Logelak berralokatzen dituen enpresa batek Judimendiko bulegoa itxi du, auzo elkartearen salaketa tarteko

  • Judimendi auzoko (Gasteiz) hainbat elkartek salaketa jarri zuten "Elige tu cama" negozioaren aurka, eta otsailaren 27an Gasteizko Udaltzaingoak enpresak auzoan zuen bulegoa zigilatu zuen. Auzo elkartearen ustez, “garaipen txiki bat” izan da, enpresa espekulatzaileei aurre egiteko.


2026ko martxoaren 2an - 11:14
Azken eguneraketa: 14:14
Judimendi auzoan (Gasteiz) emantzipatu eta bizitzeko eskubidearen aldeko manifestazioa, 2022ko ekainean. Hala Bedi.
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Elige tu cama enpresaren egoitza ez dute itxi jarduera ilegala zuelako, legala baita etxebizitza bat gelaka berralokatzea. Baldintza teknikoak ez zituen betetzen negozioak eta Gasteizko Udalak zigilatu egin du. Auzo elkarteak badaki haien lanaren ondorioz lortutako emaitza “garaipen txiki bat” dela, bai baitakite enpresak ez dituela ateak itxi eta etxebizitzak gelaka berralokatzen jarraituko duela. Hiruzpalau urte dira Gasteizen diharduela eta Judimendi auzoan zabaltzeko asmoa zuen. Bulegoa ixtea lortuta, enpresak auzoan ikusgarritasuna galduko duela uste du auzo elkarteak.

Auzoko eragileen kanpainari esker

Batutak (Judimendiko Elkartasun Sarea), Sumendi elkarteak, Judimendiko Gazte Asanbladak eta Ernai Judimendik egin zuten salaketa. Urtarrilean, prentsa-oharrean azaldu zutenez, Elige tu cama moduko enpresek etxejabeen segurtasun ezaren eta etxeak okupatzeko arriskuaren “diskurtso oportunistak” erabiltzen dituzte, sare sozialak eta mezu sentsazionalistak baliatuta. Etxejabeei maizterrekin bitartekaritza lanak egitea eskaintzen diete, jabeei segurtasuna eskainita, eta enpresak, trukean, "irabaziak lortzen ditu”.

Eragileek enpresak etxebizitzen kudeaketaren arduradun egitearen ondorioak zerrendatu dituzte: gelakako kontratuak (500 eurora irits daitezkeenak), klausula itogarriak, zorroztasuna ordainketen epeetan, fidantzen kudeaketa inpertsonala eta gehiegizkoa, legez kanpoko etxegabetze saiakerak, eta horien legitimitatea ohiko praktika bihurtzea.

Praktika horien ondorioz, alokairuen prezioak igotzen direla salatu dute eta etxebizitza eskuragarrien kopurua murriztu egiten dela.

Etxebizitza arazo larria auzoan

Judimendi auzoan etxebizitzaren arazoa ez da berria. Aspalditik bizi duten egoera deskribatu dute eragileek: gazteak gurasoen etxetik atera ezinda dabiltza, alokairuen prezioak ordainezinak dira, alokatzerakoan pertsona arrazializatuek gero eta oztopo gehiago dituzte, etxebizitza erostea ia ezinezkoa da. Gogorarazi dute auzokideen bizitzak “gero eta prekarioagoak” direla, eta halako negozioek “hori sustatu baino ez dutela egiten”. Gehitu dute ez dutela haien “miseria handituko duen negozio espekulatzailerik nahi” euren auzoan.


Higiezinen espekulazioa kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 20
Lurraldea eta arkitektura
Etxe bizitza

2024ko azaroaren 6
Lurraldea eta arkitektura
Oinordetzan

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...