Luberrik salatu du bertze behin Bilboko Konpartsetatik kanpo utzi dutela, eta sinadura bilketa abiatu du

  • Konpartsak adierazi du “sistematikoki” ukatu dietela Bilboko Aste Nagusian “normaltasunez” parte hartzeko eskubidea. Luberriko kideek nabarmendu dute hiriko ehunka gazte “jaietatik kanpo” utziko dituztela. Hortaz, bertze konpartsa batzuekin batera, egitarau propioa antolatu dute jaietarako.  

"Beto politikoa" salatzeko, Luberri konpartsaren agerraldia egin du asteartean, Bilboko Arriaga plazan. Luberri konpartsa

2026ko abuztuaren 19an - 10:16
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Luberri konpartsak salatu du laugarren urtez jarraian ezin izanen duela Bilboko Aste Nagusian “normaltasunez” parte hartu. 2023an egin zuten Bilboko Konpartsen Federazioan parte hartzeko lehen eskaria, baina orain arte federazioak ez die utzi txosna propioa edukitzen. Hortaz, “zentzugabetzat” jotzen duen egoera horri irtenbidea “behingoz” aurkitzea eskatu du asteartean, Bilboko Arriaga plazan.  

Halaber, ekintza berriak iragarri ditu Luberrik Bilboko Konpartsetan sartzea eskatzeko. Bertzeak bertze, sinadura bilketa abiatu dute, herritarren artean babesa biltzeko. Webgunearen bidez sinatzeko aukera izateaz gain, konpartsako kideek iragarri dute Aste Nagusiko jai eremuan hainbat gune jarriko dituztela. 

Luberriko kideen arabera, Bilboko Konpartsetako kide izateko “irizpide guztiak” betetzen ditu konpartsak, eta parte hartzeko aukera “sistematikoki” ukatzeak jai “ireki, plural eta parte hartzaileez” hitz egitea zailtzen du. Izan ere, Luberriren erranetan, erabaki horrek kolokan jartzen du Bilboko Konpartsen jatorrizko izaera. 

Mugimendu Sozialistarekin duten harremanarekin lotutako “beto politikoei” egozten die egoera Luberrik, eta ohartarazi du “Bilboko ehunka gazte konprometitu jaietatik kanpo” geratuko direla.

450 artistaren babesa

Luberrik nabarmendu du “gero eta babes handiagoa” duela, eta hainbat konpartsek elkartasuna adierazi diotela. Horrez gain, gogorarazi du ekainaren hasieran 450 kulturgilek baino gehiagok Luberriren parte hartzearen aldeko agiri bat sinatu zutela; hala nola, Eñaut Elorrietak, Pantxoa eta Peiok, Uxue Alberdik, Evaristok, Joseba Sarrionandiak, Toti Martinez de Lezeak, Itziar Ituñok eta Fermin Muguruzak.

Era berean, Bada Garaia, artistok denontzako jaien alde lelopean jaialdi bat egin zuten Bilboko Kafe Antzokian, eta Luberriren egoera salatzeaz gain, gaitzetsi zuten Gasteizko jaietan GKS Gazte Koordinakunde Sozialista eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista txosnetatik kanpo utzi izana. Bi hilabete geroago, ordea, egoerak bere horretan jarraitzen duela azpimarratu du Luberrik.

Egitarau propioa

Aste Nagusian eginen dituzten bertzelako egitasmoen berri ere eman dute Luberriko kideek agerraldian. Iganderako, Bada Garaia eguna antolatu dute, Luberrik Bilboko jaietan “bere espazioa izan behar duela” aldarrikatzeko. Arratsaldean Sembrando Kaos, 48280 eta Kalipotxo taldeen kontzertuak egonen dira, eta gauean DJ Salda Dago igoko da oholtzara. 

Abuztuaren 28an, berriz, Luberri Eguna ospatuko dute Askapeña konpartsan, eta herri bazkaria eta hainbat kontzertu antolatu dituzte egun horretarako. 


Herri mugimendua kanalean gehiago
2026ko irailaren 11
Inurri eguneko mahai-ingurua
Gorputz osasuntsuen izenean, indarkeria estetikoa

2026ko irailaren 2
Adriana Muñoz, Guatemalako Otrans erakundeko kidea
"Demokraziak emakume transak ahazten jarraitzen du"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...