ELA sindikatuak jarri behar izan ditu itzultzaile bat eta baliabide teknikoak, bileran egon diren erdaldun elebakarrek sindikatuko ordezkariek esandakoak ulertzeko. FVEM patronalak, ordea, ez du zerbitzu hori erabili. ELAko ordezkariak euskara hutsean aritu dira bileran.
Aurreikusitakoa gertatu da ostegunean eginiko Bizkaiko metalgintza arloko lan ituna berritzeko bileran: ELA sindikatuak euskara hutsean arituko zela iragarri bazuen ere, LHK Lan Harremanen Kontseiluak ez du itzulpen zerbitzurik bermatu –haien egoitzan egin dute bilera–. LABeko ordezkariak ere euskaraz aritu dira, eta ondoren eurek egin dute esandakoaren itzulpena.
FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak, berriz, uko egin dio ELAk eskainitako itzulpen zerbitzua erabiltzeari: beraz, elkarte horretako zenbait kidek ez dute ulertu sindikatukoek esandakoak. Bileraren ostean, ELAk adierazi du "oso larria" dela LHKren gisako erakunde publiko batek negoziatzaileen esku uztea hizkuntza eskubideak bermatzeko ardura. Eusko Jaurlaritzari ere leporatu dio bere itzulpen zerbitzua ez eskaintzea, horretarako aukera izanik ere.
Halere, kontseiluak iragarri du "ahal denean" itzultzaileen laguntza eskainiko duela, horretarako eperik zehaztu ez duen arren. ELAk honela ikusi du erabakia: "Bere ardura onartu du etorkizunari begira, baina epe laburrean hizkuntza eskubideak urratzen jarraitzea erabaki du". Gainera, sindikatuak azpimarratu du negoziatzaile guztiek beren hizkuntzan aritzeko eskubidea dutela, eta LHKri berriz exijitu dio itzultzaileak eskaintzeko epeak eta baldintzak zehaztu ditzala.
Bitartean, negoziazioak blokeatuta
Kurtso berria hasi da, baina gauzak berdin jarraitzen dute: Bizkaiko metalgintzako lan ituna negoziatzeko prozesuak "blokeatuta" jarraitzen duela salatu du UGTk. Izan ere, FVEM patronalak sindikatuei eskatzen die plataforma bakar bat osa dezatela eskakizun bateratuekin, eta hori egin ezean, ez duela negoziatuko. Plataforma hori osatzea, ordea, "ezinezkoa" izan dela esan du UGTk, euskara planak ezartzearen inguruko auzia izanik horretarako oztopo nagusia.
Sindikatuaren esanetan, euskara planak ezartzearen alde dago, baina "lanerako eskubidea urratu, kontratazioak mugatu edo barne sustapenerako ezinbesteko baldintza bihurtu" gabe. Edonola ere, UGTk FVEMri eskatu dio oztopoak ken ditzala.