Jaka Horien mugimendua berrabiatuko dute larunbatean, lizeotarren protestei lotuta

  • Baionan, Hendaian (Lapurdi) eta Miarritzen (Lapurdi) eginen dituzte manifestazioak larunbatean 14:00etan, eta bestelako blokeoak ere dituzte aurreikusita goizean goizetik hasita. Ikasleei eta orokorki herritar guztiei egin diete mobilizaziorako deia.


2026ko urriaren 15 - 07:00
Julien Muguet / Le Monde
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Egunez egun hitzordu berriak gehitzen ari dira mobilizazioen berri emateko Jaka Horiek sortu berri duten mapan. Ipar Euskal Herriari dagokionez, oraingoz Baionan, Hendaian (Lapurdi) eta Miarritzen (Lapurdi) eginen dituzte manifestazioak larunbatean 14:00etan, eta bestelako blokeoak ere dituzte aurreikusita goizean goizetik hasita.

Errepideetako itzulguneetan 2018ko azaroan sorturiko herritar mobilizazioa azkartuz joan zen astez aste eta azken urteetako mobilizazio sozial jendetsuena osatu. Paretik, Frantziako Poliziaren errepresioa ere azken urteetako bortitzena izan zen eta orotara urte batez 2.500 kolpatu eta 12.000 atxilotu eragin zituen manifestarien artean. Aberastasunen banaketa bidegabekoak hor segitzen duelakoan, karrikak hartzeko beharra sentitzen dute duela zortzi urte mobilizaturiko batzuek. Lizeoetako ikasleen mugimenduari batu nahi zaizkie: "Oraingoan, TikTok batetik abiatu da deia. 2018an hamar urte zituen belaunaldia hazi egin da biribilguneetako irudiekin. Irailaren 21ean, Créteilgo lizeoko ikasleek institutua blokeatu zuten. Bi aste geroago, herrialde osoa zetorren atzetik. Urriaren 6an 450.000 ginen kalean. Klaseak 35 ikaslerekin, irakasleak eskas, Parcoursup plataforma, ikasle laguntzak jaitsita, langabezia: anitzek oraindik ez dute bozkatzeko eskubiderik, beraz, karrikak hartzen ditugu".

Ikasleekin batera, herritar guztiei zuzentzen zaizkie beraien deialdian: laborariak, su-hiltzaileak, langileak, zerbitzu publikoko funtzionarioak, klimaren aldeko aktibistak zein banlieue edo langileria auzoetakoak, erretretadunak, langabezian direnak, pertsona desgaituak, prekarioak–. "Kexu horiek guztiek oinarri bera" dutela erranda, larunbatean kaleak hartzeko deia luzatu diete Jaka Horiek.

Ikasleei dagokienez ostiralean sartuko dira oporretara eta ikustekoa izanen da zer-nolako eragina izanen duen bi asteko moztura horrek beraien mobilizazioan. Astearte goizean ehundaka ikasle atera ziren Baionako karriketara eta protestek segitu zuten arratsaldez, langile sindikatuen deiari erantzunda.


Jaka Horien mugimendua kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.