Lizeoetako blokeoak: mobilizazio eguna Ipar Euskal Herrian eta Frantzian

  • Etxepare lizeoko hiru ikasle Baionako suprefetarekin elkartu dira astelehenean, beren kexak adierazteko. Aldarrikapenetaz haratago, Poliziaren bortizkeria izan da aipagai nagusi. Mobilizazioa espero da astearte honetako deialdi orokorrean, Frantziako Estatu osoan, baita Baionan ere.


2026ko urriaren 6a - 09:39
Azken eguneraketa: 2026-10-09 09:28
Astearte goiz huntako manifestaldia Baionan Euskal Irratiak
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Lizeoetako blokatzeen harira, manifestaldia egin dute Baionako Etxepare lizeoko ikasleek astelehenean, ikastetxetik suprefeturara; astearte arratsaldean ere egingo dute, 17:30ean. Asteleheneko bilkuran, Mathieu Duhamel supefretarerekin biltzeko aukera ukan dute, 25 minutuko bilkura batean, eta hainbat kezka eta aldarri helarazi dizkiote: ordutegien antolaketa eskasa, irakasle postuen murrizketa edota baxoa frantsesez pasa beharra, besteak beste. Supfrefetak sortutako liskarrak eta desmasiak aipatu ditu, eta ikasleen arabera, "Poliziaren diskriminazioa eta egiteko moldeak arrunt ukatu ditu". Suprefetak ez badu engaiamendu zehatzik hartu ere, eskazkizunak Simon Fetet prefetari heleraziko zizkiola hitzeman die ikasleei. 

Astelehena mugimendutsua izan da Frantziar Estatu osoan, 600 bat lizeo partez edo osorik hetsirik izan dira eta hainbat manifestaldi eta protesta antolatu dituzte. Mugimenduaren hasieratik, 5.000 atxilotutik gora zenbatu dira, eta Poliziak bortizkeria handiz esku hartu du. Astelehenean, 15 urteko gazte batek eskua galdu du granada baten tiroaren ondorioz, eta jada hamarnaka dira Poliziak larriki zauritu dituen gazteak. Amnesty International bezalako erakundeek erantzun "disproporzionatu" bat salatzen dute, argudiatuta Polizia aparatuek adingabeen kontrako bortizkeria "ilegala" erabiltzen dutela. Poliziaren IGPN erakundeak hainbat inkesta abiatu ditu jadanik, baimenduak ez diren hainbat indar-erabilera aztertzeko helburuarekin.

Astearte honetan, mobilizazio orokorrera deitu du ikasle mugimenduak, eta hari batu zaizko hainbat sindikatu, alderdi poltiko eta mugimendu ere. Frantziako hiri handi guzietan espero dira manifestaldiak, eta Parisen hamarnaka mila lagun elkartzekoak dira ikasle mugimenduak hasitako protestari segida emateko. Dispositibo poliziala ere garrantzitsua izanen da, soilik Parisen 2.000 agente mobilizatuak izanen direlako. Ikas-baldintzen hobekuntzen eskaeretik abiatu den mugimenduak beste proporzio bat hartu du azken egunetan, eta hasierako aldarrikapenei beste hainbat batu zaizkie: askotariko murrizketak hezkuntzan, kulturan eta sozialean, inbertsio masiboak armagintzan, poliziaren bortizkeriaren inpunitatea... Frantziako Senatua bere aldetik, protesten ondorioz sortzen diren kalte-materialak protestan zegoen edozein pertsonari ordainarazteko lege berri bat lantzen ari da, eskuineko alderdi gehienen eta gobernuaren sustenguarekin.

Prefetak lizeoetako blokeoen harira antolaturiko protesta guztiak debekatu ditu, baina ikasle mugimenduak bere hitzorduak mantentzea erabaki du. Baionan, astearte honetako lehen mobilizazioa 10:30ean izan da, eta hainbat lizeotako eta baita fakultateko 800 bat ikaslek osatu dute manifestaldia. 17:30ean abiatuko da manifestaldi nagusia hala ere, herriko etxe aitzinetik. Mobilizaziora batzeko deia egin dute LAB, CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek.

 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.