Loiuko aireportuan (Bizkaia) Global Sumud Flotillako kideen eta haien zain zeuden lagunen aurka kargatu izanak kritika ugari eragin du Ertzaintzaren jokabideaz. Hainbat eragile eta alderdi politikok gogor gaitzetsi dute gertatutakoa, eta EAEko polizia ereduaren gainean eztabaidatu beharra dagoela nabarmendu. Era berean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari erantzukizunak hartzeko eskatu diote. Loiun gertatutakoaren harira, erantzukizuna bere gain hartzearekin bat, Zupiriak adierazi du "sentitzen" duela, "gertatutakoa ez zelako gertatu behar". Halaber, "bultzadak eta probokazioak" arbuiatu ditu.
Larunbata Ertzaintzarentzat "egun konplikatua" izan zela adierazi du Bingen Zupiriak, errugbi partida zegoelako Bilbon, azpiegitura handien kontrako manifestazioa zein Alaves futbol taldeari harrera Gasteizen, eta Global Sumud Flotillako kideen etorrera Loiuko aireportura. Bere hitzetan, gertaera guztiei behar bezala erantzutea zaildu zuen horrek. Loiun gertatutakoaren harira, esan du "sentitzen" duela: "Batez ere sentitzen dugu gertatutakoa ez zelako gertatu behar". Azaldu du aireportuko arduradunekin hitz egin zuela Ertzaintzak, baita flotillako kideekin ere, "baina gaizki-ulertu eta bultzaden ondoren, gertatu behar ez zena gertatu zen". Zupiriak gaineratu du gertatutakoak erakutsi duela "zenbait momentutan gure herrian zailtasunak ditugula egoerak eta istiluak modu baketsuan bideratzeko".
"Segurtasun Sailaren arduradun nagusi bezala, erantzukizuna nire gain hartzen dut", adierazi du, eta agindu gertatutakoa ikertuko duela, bai Ertzaintzaren jokabidea, baita aireportuan bildutako pertsona batzuena ere, "bultzadek eta probokazioek" eragin zutelako liskarra.
Bestalde, hedabideek zabaldutako argazki eta bideoek Ertzaintzaren irudia zikindu dezaketela-eta "kezka" agertu du, Ertzaintza denean euskal gizartean "konfiantza handienetarikoa" sortzen duen erakundea. Kezka agertu du gertatutakoak zerikusia duelako palestinarrek bizi duten egoerarekin eta "Israelen jokabide genozidarekin", eta horrek "gure herriaren" irudia kaltetu dezakeelako.
EH Bildu: "Isralek bahitutako pertsonak kolpatu eta atxilotzea ez da onargarria"
EH Bilduk "irmoki" salatu du Ertzaintza Global Sumud Flotillako kideen eta haiei elkartasuna adieraztera Loiuko aireportura gerturatutako herritarren aurka "gogor oldartu izana". Koalizioaren hitzetan, "elkartasunaren eta giza eskubideen defentsaren ikur den flotillaren aurkako bortizkeriak ez du inolako justifikaziorik; Isralek bahitutako pertsonak Euskal Herrira ailegatzean kolpatu eta atxilotzea ez da onargarria". Bestalde, jakinarazi du Bingen Zupiria Segurtasun sailburuaren premiazko agerraldia eskatuko duela Eusko Legebiltzarrean.
EHko bozeramaile Pello Otxandianok sare sozialen bidez zabaldutako oharrean adierazi du Loiun gertatutakoa "lotsagarria" dela, baita nazioartean ere, eta ez du ihesbiderik ezta aitzakiarik onartzen: "ez zen inolako probokaziorik egon, eta gertatutakoa erabat onartezina da". "Mugarri baten aurrean gaude", dio, "larunbatekoak agerian utzi du polizia ereduarekin arazo larria dagoela". Otxandianoren hitzetan, "erantzukizunak onartzeak berekin ekarri beharko luke presazko neurriak hartzea; arazoa ukatzetik arazoa aitortzera pasa behar da Eusko Jaurlaritza".
EHKS: "Eusko jaurlaritza sionismoaren konplize bezala aritu da"
"Ertzaintzaren jarrera gogor salatzen dugu", adierazi du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS). "Eusko Jaurlaritza sionismoaren konplize bezala aritu da". Nabarmendu dute lau ekintzaile atxilotu eta beste hainbat jipoitu dituztela: "Aurrez sionisten partetik torturak jasan dituzte. Eta hori guztia Flotillako kideak Loiuko Aireportuan giro baketsuan harrera jasotzen ari ziren bitartean gertatu da".
"Nahikoa da Ertzaintza behin eta berriz biktima bezala aurkezteaz, denok dakigunean sistematikoki gehiegikeriaz aritzen den talde bakarra dela", gaineratu du, eta jarraitu: "Jakinekoak dira Ertzaintzaren eta Israelgo Mossad erakundearen arteko loturak. Ertzaintzak eta Segurtasun Sailak Israelen jarraitzaile lanak egin dituzte. Poliziaren inpunitatearekin amaitzeko garaia da".
Francesca Albanesek (NBE) Ertzaintzaren jokabide "lotsagarria" arbuiatu du
Francesca Albanese NBE Nazio Batuen Erakundearen Palestinarako kontalari berezia ere haserre mintzatu da. "Zer lotsa!", idatzi du sare sozialetan, "Ertzaintza euskal poliziaren" jokabideaz. Lotsa, "basakeriaz tratatu dituztelako Israelek bahitu, legez kanpo atxilotu eta tratu txarrak eman ostean etxera bueltatzen ziren flotillako kideak". Arduradunek erantzukizunak hartu behar dituztela dio, eta bukatu du: "Geure gizarteen israelizazioaren aurrean eutsi behar dugu".
Bestalde, Israelgo Atzerri ministro Gideon Saar ironiaz mintzatu da, Espainiako presidente Pedro Sánchezi zuzenduta: "Israel zikintzeko munduko txapelketa antolatuko balute, sari nagusia Espainiak aise irabaziko luke, ziur. Baina istiluak norberaren etxean gertatzen direnean... Entzun al duzue zerbait? Kilkerrak. Hipokresia sinesgaitza".
Sumar: "Palestinarekiko elkartasuna zapaltzea erabaki politikoa da"
Suma Mugimenduak ere "Palestinarekiko elkartasunaren aurkako polizia-errepresioa" salatu du: "Onartezina da Israelgo Estatu genozidak jazarri, atxiki eta bortxatutako pertsonak Euskadin jasotzea kargak, identifikazioak eta atxiloketak eginez". Alderdiaren arabera, "irudiek eta testigantzek agerian uzten dute poliziaren neurrigabeko esku-hartzea".
"Ertzaintzaren jarduera ezin da kasu isolatutzat hartu", dio: "Espazio publikoaren kudeaketa demokratikoarekin, protestarako eskubidearekin eta elkartasun internazionalistarekin bat egiten ez duen neurriz kanpoko erantzuna da". Alderdiaren hitzetan, "Palestinarekiko elkartasuna zapaltzea ez da ordena publikoko kontua, erabaki politikoa da". EH Bilduk bezala, jakinarazi du Segurtasun sailburuaren agerraldi-eskaera erregistratuko duela Eusko Legebiltzarrean.