Lepoko zartakoa da Asiako ekonomientzat Iranen aurkako erasoa

  • Zurrunduta eta aieneka uzten zaituen lepoko zartakoaren antzekoa izan da Asiako ekonomia gehientsuenentzat Israelek eta AEBek otsailaren 28an Iranen aurka hasitako erasoaren ondorio zuzen eta berehalakoa. Lehendik ere Trumpek iaz ezarri eta AEBetako Auzitegi Gorenak ebatzitakoaren gainetik min egiten jarraitzen duten muga-zergekin txirikordatzen delako estualdi energetikoa. Gerra luzatzen bada, batzuen kasuan, itomena bihurtuko dena.


2026ko martxoaren 10ean - 11:57
Iaz gogotik metatu zituen Txinak petrolio-gordekinak. Beraz, lepoko zartakorik ez... baina garestitzearen ondorio ekonomiko orokorrak nozitu beharko ditu besteen moduan.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Golkoko herrialdeetatik (eta ez soilik Irandik, bertako herrialde guztien ekoizpena baitago ez atzera eta ez aurrera Ormuzeko itsasartean erasoen lehen egunetik) erregaiez hornitzen direnen zerrendak eta zenbatekoek erakusten dute panorama. Baina ez osorik. Prezioak mundu mailan eratzen direlako, eta ekoizle batzuen absentzia ezin dutelako beste batzuek ordeztu osotasunean eta berehala.

Petrolioaren kasuan, adibidez, %85 Asiako herrialdeetara doa Golkotik, eta horrek berak iradokitzen du eraginaren gordintasuna. Baina ñabardura asko dituzte zenbateko absolutuek.

Hala, luzaz erosle handiena bada ere, Txina ez da bereziki larrituta agertu gerraren lehen egunekin batera Pekinen suertatu den Lianghui edo Bi Bilkuretan. Ohiko moduan, aurtengo plangintza ekonomikoa izan da hizpide nagusia bertan, baina ez da beren-beregi aipatu erregaien shocka. Bizpahiru zio elkarlotuko lirateke horretarako: iaz gogotik metatu zituen Txinak petrolio-gordekinak, 140 bat eguneko kontsumoa ziurtatzeraino; presioak presio, Errusiatik jasotzen duenak, bestalde, segurtasuna biderkatu egiten dio; eta ez da ahaztu behar segurtasuneko azken baliabidetzat ikatza erabiltzeko hautua eta planifikazioa egina duela, kritikak kritika, Pekinek. Beraz, lepoko zartakorik ez... baina garestitzearen ondorio ekonomiko orokorrak nozitu beharko ditu besteen moduan.

Golkotik Txinaren erdia baino gutxiago inportatzen duen Indiak, ordea, panorama korapilatsuagoa du: gordekinak askoz urriagoak dituenez, eta errusiar petrolioa erosteari (eta finduta, Mendebaldera berresportatzeari) uko egiteko Trumpekin adostu berria zuen akordioagatik, premia larriagoan aurkitzen da dagoeneko. Eta horrek argituko luke, hein batean, Modiren gobernuak egin nahiko lukeen karanbola politikoa: otsailaren 28ko erasotzaileen alde jarri diplomatikoki (askoren haserrerako) eta, ordainetan, Errusiatik erregaiak jasotzeko “baimena” berreskuratu. Politikoa bederen, prezioa ez da makala; eta ekonomikoa, etorkizun.

Oinaze ekonomikoaren sokan jada harrapatuta daudenak gainerako asiar herrialde ia guztiak dira. Garatuenak (Japonia, Hego Korea, Taiwan, Singapur) nahiz garabidean daudenak (Thailandia, Filipinak) apenas ekoitzi dezaketen eta itsumustuan garestitu zaien inportazio funtsezkoari egin behar diote aurre merkatu basati batean. Dezenteko ekoizlea baina, bere populazioagatik, kontsumitzaile handiagoa den Indonesia bera ere lazoan harrapatuta aurkitzen da. Garestitzea ez ezik murrizketak eta abar hasiak dira herrialde gehienetan.

Are ilunagoa da panorama aldaketa politiko betean dauden Bangladesh edo Nepalen... Eta akabua izan daiteke aurretiaz ere NDFren erreskatearen atarian zegoen Irango eztandak atariagoan dituen Pakistanentzat.

Ormuzeko itsasartea munduko ekonomiaren botila-lepoetako bat zela zioenak ez daki noraino asmatu zuen.


Asia kanalean gehiago
2026ko apirilaren 15
Itzaletik argira
Gure joko gizonak (1969)

2026ko apirilaren 15
Artemis 3

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.