Larunbat goizaldean kaleko arroparekin jantzitako ertzain batek pistolaz destatu zuen herritar bat Gasteizko Alde Zaharrean, kale operazio batean. Segurtasun Sailaren esanetan, ajenteak pistola erabili zuen bi arrazoirengatik: herritarrak aurretik beste pertsona bati eraso egiteko baliatu zuen kristal hautsia zuen eskuetan, eta jarrera "oldarkorra eta mehatxuzkoa" zuen. ARGIAk lau lekukorekin hitz egin du, eta laurek jarri dute auzitan sailaren bertsioa.
Gertatua Gasteizko Gaztetxeak eta Hala Bedik eman zuten jakitera larunbatean bertan. Poliziak pistola atera zuela jakinarazteaz gain, lekukoen aurka ere egin zuela salatu zuten.
Segurtasun Sailak ondoren ohar bidez azaldu zuenez, Poliziak dei bat jaso zuen larunbat goizaldean, kaleko arropaz jantzitako ertzainak bertaratu ziren, eta 24 eta 25 urteko bi gizon ikusi zituzten liskarrean, “batek botila hautsi baten lepoarekin besteari eraso egiten ziola”. Horrela azaldu zuen sailak ertzainak pistola atera zuen unea: “Bere burua Ertzaintzako agente gisa ozenki identifikatu ondoren, agenteetako batek erasotzailea bereizi zuen, eskuan arma ebakitzailea zeramala. Erasotzailearen berehalako erasoa gerta zitekeenez, jarrera oldarkorra eta mehatxuzkoa baitzuen, haren kideak arauzko arma atera zuen, eta behin eta berriz agindu zion susmagarriari bere jarrera bertan behera uzteko (...) erasotzaileak botila lurrera bota zuenean, atxilotu egin zuten”.
ARGIAk gertatutakoa zuzenean ikusi zuten lau pertsonarekin hitz egin du.
Lehen lekukoa
L.M. ondoko taberna bateko terrazan zegoen. “Urrunetik ikusi nituen hurbiltzen, elkarri helduta, pentsatu nuen, ‘edo oso lagunak dira edo borrokan ari dira’, eta gerturatu ahala ikusi nuen liskarrean ari zirela”. Bietako batek eskuan kristalezko botila apurtua zuela ikusi zuen. Bi pertsona saiatu ziren liskarrean ari ziren herritarrak banatzen, baina ez zuten lortu. Kristalarekin erasoan ari zenak ebakia egin zion erasotuari, eta lurrera bota zuen.
L.M.-ren arabera, orduan agertu ziren uniformerik ez zuten bi poliziak. Lurrean zegoen herritarra “erraz” atzeman zuen ertzainetako batek, eta bigarrenak “azkar kendu zion kristala eskutik” erasotzaileari. “Kristalak lurrarekin kolpatzean egin zuen zarata entzun nuen”. Bere esanetan, beraz, pistola atera aurretik jada erasotzailea esku hutsik zegoen. “Jarraian besoak altxatu eta eskuak zabaldu zituen, ertzainak pistola atera zuenerako tipoa metro eta erdira zegoen”.
Erasotzaileak eskuetan ezer izan gabe ere jarrera oldarkorra zuen galdetuta, “inondik inora”, erantzun du lekukoak. Tentsioa oro har handia zela dio, baina erasotzaileak ez zuela mehatxurik transmititzen, eta besoak altxatuta zituela. “Kamiseta altxatu zuen, eta esaten zuen, ‘ez dut ezer, egidazu tiro nahi baduzu’”.
Bigarren lekukoa
X.A.-k ere Polizia agertu orduko ikusi zuen bi pertsona borrokan ari zirela, eta baretzeko asmoz hurbildu zen. Odola ikusi zuela du gogoan. Ertzainetako batek pistola atera eta apuntatu zuen uneaz, dio “ezinezkoa” dela ordurako erasotzaileak kristala eskuetan izatea: “Eskuak zabalik zituen, besoak altxatuta, jertsea edo txamarra kendu zuen, gero kamiseta altxatu”.
