LOMCE desobeditzeko gida

  • Espainiako Gobernua ezartzear den LOMCE legea ez aplikatzeko, puntuz puntu nola jokatu behar dute irakasle, ikasle, guraso eta ikastetxeek? Desobedientzia horrek zein ondorio ekar liezaieke? Nola egin aurre ondorio horiei? Zalantzak uxatzea helburu duen gida prestatu dute hainbat hezkuntza eragileren artean.


2014ko maiatzaren 06an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/wert.jpg

Ados dago hezkuntza komunitatea: ezagutza memoristikoan eta ikuspegi merkantilistan oinarrituriko curriculum espainiar elitista dakar LOMCE legeak, eta eredu horri kontra egitea da bidea. Horretarako, Gure Gida. LOMCEri aurre egin eta Euskal Herrian gure hezkuntza eraikitzeko liburuxka (pdf) prestatu dute ELA, LAB, STEE-EILAS, Sortzen Ikasbatuaz, Ikasle Abertzaleak, Hik Hasi, UEU eta Ikastolen Elkarteak, arlo pedagogiko eta juridikoan aditu direnen laguntzaz.

Desobedientziak batzuetan ez du zigor administratibo edo juridikorik, beste batzuetan ikastetxeetako langileei eragin diezaieke, eta hainbatetan baita ikasleei eurei ere. Zigorgabetasunetik balizko ondorio okerrenetaraino, hona gidak aztertu dituen kasu nagusiak eta proposatzen dituen neurriak.

http://www.argia.eus/fitx/bestelakoak/lomce-grafikoa.jpg

1) Gestioa, eskola komunitateak

Ikastetxearen funtzionamenduan eta zuzendariaren hautaketan pisu handiena organo gorenak du gaur egun, irakasle, ikasle, langile, guraso eta abarrek osatua. Organoaren erabakitze ahalmena aholkularitzara mugatu nahi du lege berriak, boterea zuzendariarengan kontzentratu, eta zuzendaria aukeratzeko orduan organoak duen garrantzia ezabatu. Era berean, molde jakin bateko hezkuntza pribatua ere lagunduko du dekretuak (sexu bereizketa egiten duena, euskara oinarri ez duena…), horien kontzertazioa  erraztuz eta diru-laguntzak jaso ditzatela ahalbidetuz.

Gidak proposatzen du ikastetxeek bermatu dezatela eskola komunitateko ordezkari guztien parte-hartzea eta erabakitze ahalmena, funtzionamendu eta kudeaketa demokratikoa ziurtatuz. Administrazioek ikuskariak bidal ditzakete legea betetzen ari ote den segurtatzeko, baina zigor aldetik “printzipioz ez du inolako ondoriorik”, diote adituek.

2) Euskara ardatz

Gaztelania hezkuntza ibilbidearen oinarrizko hizkuntza izan dadila agintzen du LOMCEk, murgiltze ereduak edota euskara oinarrizko hizkuntza izatea debekatuz. Gidak dio, ordea, euskara hizkuntza-ardatza izateko konpromisoa hartu behar dutela eskoletan, bai ikasgelan, bai gainerako eremuetan ere, ikasle euskaldun eleanitzak hezteko. Estrategia honek ere ez luke ondorio administratibo edo legalik.

3) Ikasleen banaketa goiztiarrari uko

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailan, ikasle “onak” eta “txarrak” banatzera bultzatzen du PPren ereduak, unibertsitatera joango direnak eta Lanbide Heziketara doazenak bereizteko (ibilbide osoan sustatzen du legeak bereizketa akademikoa, ebaluaketen bidez batzuk baztertuz eta diskriminatuz). Oinarrizko Lanbide Heziketa deiturikoak ere, emaitza akademiko jakin bat lortzen ez duten 15-17 urteko ikasleak bertan integratzea eta ibilbide orokorretik ateratzea (eta bide batez, eskola porrota eta nota txarrak ezkutatzea) du helburu.

Ikasleen arteko sailkatzea eta mailakatzea saihesteko, eta aukera berdintasuna bermatzeko, ikastetxeetan banaketa goiztiarrik ez egitea, gurasoek seme-alaben banaketa hori ez baimentzea eta Oinarrizko Lanbide Heziketa salbuespenezko aukeratzat hartzea eskatzen du gidak. Ondoriorik ez dute aurreikusten adituek.

