etxean. Asteazkenean, epaileak espetxealdia ezarri zion hirugarren hari, eta beste biak aske utzi zituen.