Maiatzaren 29tik 31ra Zarautzen (Gipuzkoa) antolatu dute euskal literaturaren Literaturia ekimena. Dar-Dar leloarekin, liburu azoka, liburu aurkezpenak, solasaldiak eta emanaldiak antolatu dituzte.
Zarautz hiru egunez “euskal letren plaza” bilakatuko da aurtengoan ere, Literaturia ekimenaren eskutik. 2008an Larrabetzun (Bizkaia) ospatzen bazen ere, 2014az geroztik Zarautzen lur hartu du jaialdiak eta Doinuele euskara hutsezko plazen sarearen partaideetako bat da. Dar-Dar lelopean, liburu azoka, liburu aurkezpenak, solasaldiak eta emanaldiak antolatu dituzte maiatzaren 29tik 31ra, ostiraletik igandera.
Literatura ardatz harturik, euskaraz sortutako edo euskarara ekarritako euskal produktuak aurkeztuko dituzte. Lege Zaharraren Enparantzan karpa handia kokatuko dute eta editorialen liburuak egongo dira. Gainera, bertan egingo dira liburu aurkezpenak. Gainontzeko ekintzek, Etxezabalan, Modelo Aretoan edo Merkatu Plazako lehen solairuan izango dute lekua.
Euskal literatura sustatzeko asmoz, eskaintza zabala osatu dute. Egitarauan ondorengoak topatu daitezke, besteak beste: Imanol Epelderen Zerbait sartu zait begietan obra; Xabier Olarra, Uxue Rey eta Lide Hernandoren Itzulpena: ezinean, ekinean lana; Mejillon Tigreren idazketa tailerra; Ameliren eskutik helduentzako Ongi etorri ipuin kontaketa musikatua; eta Habia taldearen Omen musika emanaldia. Ekitaldi batzuetarako sarrerak eskuratu behar dira, web orriaren bidez edo Modelo Aretoko lehiatilan.