Hamar urte bete ditu Iruñeko Katakrak argitaletxeak. Sute bat pizteko oharrak jardunaldiak antolatu dituzte azaroaren 3tik 7ra. Katakrakeko langile eta Aitziber Jimenez de Aberasturi editoreak eman ditu xehetasunak.
Elkarrekin pentsatzeko, gogoetatzeko eta ikasteko gogoz daude Iruñeko Katakrak argitaletxean. Hamar urteko ibilbidea ospatzeko, Sute bat pizteko oharrak jardunaldiak antolatu dituzte. Asteartean, azaroaren 3an, 18:00etan hasiko dira, eta azaroaren 7an, larunbatarekin, amaituko dute. Aitziber Jimenez de Aberasturi Katakrakeko editorea ilusioz mintzatu da jardunaldiez. Solasaldiak, musika eta elkarrekin bazkaltzeko aukera izanen dira.
Hamar urte bete ditu argitaletxeak, ez da gutxi. Zer moduz zaudete?
Hamar urte erraz esaten da, baina izugarrizko lana dago horren atzean. Sentsazioa daukagu gauza interesgarriak eta handiak egin ditugula gure katalogoan eta ekoitzi dugun horretan; 135 liburu ditugu katalogoan: 61 euskaraz eta 74 gaztelaniaz. Eta, aldi berean, uste dugu asko dugula ikasteko. Horregatik antolatu ditugu jardunaldiak: jendea batzeko, elkarrekin ospatzeko eta entzuten jarraitzeko. Formatzen jarraitzeko gogoa dugu. Oso eskertuta gaude, hasieratik eta bide honetan proiektu honen parte izan den jende guztiarekin. Hasieran, Susa argitaletxea izan genuen inspirazio iturri; Traficantes de Sueños ere bai; eta Bitarte banatzailea, dagoeneko existitzen ez dena. Babes handia jaso dugu, eta hau ez litzateke posible izango itzultzaile, hitzaurregile, liburuak egin dituen, aurkeztu eta defendatu dituen pertsona guztien laguntzarik gabe. Ez da posible liburu baten atzean dagoen jende guztia gabe.
Elkar entzuteko eta formatzeko jardunaldiak izanen dira. Elkarrekin sortzeko ere bai?
Bai. Oro har, elkarrekin pentsatzeko. Liburu bat irakurtzea gaur egun bakarkako ariketa bat da, baina goazen irakurritakoa partekatzera, goazen eztabaidatzera, elkarrekin pentsatzera, gauzak sortzera eta eraikitzera. Horregatik, irakurzaletasunari eta irakurleei omenalditxo bat egiteko mahai-inguru bat antolatu dugu. Ostiralean, irakurle taldeei buruzko mahai-ingurua eginen dugu. Iban Zaldua, Asun Agiriano eta Aratz Fernandez de Pinedo egonen dira bertan.
"Garaiak aldatzen ari dira; gaur egun zer behar du gizarteak euskaraz? Horren bila gabiltzala esan nezake"
XXI. mendean euskaraz argitaratzeari buruz ere gogoetatuko duzue. Zein erronka eta aukera ikusten dituzue?
Uste dut oso jende interesgarria dagoela, eta profil anitzekoa. Guk galderak eta zalantzak identifikatu ditugu, eta intuizio batzuk ere baditugu.
Batetik, María Mur Dean egonen da, Consonni argitaletxeko editorea eta zuzendaria. Arte ederren mundutik datorren proiektua da; hasieran kultur ekoiztetxea zen. Azken urteetan, argitaletxe bihurtzeko eta euskaraz argitaratzen hasteko urratsa egin du. Orain, gainera, literaturako Euskadi Saria eman diote Ixiar Rozasi, iazko udazkenean Consonnik argitaratu zuen Narrugorrik liburuarengatik. Beste toki batetik datorren eta bidean eraiki den argitaletxea da.
Eta bestetik, Elkar. Liburu denda eta argitaletxe sare erraldoia da, Euskal Herrian ibilbide handia duena. Argitaletxeetan belaunaldi aldaketa bat gertatzen ari da, eta Elkarren oso argi ikusten da hori. Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen lekua Itzea Urkizuk hartuko du. Orain arte Elkarrekin aritu da lanean, baina, batez ere, haur eta gazte literaturan. Ikusi nahi dugu zer gako ateratzen diren eta zer kontatzen duten.