Ustezko erasotzaileak jarrera oldarkorrik zuenik ere ukatzen du. “Geldi zegoen, hormaren kontra ia, ertzaina distantzia batera, eta esaten ziotena egiten zuen”. Azaldu du horixe bera esan ziola ertzainari, egoera lasaitu nahian: “Jaitsi pistola, ez duzu inongo mehatxurik”.
Hirugarren lekukoa
O.A.-k azaldu du etxera bidean zihoala, eta tokira heldu zenerako kalerako jantzitako poliziak bertan zirela, bakoitza borrokan aritu zen herritarretako batekin. Ez zekien inork kristal hautsirik erabili zuenik, ez zuen horretan arretarik jarri, hortaz, baina ez du erasotzailearen eskuetan ezer ikusi izana gogoratzen, eta edonola dela, “ia ezinezkoa” litzateke bere ustetan, kontutan izanda bi eskuekin kamiseta altxatzen aritu zela, besoak altxatuta.
Pistolaz apuntatuta zutenean ustezko erasotzaileak izan zuen jarreraz dio, batetik, ertzaintzak egoera kontrolatuta zuela ordurako eta, bestetik, atzerantz egin zuela ia hormaraino.
Laugarren lekukoa
E.G.-ren testigantza maiatzaren 11n argitaratu zuen ARGIAk modu zabalagoan. Pistolaren uneari dagokionez, azaldu zuen ezin zuela ziurtatu ustezko erasotzaileak eskuan ezer zuen edo ez, “esku batean odola zuen, beste eskuan ez dakit”.
Ertzainaren aurkako jarrera oldarkorrik zuenik ukatu zuen: “Inondik inora, baxu zegoen, negarrez, uste dut, eskuak altxatuta”.
Ondorioak
Ertzainak pistola ateratzean erasotzaileak eskuan omen zuen armari dagokionez: lau lekukoetatik batek ere ez zuen ikusi; hiruk diote erasotzailearen beso eta eskuen mugimenduak ikusita “ezinezkoa” edo “ia ezinezkoa” litzatekeela; batek ziurtatzen du kristala lurrera erortzean atera zuen hotsa entzun zuela poliziak pistola atera baino lehen, eta ondoren eskuak hutsik izan zituela.
Erasotzaileak agertu omen zuen “jarrera oldarkorra eta mehatxuzkoari” dagokionez: lau lekukoek erabat ukatzen dute.
Gasteizko Gaztetxeak eta Hala Bedi-k argitaratutako bideoek lekukoen kontakizuna indartzen dute.
Poliziak heldu aurretik borroka larria zegoen bi herritarren artean, batek kristal hautsi batekin egin zion eraso besteari, zauritu egin zuen, odola isuri zen. Horretan Ertzaintzak eta lekukoek bat egiten dute. Ez du erraza izan behar tamaina horretako tentsio egoera bati aurre egitea. Baina poliziek, hain zuzen ere, egoera horiek ahalik eta indarkeria gutxiena erabilita kudeatzeko prestakuntza espezifikoa jaso duten profesionalak dira, edo hala behar lukete. Horregatik ematen zaie biolentziaren monopolioa, horregatik aitortzen zaie egiazkotasun-presuntzioa.
Pistola bat ateratzea kale erdian eta jendez inguratuta, armarekin herritar bat apuntatzea, muturreko egoera batek soilik justifikatu dezake. Barne Sailaren oharraren arabera, erasotzaileak arma eskuan zuen, eta jarrera oldarkorra. Eztabaidatu daiteke hori pistola erabiltzeko moduko egoera den, edo ez. Baina aurretik argitu beharko da egiazki hori izan ote zen gertatutakoa. Lekukoen arabera, ez.
Biolentziaren monopolioa izateak biolentziaren erabilerarekiko ardura eta fiskalizazio gorena ekarri beharko luke; egiazkotasun-presuntzioa emateak egiarekiko konpromiso zorrotza exijitzen du. Segurtasun Sailak ikerketa ireki duela iragarri du, argituko al du ikerketak gertatutakoa, eta emango al zaigu herritarrei beharrezko informazioa?