“Lizarrako UPNk bere makineria guztia jarri du martxan txosnak desager daitezen”

  • Lizarrako jaiak heltzear, berpiztu egin da txosnen aldeko borroka, baita UPNren udal gobernuarekin duten konfrontazio handia ere. “Lizarra oso tentsionatuta egotea ekarri du udal gobernuaren jarrerak, baina txosnekiko babesa handia da”, kontatu dio ARGIAri Iker Urtasun Festagiro kolektiboko kideak.

Jendetza batu zen iaz, txosnen aldeko mobilizaziora. I. Urtasunek utzia

2026ko uztailaren 15ean - 07:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

30 urte dira Festagirok Lizarran txosnak lehen aldiz antolatu zituela, haur eta gazteentzako atrakzio edo barraken ondoan. Zein da, baina, gaur egungo egoera?

UPNk txosnak hor jartzeko ezarritako debekua dela-eta, aurreko bi urteetan ezin izan dugu txosnarik muntatu eta badirudi aurten ere ez ditugula izango, nahiz eta azken unera arte saiatuko garen. Urteotan bilerak izan ditugu udal gobernuarekin eta aurten ere instantzia bidali genuen urtarrilean, bilera eskatzen, baina ekaina amaiera arte ez digute hitzordua eman, ez dutelako gurekin elkartu nahi eta ez dutelako gurekin adostasunik lortzeko asmorik. UPNk ematen duen argudio bakarra da txosna-gunea eta ondoan barraken gunea izatea ez direla bateragarriak, txosnetako giroa ez dela egokia gertu dauden haurrentzat. Udal agintera heldu zirenean hesiak jarri genituen bi guneak bereizteko, eta beste lekuren batera mugitzeko borondatea ere erakutsi dugu, baina UPNk leku bakarra eskaini digu, baztertuta eta jai girotik oso urrun dagoena. Kolokan jarriko luke txosnen bideragarritasuna.

Kontua da urte askotan egon direla hor txosnak. Izan da noizbait arazorik, kexarik?

28 urte eman dugu leku berean eta inoiz ez da kexarik egon, ez dago gurasorik seme-alabengatik kexatu denik. Aldebakartasunez hartu dute erabakia. Gainera, Festagirotik antolatzen dugun egitarauan umeentzako jarduerak ere baditugu eta hainbat guraso ditugu antolatzaileen artean.

"Instituzioek ezin diote alderdi politiko bati boterea eman herrigintzaren gainetik jarri eta jaietarako espazioa mugatzeko"

UPN haurrengatik baldin badago kezkatuta, nolabait, txosnak gazteen desfasearekin lotzen ditu?

Alkoholaren eta drogaren kontsumoa, jaietan, nonahi aurki dezakezu Lizarran, beraz gai horri arreta jarri ahal zaio, baina ez soilik gune batean eta ez soilik jaien testuinguruan. Azken finean, UPNk umeak hartu ditu argudio, baina atzean benetan dagoena da ez duela gustuko Festagirotik egiten dugun jai eredua. Haien kontrolpetik ihes egiten duen guztiaren aurka egiten dute eta ez dute onartzen Festagirok modu independentean zerbait antolatzea. Ez baita bakarrik gunearen auzia, lehen azpiegitura gehiago uzten zizkiguten eta 5.000 euroko dirulaguntza jasotzetik 1.500 eurora murriztu digute. UPNk bere makineria guztia jarri du martxan txosnak jartzea bideragarria ez izateko. Gainera, beti jokatzen du interes pribatuaren alde eta negozioa egiten duten gutxi batzuen defentsan, gehiengoaren interesen gainetik. Kontuan izan txosnak gune aproposa direla ere baliabide gutxi duen jendearentzat, kontzertuez eta bestelako ekitaldiez doan gozatzeko.

Sakonean egiten dugun salaketa da instituzioek ezin diotela alderdi politiko bati boterea eman herrigintzaren gainetik jarri eta kolektibo herritar bati espazioa mugatzeko, frogatuta dagoenean gainera babes sozial handia dugula. Ez UPNk ez inongo alderdik ez luke izan behar ahalmena soziologia oso zabal bati espazio jakin batean jaia egiteko aukera mugatzeko, herritar horien guztien gainetik jarrita.

Herri Inauteriekin ere arazoak izan dituzue, eta alkatearekin konfrontazioak, isunak, auziperatzeak… bizi izan dituzue; tentsio handia dago Lizarran.

Kalean lortu ez duena, Festagiro desagertzea, epaitegi eta isun bidez lortu nahi du UPNk: 20.000 euroko isunak, prozesu judizialak… eta beste kolektibo batzuei ere milaka euroko isunak iristen ari zaizkie. Lizarra oso tentsionatuta egotea ekarri du udal gobernuaren jarrerak, baina herritar asko indibidualki kaltetzen ari diren arren, txosnekiko babesa handia da.

"Guraso askok ere sinatu du txosnen alde eta horrek UPNren argudio nagusia deuseztatzen du"

Iaz, desobedientzia zibila praktikatu eta udalaren baimenik gabe arratsalde batez txosnak izan ziren.

Herritarren ekimenez egin zen, eta oso arrakastatsua izan zen. Pentsa, UPNren hedabideak, Diario de Navarrak, dena oso ongi joan zela kontatu zuen.

Txosnen aldeko sinadura bilketa egin duzue. Zer diote herritarrek, zer diote guraso direnek?

Oso pozik gaude. Sinadura pila bat jaso ditugu, profil soziologiko oso ezberdinetakoak, tartean UPNren oinarri sozialaren parte diren batzuk ere bai. Jendea oso haserre dago UPNren autoritarismoarekin. Guraso askok ere sinatu du eta horrek UPNren argudio nagusia deuseztatzen du. Ostiral honetan egingo dugu sinadura bilketaren balorazio publikoa.

Iker Urtasun I. Urtasunek utzia
Jendetza, txosnen aldeko mobilizazioan. I. Urtasunek utzia

Jai herrikoiak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...