argia.eus
INPRIMATU
Luis Morcillo: “Nik hil nuen Santi Brouard”
  • Luis Morcillok aitortu du berak hil zuela Santi Brouard HBko kidea bost milioi pezetaren truke (30.000 euro). El Mundo egunkariari egin dizkio adierazpen horiek.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko apirilaren 15
El Mundo egunkariak gaur argitaratu ditu Morcilloren adierazpenak.

“Santiago Brouard bere kontsultatik atera zenean bi tiro eman nizkion eta gero lurrean errematatu nuen. Korrika irten nintzen Rafael López Ocañarekin eta pistola eskailerako zoko batean utzi nuen”. Luis Morcilloren hitz horiek jaso ditu gaur El Mundo egunkariak paperezko edizioan.

Morcillok gaineratu du, hilketaren egilea bera izan arren aginduak jaso zituela, “derrigortu” egin zuela Rafael Masak hori egitera.

“7,5 milioi pezeta eman zizkidaten eta kopuru horretatik 2,5 eman behar izan nizkion Rafael López Ocañari. Hau da, bost milioi geratu zitzaizkidan” adierazi du mertzenario espainiarrak.

Bere esanetan, atentatua finantzatzeko Espainiako Barne Sailak jarritako diruaren kopuru bat bidean geratu zen. “Gero jakin nuen 25 milioi pezeta [150.000 euro] jarri zituztela Brouarden kontua egiteko, baina nik bost bakarrik eraman nituen”. Gainontzekoa Rafael Masak eraman zuela susmatzen du, El Mundoren arabera.

Morcillo 2003. urtean epaitu zuten Brouarden hilketagatik, José Amedo polizia ohiarekin, Rafael Masa Guardia Zibileko teniente koronelarekin eta Julian Sancristobal Espainiako Estatuko Segurtasun zuzendari ohiarekin batera. Denak absolbitu zituzten frogak falta zirela argudiatuta.

Soldatapeko hiltzaileak egin dituen adierazpenek ez diote ondorio judizialik ekarriko El Mundok dioenez, izan ere, Espainiako Konstituzioak jasotzen duen non bis in idem printzipioak ezartzen du pertsona bera ezin dela gertakari berdinagatik bitan epaitu.