Ikasleen eta langileen intersindikalek deitu dute datorren astearterako. Frantzian bezala, Baionan deialdi bera egin dute eta mobilizazio bateratua izango da. Frantziako lehen ministroak iragarri du “urgentziazko plan” bat aurkeztuko dutela “datozen ordu edo egunetan”, irakasle eskasiaren gaiaren harira.
Ikasleek eta sindikatuek bat egin dute urriaren 13rako “greba egun handia” deitzeko. Frantziako Hezkuntza Ministerioari egiten dioten eskakizun oinarrizkoa zera da: irakasle eskasiari erantzutea. Irail hondarrean ikas-baldintzen hobekuntzen eskaeratik abiatu zen mugimenduak, ordea, beste proportzio bat hartu du azken egunetan, eta hasierako aldarrikapenei beste hainbat batu zaizkie: askotariko murrizketak hezkuntzan, kulturan eta arlo sozialean, inbertsio masiboak armagintzan, eta Poliziaren bortizkeriaren inpunitatea, besteak beste. Ipar Euskal Herriari dagokionez, beste salaketa batzuk ere egin dituzte ikasleek. Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle asanbladak hainbat puntu nabarmendu ditu: irakasle postuak urtero arriskuan direla edota baxoa frantsesez pasa behar dutela, besteak beste.
Ikasleen eskariak ase nahian, Sébastien Lecornu Frantziako lehen ministroak iragarri du Eddouard Geffray Hezkuntza ministroak “urgentziazko plan” bat aurkeztuko duela “datozen ordu edo egunetan”.
Barne ministroak ez du Poliziak Baionan kolpatutako gaztearen berririk
Colette Capdevielle bosgarren hautesbarrutiko diputatuak hainbat galdera egin dizkio Asanblea Nazionalean Laurent Nuñez Frantziako Barne ministroari. Batetik, Baionako Bernat Etxepare Lizeoko 15 urteko ikasle batek euskaraz aritzeagatik Poliziak kolpatu izana salatu du polizia-etxean eta horren inguruan galdera egin dio ministroari. Hark erantzun du ez daukala “horren berririk” eta “arreta jarriko duela”.
Bestetik, lizeo atarietan protestak egiteko eskubideaz prefeturei zein irizpide eman dizkien galdetu dio, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak debekatu egin baitzituen mobilizazioak, eta ondoren, Paueko Administrazio Auzitegiak bestelako ebazpena egin zuen, alegia, debekua “ez dela beharrezkoa ezta proportzionatua ere”. Barne ministroak erantzun dio itxita zeuden ikastetxe atarietan mobilizazioak saihestea zela helburua. Capdeviellek ikasleek “modu baketsuan manifestatzeko daukaten eskubidea defendatzea beharrezkoa” dela erantzun dio.
Protestak hasi direnetik, Poliziak bortizkeria handiz esku hartu du bai Ipar Euskal Herrian bai Frantzian. Frantziako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, 600dik gora lizeo osorik edo partzialki itxita daude eta 6.600 pertsona atxilotu ditu Poliziak, ehunka dira zaurituak. Amnesty International erakundeak, adibidez, salatu du erantzun "neurrigabea" ematen ari direla eta Polizia aparatuek adingabeen kontrako bortizkeria "ilegala" darabiltela.