4) Ikastetxeetako emaitzak publiko ez egitea

Ibilbide osoan zehar ikasleek egiten dituzten –eta Espainiako Gobernuak zehazten dituen– azterketetako emaitzak publiko egitera behartzen du LOMCEk. Lehenengo eta bigarren mailako ikastetxeak sortuko ditu zerrenda horrek, elitismoa eta lehia oinarri. Ranking horren arabera jasoko dituzte ikastetxeek diru-laguntza eta baliabideak, zentro “onenak” sarituz eta emaitza okerrenak ateratzen dituztenak baztertuz, ahulduz eta zigortuz. Ikastetxeen desoreka hori areagotzeko, besteak beste zentroko plazen %20 espediente onena duten ikasleentzat erreserbatzeko aukera ematen du legeak. Txostenak neurri horiei guztiei uko egitera animatzen ditu erkidegoetako gobernu eta ikastetxeetako zuzendaritzak. Administrazioak ikuskariak bidal ditzakeela eta ikastetxeko zuzendaritzari espedientea ireki diezaioketela ohartarazten dute, “agian, inhabilitazioa eskatzeraino”.

Horregatik, “neurri honek benetako eraginkortasuna izan dezan, ikastetxeen artean diskriminazioa eta konpetentzia ez sortzeko, eta administrazioek ikastetxe eta zuzendaritza gutxi batzuen aurka jo ez dezaten, funtsezkoa da eskualde ezberdinetan zabalduta egotea eta ikastetxe eta zuzendaritza kopuru dezente baten konpromiso irmoa lortzea”. Hots, zenbat eta babes eta mobilizazio handiagoa lortu, orduan eta zailagoa litzateke arau-haustea zigortzea: “Langile, ikasle eta familia ugarik eta ikastetxe askotan edo gehienetan aurrera eramaten bada, arazoa administrazioek izango dute, arazo handiak sortuko bailizkieke milaka langile zigortzeak”.

5) Ikasgai jakinei muzin egitea

Educación cívica y constitucional bezalako ikasgaien bidez, ikuspegi espainiar zentralista txertatu du LOMCEk curriculumean, baita balio atzerakoi eta merkantilistetan erroturiko doktrinamendua. Halakoak, “modu berezian, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan zeharka lantzea arautzen da”. Ikasgai horiek ez ematea da liburuxkak irakasleei egiten dien deia. Ez direnez ikasgai tronkal edo ardatzak, Espainiak ezarritako kanpo-azterketetan ez dira sartzen eta beraz eduki hauek ez jasotzeak ez du ondorio akademikorik ikasleengan. Dena den, aurreko puntuko eragin berdina du ikasgai hauei muzin egiteak: administrazioak ikuskaria bidaliz gero, ikastetxeko zuzendari eta irakasleei espedientea ireki liezaieke. Irtenbidea? Aurreko atalekoa; funtsean, indarrak batzea.

6) Curriculum espainiarra arbuiatzea

LOMCE ereduan, ikasgai ardatzak Espainiako Gobernuaren esku daude (eta gaitasunetan baino gehiago, memorizatu beharreko edukietan oinarrituak). Horien eta kanpo-ebaluazioen bidez, ikastetxeetan jorratuko den curriculumaren erabateko kontrola lortu nahi dute. Horren ordez, Euskal Herriko errealitatea (linguistikoa, kulturala, soziala, geografikoa, politikoa…) eta gaitasunen garapena kontuan hartuko dituen pedagogia eta curriculum propioa lantzea da alternatiba.

Ondorioak bi norabidetan joan litezke. Batetik, zuzendari eta ikasleei espedientea ireki liezaiekete, aurreko ataletan ikusi moduan. Bestetik, gazteek eduki horiek ikasten ez badituzte, Lehen Hezkuntzan ez luke ondorio zuzenik, baina Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan gainditu behar dituzten kanpo-azterketetan huts egingo lukete eta titulu ofizialik gabe geratzeko arriskua egongo litzateke. Horregatik, berriz ere, estrategia modu zabalean antolatzea ezinbestekoa dela errepikatzen dute gidan. Irakasle, ikasle, guraso eta langile guztiak inplikatzen badira, “belaunaldi oso bati ukatuko diote titulazioa? Administrazioaren gain geratuko litzateke erantzukizuna”, dio Marian Viadero STEE-EILASeko kide eta gidaren egileetako batek.

7) Kanpo-ebaluaketetara ez aurkeztea

Ikastetxe kanpotik agindutako lau azterketa aurreikusten ditu LOMCEk. Lehen Hezkuntzan, bi egingo dituzte: bata 3. mailan, ikastetxeen esku, eta bestea 6. mailan, Espainiako Gobernuak ezarritako edukien inguruan eta ikastetxetik kanpoko irakasleek zuzendua. Emaitzak diagnostiko eta orientazio moduan erabiltzeko direnez, ez egiteak ez lieke eragingo ikasleei. Bigarren Hezkuntzako 4. mailan eta Batxilergoko 2. mailan egin beharreko etsaminak aldiz –hauek ere Gobernu espainiarrak finkatutako edukiez eta kanpoko irakasleek zuzenduak–, gainditu egin beharko lituzkete ikasleek, DBHko graduatu titulua eta Batxilergokoa eskuratzeko. Hortaz, beste behin, langileak espedientatzeko eta ikasleak titulu ofizialik gabe uzteko arriskua legoke. Eta beste behin, gakoa da ebaluaketa hauetan parte ez hartzea eta “besteak beste, egun horretan aldarrikapen festa orokor bat” antolatuz erantzuna ahalik eta zabalena izatea. Finean, “atxikimendua ahalik eta handiena izateak emango dio arrakasta gidako neurriak gauzatu ahal izateari, eta horrek egingo ditu benetan eraginkor”, azaldu digu Viaderok.

