Gogoratzen maiatzean Loiuko aireportuan Ertzaintzak Flotillako kideei eginiko ongietorri beroa? Mundu osoan zabaldu ziren irudiak, nazioarteko beste hamaika aireportutako besarkadekin kontraste latzean. Euskal herritar horiei emandako jipoiaren ondoren, lau atxilotu zituzten, eta gainera epaitu egingo dituzte, desordena publikoak egotzita. Hamalau polizia zauritu zirela adierazi zuen Bingen Zupiria Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, eta zortzik aldi baterako baja hartu zutela.
Palestinaren aldeko ekintzaileak izango dira akusatuen aulkian eseriko dituztenak; ertzainek kaltetuen aulkitik deklaratuko dute, lesioak salatu dituztelako. EH Bilduk eta Sumarrek eskatu arren, ez du lesio horiei buruzko informazio zehatzagorik ematen Zupiriak.
ARGIAk, baina, polizien mediku txostenak eskuratu ditu eta aste honetako aldizkarian argitaratu du bertako edukia esklusiban, Leire Artola kazetariaren eskutik. Azal honetan, ertzainek “zauriez” diotenaren laburpena.
Loiun 13:50ean hasi zen flotillakideen aurkako erasoa eta 14:30erako atxilotuta zituzten lau kide. Pertsona horiek komisarian edo osasun zentroan zeuden bitartean, Mutualiako kontsultara joan ziren operatiboko ia ertzain guztiak, eta 16:00etatik 18:20 bitartean mediku beraren kontsultatik pasatu ziren, banaka-banaka, beren minak kontatzera eta txostenetan jasota uztera: behatz lodiko mina, sorbaldakoa, lunbaljia, eskumuturreko mina... Informazio gehiago hurrengo astekarian.
Honakoa moduko esklusibak proiektua ekonomikoki babesten duten milaka kideei esker eman ditzakegu. Oraindik ez baduzu pausoa eman, eta kazetaritza independentea bultza (eta aldizkaria etxean jaso) nahi baduzu, ARGIAko kide egitera animatu nahi zaitugu. Urtez urte hazten ari den komunitatea da gurea, eta zenbat eta gehiago izan, orduan eta baliabide gehiago izango dugu bertsio ofizialak zalantzan jarri eta ikerketari denbora eskaintzeko.