Liburuen etorkizuna: Digitalizazioa eta irakurleen parte hartzea

  • Neurri handiagoan ala txikiagoan, gehienok sumatu dugu Internetek eta teknologia berriek musikaren sektorean izan duten eragina. Doako deskargak, pirateria, top-manta, diskoa grabatu eta zabaltzeko aukera berriak, diskoetxeen itxiera… ondorioak agerikoak dira. Aitzitik, liburuen kasuan sarri ezkutuan geratzen dira. Beltz bat poltsa bete liburu tabernara sartzen ikusi ez dugunez, literaturak (liburugintzak) teknologia berriekin horrenbesteko loturarik ez duela uste dugu. Eta litekeena da hala izatea. Musikaren kasuan ondorioak dezente nabarmenagoak dira eta etorkizunak galdera ikur potoloaren forma dauka. Baina liburuen etorkizunak kezkatzen duenik ere bada. Kevin Kelly Wired aldizkariko erredakzio-buru ohia, esaterako, 35 milioi liburu eskaneatzearen alde agertu da, guztiok kontsultatu ahal izan ditzagun. Bestelako iritzia dauka Bob Stein Liburuaren Etorkizunerako Institutuko zuzendariak. Berarentzat, digitalizazioa ahaztu gabe, liburua idazteko prozesuan irakurleek (internautek) geroz eta parte hartze handiagoa izan dezaten lortzea da helburua, narrazioa aberasteaz gain liburuek audientzia izan eta bizitzen jarrai dezaten. Bi ikuspegi horiez mintzo da Francis Pisani kazetari eta irakaslea bere blogean, El futuro del libro: líquido o en la Red (Liburuaren etorkizuna: likidoa edo Sarean) artikuluan.


2006ko ekainaren 17an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:01
Ordenadorea eta liburua

Kevin Kellyk dioenez, musika guztia digitalizatu dugu, baina 20 liburutik bakarra soilik pasa da analogikotik digitalera: “Orain arte argitaratutako ezagutza guztia denontzat eskuragarri izatea posible egingo lukeen liburutegi unibertsalak ez dauka libururik”. Egun, gutxi gora behera milioi bat liburu digitalizatzen da urtean eta hori ez da nahikoa. Horregatik, liburuak eskaneatzeko deia egin digu The New York Times egunkarian idatzitako Scan this book! artikulu mamitsuan. Bere iritziz, liburuaren bertsio digitala haren bertsio “likidoa” bezalakoa da. Kanta bat balitz bezala zatitzea eta nahastea (remix) ahalbidetzen du. Bestalde, eta garrantzitsuagoa dena, “liburutegi unibertsalean liburu bakar bat ere ez litzateke uharte bat izango”. Elkarren arteko loturak edo etiketak (tag) jarri ahal izango ditugu. Harreman esplizituak sortzeko modu hori izan daiteke azken 50 urteotako asmakizunik inportanteena, bilaketa motoreen indarrari esker.


Bob Stein Liburuaren Etorkizunerako Institutukozuzendariak, ordea, Sareko liburua kontzeptuaz hitz egiten du. Liburuak “ideia handiak” zabaltzeko bitarteko gisa ikusten ditugu eta zenbaitetan, ideia horien inguruko eztabaidak sortzen dira literatur solasaldi, mahai-inguru, prentsako artikulu nahiz beste liburu batzuetan. Eztabaida horiek guztiak solaskideek hizpide dituzten liburuetatik at egin dira eta Steinen iritziz, “elkarrizketak liburu barnera eramateko unea heldu da”. Sarean paratu duten GAM3R 7H30RY liburua jartzen du adibidetzat. Irakurleen iruzkinak testu barnean ageri dira eta elkarren arteko harremana (idazlearekin nahiz gainerako irakurleekin) sustatzen omen du horrek.


Bi adituon iritzien arteko desberdintasunez hitz egitean zera dio Steinek: “Kellyk autoreaz eta liburuaz duen ikusmoldea eta inprentaren munduak duena berdinak dira. Bilaketei eta nahasteko aukerari buruz hitz egiten du. Aukera hori izatea ona da, baina ez autore eta irakurleek jokatzen duten paperaren eboluzioa bezain garrantzitsua. Irakurleen parte-hartzea da garrantzitsuena”. Liburuaren Etorkizunerako Institutuko zuzendariaren arabera, II. Mundu Gerraz geroztik sortutako hedabideek “igorpen botere izugarria” (broadcast) dute. Horrek audientzia kontrolatzeko balio du, baina ez gai filosofikoen inguruan hausnartzera bultzatzeko. Interneti esker bakoitzak bere ahotsa izan dezake, baina igorpen medio moduan (broadcast media) garatzen ari da geroz eta gehiago. Sareko liburuari esker, “elkarrizketa aberatsak” sortuko dituzten liburu mota berriak garatzea desio du Steinek.


Bi hitzetan laburtzeko: Kellyk ezagutzarako sarbide unibertsala eta liburuen arteko loturak nabarmentzen ditu eta Steinek, liburuekin gozatzen duten pertsonen arteko harremanak. Pisaniren hitzetan, “teknologia ulertzeko bi ikusmolde desberdin baino, gizartea ikusteko bi modu desberdin dira”.


Google bilatzaileari utziko al diogu liburuak digitalizatzen?

Kontuak kontu, biak daude liburuak digitalizatzearen alde. “Ezin dut horren kontrako argudiorik imajinatu”, dio Steinek. Kellyrentzat, bestalde, legeak agindu beharko luke liburu guztiak digitalizatzea. Momentuz, Google bilatzaileak milaka ale eskaneatzeko asmoa du. Eta hain justu, bi adituen iritziek talka egiten dute proiektu horri buruz (Google Book Search Library Project) hitz egitean. Kellyk babestu egiten du, argitaletxeen jarrera kritikatzen duen bitartean: “Euren jarrera kontraesankorra da. Jendeak errazago topa ditzan liburuak digitalizatzeko prest daude, baina ‘bazterturiko’ liburuak direnean kontra azaltzen dira, errentagarriak ez direlako”. Digitalizazioak autoreei hainbat abantaila eskaintzen diela gaineratu du: “Euren obrak ezagutarazi eta promozionatzeko aukera ematen die. Best-seller-ak idazten dituzten autore gutxi horiek pirateriaren beldur diren bitartean, gainerakoak iluntasunaren beldur dira”.


Aitzitik, digitalizazioaren defendatzaile sutsua izan arren, hura lortzeko bidearekin Bob Stein ez dator bat Kellyrekin. Dioenez, “Google munduko erakunde beldurgarriena da, Microsoft sekula izan ez den bezalakoa, munduko informazio guztia pilatzen duelako”. Egiten uzten digun guztiagatik, Google bilatzailearekin maitasun harremana omen daukagu, baina alderdi ilunik ere badauka: “deabruaren bilgarri berean” iristen zaigu: “Gure oroitzapenak sarean jartzen ditugu eta ez dugu arriskutsua dela ikusi nahi”.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude