argia.eus
INPRIMATU
2026ko maiatzaren 28a
Lore gorriak eta oroimen besarkada, Ategorrietan 1931n hildako langileei
  • 95 urte bete dira Guardia Zibilak zazpi lagun hil zituela Donostiako Ategorrietako erlojuan, euren lan eskubideen aldeko manifestazioan zioazela. Donostian zein Pasaian hainbat eitaldi egin dituzte instituzioek egunaren kari, eta Trintxerpeko liburutegian, historia hura berreskuratzeko sorturiko Ategorrietan Fisterra komiki liburuak herritarren harrera beroa jaso du.

Pasaiako Trintxerpeko alkateordetzaren eraikinean murala paratu dute, Ategorrietan 1931n hildakoen omenez. Gorka Peñagarikano / ARGIA CC-BY-SA

Camaradas perdidos no abrazo derradeiro... Hala dio Antón Aviles de Taramancosen poema batek, kamarada galduak azken besarkadan. Ezin hobekiago irudikatzen du Galiziatik Euskal Herrira lanera etorritakoen sentsazioa eta hemen aurkitu zutena 1931ko maiatz hartan: Pasaiako arrantzaleen greba. Orain, abesti hori Niña Coyote eta Chico Tornado, eta Bala taldeek musikatu eta indar bereziz entzun daiteke Ategorrietan Fisterra komikirako espresuki egindako biniloan.

Ategorrietako erloju parean Guardia Zibilak sarraskitu egin zituen. Orain, herritarren, eragileen eta instituzioen partetik loreak eta Aviles de Taramancosen poemak zioen "azken besarkada" jaso dituzte

Asteazken honetan bete dira 95 urte 1931ko maiatzaren 27an zazpi lagun hil eta dozenaka zauritu zituela; gehienak galiziarrak ziren. Pasaiako portutik irten ziren Donostiarantz manifestazioan 3.000 langile baino gehiago, euren lan baldintzak hobetzea eskatzeko, baina Loiolako soldaduek igarotzen utzi ondoren, aurrerago, Ategorrietako erloju parean Guardia Zibilak sarraskitu egin zituen. Orain, herritarren, eragileen eta instituzioen partetik loreak eta Aviles de Taramancosek zioen "azken besarkada" hura jaso dituzte.

Trintxerpen, ekitaldia eta murala

Asteazken eguerdian Trintxerpeko Alkateordetzako eraikinean hildakoen omenez iaz paratutako plakaren aurrean lore eskaintza eta ekitaldi instituzional ofiziala egin du Pasaiako Udalak. Bertan izan dira udala osatzen duten talde politikoetako ordezkariak, baita Donostiatik joandako zenbait ordezkari ere.

Pasaiako alkate Teo Alberrok gogorarazi du langile haiek "askatasuna, jana eta bizi baldintza duinak" aldarrikatzen zituztela, eta beraien memoria berreskuratzea ez dela soilik iraganari begiratzea: "Gaurko eta biharko belaunaldiei gertakariok transmititzea ere bada". 

Teo Alberro Pasaiako alkatea eta udal ordezkariak izan dira ekitaldi instituzionalean. Gorka Peñagarikano / ARGIA CC-BY-SA

1931n langileen manifestazioa inguru horretatik abiatu zen, eta hantxe irakurri dute udalbaltza osatzen duten EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta Ahal Duguko ordezkaritza politikoek elkarren artean adostutako adierazpen instituzionala. Hala, udalak konpromisoa hartu du gertakari haiek eta hildakoen oroimena "ohoratzeko eta gogoratzeko".

Adierazpena irakurri bitartean, Nora Gondat artista antxotarrak, Izar Materen laguntzarekin, gertakariaren inguruan egindako murala paratu du Alkateordetzako horman paste up teknikaren bidez: "Lehen aldi da halako zerbait egiten dudala, baina udalaren eskaintza jasota ezin nion ezetz esan, gaia oso gertukoa dudalako", azaldu dio artistak hedabide honi.

Ondoren, ordezkari politikoek, Trintxerpeko herritarrek, eta Fato Cultural Galego Daniel Castelao elkarteko kideek, lore bana jarri dute plakaren ondoan. 

Lore eskaintza eta argazki ofiziala. Gorka Peñagarikano / ARGIA CC-BY-SA

Ategorrietan ere, loreak

Urtero moduan, Ategorrietako erlojuan ere loreak ez dira falta izan urtemugaren egunean. Goizean, Donostiako Udaleko EH Bilduko ordezkarien eskutik omenaldi xumea jaso dute biktimek, sarraskia gertatu zen tokian bertan. Ondoren, Pasaiako ekitaldian izan dira.

Ez dira egunotan antolatutako ekitaldi bakarrak izan. Aurreko egunetan Fato C. Galego Daniel Castelaok, Ezker Anitza eta EPK alderdiek edo Kontseilu Sozialistak ere, nor bere aldetik omenaldiak egin dituzte Ategorrietan zein Trintxerpen.

Hildakoen senideak komikiaren aurkezpenean

Urteurren eguneko ekitaldi jendetsuena arratsaldean izan da, Trintxerpeko liburutegi ondoko areto nagusia herritarrez bete baita ARGIAk, Pasaiako Udalaren babesarekin argitaraturiko Ategorrietan Fisterra komiki liburuaren aurkezpenerako. Han izan dira Beñat Apalategi, Markel Ormazabal eta Lander Arbelitz komikiaren gidoigileak eta Malen Gainzarain ilustratzailea.

'Ategorrietan Fisterra' liburuaren egileekin solasean. Jon Torner / ARGIA CC-BY-SA
Trintxerpeko liburutegian herritar ugari bildu da komiki aurzkepenean. Jon Torner / ARGIA CC-BY-SA

Aurkezpenaren hasieran, Pasaiko Udaleko Kultura zinegotzi Laura Rek, Teo Alberro alkateak lagunduta, eskerrak eman dizkie egileei eta ARGIAri, liburuaren bidez orain arte ezezaguna zitzaigun 1931ko sarraskia eta bere testuingurua "zabaltzen lagundu" dutelako. 

Entzuleen artean duela 95 urte hildako langile baten senideak ere bazeuden. Hain zuzen, biktimetako bat izan zen Jose Novoren iloba, Cristina Novoren testigantza jasotzen du komikiak, eta honek ere hitza hartu du eta eskerrak eman ditu halakoak argitara ekartzeagatik: "Lan hau guztiz beharrezkoa zen".