Atxikimendu hori lortu nahian, aste honetan bertan gida aurkeztu ondoren eta hezkuntza eragile guztien ekarpen, gogoeta eta iruzkinak jaso ostean, ikastetxez ikastetxe liburuxka azaltzea dute xede. “Zabaltzea da asmoa, denona egitea, ikastetxe guztien tresna izan dadin”. Desobedientziaren aldeko aldarri horretan, gainera, eragile ugari biltzen dituen Hezkuntza Plataformen Topagunea dute lagun (baita beste hainbat ere).

Hezkuntza komunitatearekin batera, patronalen, sindikatuen, herri mugimenduen, udalen, Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuaren babesa eskatzen dute gidaren egileek, erakunde bakoitzak dituen ahalmen eta eskumenen bidez eragiteko. Eta bereziki, atal guztietan Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari zuzentzen zaizkie, LOMCEren eskariak ez ditzaten aplikatu, eta LOMCEri uko egiten dietenen aurkako kontrol eta zigor neurriak har ez ditzaten.

 

LOMCEri ez, euskal curriculumari bai

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/azken.jpg Espainiatik datorren lege dekretua desobeditzeko jarraibideez gain, eragileek Euskal Herrirako nahi duten hezkuntza eredua ere zehazten du gidak, hainbat puntutan ardaztua: eredu deszentralizatua eta zentroen autonomia bultzatuko duena (antolaketan, ekonomian, ebaluazioan…); ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituena; kritikotasuna jorratuko duena; pedagogia berritzaileetan eta euskal curriculumean oinarritua (gaitasunak landuz pertsona gisa garapen integrala lortzeko eta euskal herritar gisa bere nortasuna eraikitzeko); aukera berdintasuna eta eskola inklusiboa bermatuko dituena; hezkidetza xede duena; parte-hartzailea eta demokratikoa; laikoa; bizi arteko ikasketak bultzatuko dituena; eta elkarbizitza eta lankidetza lagun dituena. “Kalitatezko eskolaz ari gara, ikasle bakoitzak bere gaitasun, potentzialtasun eta aukerak ahal bezainbeste garatzen dituenean”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LOMCE legea
Batxilergoko bost modalitate ezarriko ditu Lomloe lege berriak datorren ikasturtean

Espainiako Gobernuak abenduan onartu zuen hezkuntza lege berria, eta 2022-2023 ikasturtean aplikatuko da bigarren hezkuntzako eta batxilergoko maila bakoitietan. DBHn, hautazko ikasgai gehiago eskainiko dira, eta batxilergoan, arteari lotutako bi modalitate eta beste modalitate... [+]


LOMLOE, trileroen jokoa

"... hezkuntzako gastu publikoa barne-produktu gordinaren gutxienez ehuneko 5 handitzea..." Alderdi sozialistak erabili ohi duen eta LOE aldatzeko Lege Organikoaren Proiektuan jasotako dialektika tranpati horren beste esaldi bat da. STEILASentzat, hezkuntzan inbertsio... [+]


2020-11-06 | ARGIA
Lomce legearen ordezkoak ez ditu diruz lagunduko ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeak

LOMLOEn, LOMCE ordezkatuko duen legean, zuzenketa bat onartu du Espainiako Kongresuak: diru laguntzarik ez ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeentzat. Neurriak EAEko eta Nafarroako hainbat ikastetxetan izango du eragina, baina horietako batzuek... [+]


LOMCE indargabetuko duen Hezkuntza Legeari argi berdea eman dio Espainiako Gobernuak

Hego Euskal Herriko ikastetxeetan eragingo duen Hezkuntza Legea onartu du Espainiako ministroen kontseiluak. Bertan behera geratuko dira LOMCEk ezarri zituen errebalida polemikoak eta ibilbide espezializatuak, eta Erlijioa ez da notarako izango, besteak beste.


Bizi ala iraun?

“Esan gezur bat mila aldiz. Errepikatu hitzez hitz. Handik gutxira ikusi, egia bihurtzen. Haien ahotan ikusi, egia bihurtzen.” Horixe abesten du Gorka Urbizuk Berri Txarrak taldearen kontzertuetan. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin gertatzen ari denaren... [+]


Eguneraketa berriak daude