Zeintzuk dira euskaraz sortzeari dagozkion zalantzak?
Orain arte oso ibilbide interesgarria egin da, eta gauza interesgarri asko egiten ari dira euskal ediziogintzan. Kontziente gara, hala ere, gauza asko daudela egiteko, hala nola asko dagoela esperimentatzeko. Gauza berriak egiteko aukera dago, eta berreskura daitezkeen gauza baliagarriak ere badaude. Garaiak aldatzen ari dira; gaur egun zer behar du gizarteak euskaraz? Horren bila gabiltzala esan nezake. Guk euskaraz argitaratzen dugunean bi galdera sortzen zaizkigu: batetik, zer egon behar den argitaratuta gure hizkuntzan, eta bestetik, zein irakurketa koiuntural diren garrantzitsuak une bakoitzerako. Azken zalantza hori, azkenean, historikoa da, eta eguneroko jardunean agertzen da.
"Goazen gaur egungo eztabaiden harira aberasgarriak izan daitezkeen liburuak argitaratzera"
Argitaletxea sortu zenutenean, helburuetako bat zen aparteko eztabaiden mailan eragiteko tresna bat sortzea. Uste duzue helburua betetzen ari zaretela?
Bai, saiatzen argi gara. Eta uste dut, hein batean, lortzen ari garela. Pozik gaude egindako lanarekin, zentzu horretan. Euskarazko edukiei ekarpena egitea lortu dugu. Adibidez, trans auziaren inguruan badira idazle oso interesgarriak euskarara ekarri ditugunak: McKenzie Wark, Leslie Feinberg, eta orain Maggie Nelson. McKenzie Warken kasuan, bi liburu argitaratu ditugu euskaraz; horien artean, Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza. Bere trantsizioari buruz pentsatzen eta hausnartzen duen liburua da, baita amarekiko eta gorputzarekiko doluari buruzkoa ere. Alderantzira zamalka, berriz, bere sexualitatearen garapenari buruzko liburua da. Sentitzen dugu batzuetan gakoak asmatzen ditugula. Goazen gaur egungo eztabaiden harira aberasgarriak izan daitezkeen liburuak argitaratzera.
Ekologismoaren arloan ere, azkenaldian, lurraren defentsaren inguruko gatazkari buruzko pare bat liburu argitaratu ditugu. Walden genuen, klasiko bat, eta pentsatu genuen: zergatik ez euskaraz izan? Azken urteetan Lehen astinduak argitaratu dugu. Mugimendu ekologista handi batek izan ditzakeen garaipenei buruzkoa da. Askotan borrokak galtzen ditu, baina borrokan jarraitzen du, oraindik egiteko asko duelako. Ekologia pitara baten alde ere argitaratu dugu. Ekologia haurren begiradatik lantzeko aukera ematen du. Hau da, haurrak eta migratzaileak horrelako borroketan nola batu aztertzen du. Horrelako gakoak lantzen ditugu.
Nondik dator jardunaldien izena?
Liburu batek sor dezakeen indar kolektiboan sinesten dugulako jarri diogu izen hori. Azken batean, hainbat gai oso ezberdin landuko ditugu. Egun batean euskal ediziogintzaz hitz eginen dugu, baina beste batean hirigintzaz. Asko kezkatzen gaitu nork duen hirian sartzeko eta etxebizitza izateko eskubidea. Ildo horretan, baditugu Elgensen Etxebizitzaren auzia eta Eyal Weizmanen Hiri-gerra Palestinan. Irakurle taldeez, feminismoaz, kezkez eta erronkez, musikagintzaz ere arituko gara. Azken horri lotuta, Hau dena LP bikoitza daukagu. Ion Celestino, Kiliki Frexko eta Claudia Rodriguez egonen dira. Hirurak aritu dira grabazioan. Gai ugari landuko ditugu, eta, aste osoan iraunen duten jardunaldietan, ez dugu eztabaida oso sakon eta luzerik eginen. Oharrekin geratuko gara, baina behintzat, bota ditzagun ohar interesgarri batzuk eta gera gaitezen horiekin.
