LEKUKOAREN MEZUA | Euskara gara

  • Lehen aldiz, norbanako batek beharrean, kolektiboan idatzi da Korrikaren lekuko barneko testua. Zazpi hauek izan dira egileak, zazpi lurraldetakoak: Leire Casamajou Elkegarai (Sohüta, Zuberoa, 2002), Elene Mengyu Larrinaga Bilbao (Barakaldo, Bizkaia, 2003), Aitzol Gil de San Vicente Pla (Hendaia, Lapurdi, 2003), Oier Iñurrieta Garmendia (Gasteiz, Araba, 2000), Beñat Jusue Rosano (Tutera, Nafarroa, 1998), Oihana Arana Cardenal (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001) eta Xalbat Alzugarai Etxeberri (Urepele, Nafarroa Beherea, 2001).

AEK

2026ko martxoaren 29an - 13:00
Azken eguneraketa: 2026-03-30 08:59
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Euskara gara

Euskara gara eta hemen gaude. Eskutik eskura trazatu dugu gure herriaren gorpuzkera.

Hatsanturik, baina aitzina eraman gaitu gorputzak. Urrats bat eta bestea, lurrean errotuz.

Korrika dabilenean izerdiz betetzen den gorputza da gurea. Borrokaren eta desiraren aztarnak harro daramatzana. Korrika dabilenean taupadak azkartzen zaizkion gorputza da gurea. Asaldatu egiten dena. Nekatu egiten dena. Hunkitu egiten dena. Korrika dabilenean indarberritzen den gorputza da gurea. Etengabeko eraldaketak aberasten duena. Beti aurrerantz doana.

Sohütatik, Urepeletik, Tuteratik, Hendaiatik, Barakaldotik, Gasteiztik, Eskoriatzatik… pasatu den gorputz bat egin dugu. Basa, asfaltoa, belarra, harea… zapaldu dituena. Lur zati bakoitzeko eleak ikasi dituena. Pauso sendoz dabilela dirudi, baina zalantzatia ere bada gure gorputza. Birpentsatu zalea, beharrezkoa denean iritzia aldatzen duena.

Gure gorputzak esan nahi duen dena euskaraz da, baina ez du esan nahi bakarrik euskara. Egin nahi du berba nekeaz, pozaz; botereaz, minaz. Egin nahi die orro batzuei eta irri besteei.

“Zenbat gara?” galdetzen genuenok nortzuk garen ere jakin nahi dugu orain. Nondik garen, zergatik egiten dugun hau guztia, zerk sortzen duen gutasuna. “Euskara gara” diogu, ez “euskara naiz”. Komunitateaz ari gara. Beso zabalik dagoen gorputzaz, zeinak leihoak dituen begietan.

Urrats bat eta bestea, gorputz bat egin dugu denona. Ez dezagula ahaztu hori bihar, bakoitza berera itzultzen garenean. Euskarak egin du gorputza. Hizkuntzak eraldaketarako tresnak dira, leku bat ematen digute bizi gaitezen. Euskarak herri hau eman digu. Horregatik mintzo gara izateaz, egiteaz. Euskaraz egin egiten da, baina izatea ez da edozein gauza. Izatea egotea ere bada, nonbait mugimenduan, borrokan.

Urrats bat eta bestea, aurrekoei jasoa dakargu ahots berrietan. Honaino heldu gara, bai, baina ez gara iritsi. Oraina berehala amaitzen da. Azalberrituta datoz munstro zaharrak, baina gorputz bat sortu dugu. Askotarikoa, konprometitua, indartsua. Eta gaur hemen badago, egongo da bihar ere.

Euskara gara eta hemen gaude. Hemen gara eta euskaraz gaude.

Aurrera goaz.
Bazatoz?

– Bilbon, 2026ko martxoaren 29an


Korrika kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.