argia.eus
INPRIMATU
Leku ‘kuttunak’
Leire Mihura Habans 2025eko apirilaren 16a

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota Elhuyarren bilatu nuen eta kutun gisa ageri zen. Baina ez, nik kuttun ahoskatu nahiago nuela pentsatu nuen. Leku berezi, miresgarri eta baketsu gisa imajinatzen baititut nire leku kuttunak, eta ez, ordea, leku kutunak. Akaso leku kutunak ez baitira hain kuttunak niretzat. Kuttuna: aspaldian entzun ez nuen hitza, hainbertze gustatzen zaidan eta aspaldian ahoskatu ez nuen hitza. Aspaldian bisitatu ez nuen leku kuttun hura bezala. Pentsatzen hasi nintzen zergatik hitz hura ez dudan hainbertze erabiltzen edo kanpotik jasotzen eta ondorio batera iritsi nintzen: ez da inon kabitzen. Ez da nire eguneroko esaldietan kabitzen, ez dago astirik hura ahoskatzeko.

Agian gure leku kuttun horiek maizago bisitatu beharko genituzke. Leku kuttun horietara joan, bizitza momentu batez eten, arnastu, lekuaz gozatu, eta egon. Bertan “denbora galtzen” ikasi

Kuttun hitza ahoskatzeko astirik ez dagoen bezala, ez dago ia astirik leku, objektu edota pertsona kuttunetan pentsatzeko. Betebehar anitz daude, agenda beterik dago eta kuttunak ez dira kabi. Hauxe baita gaur egungo autoestimurako eta ongizaterako esaldia: okupatu ezazu burua, geroz eta aktiboago bazaude eta geroz eta gauza gehiago egiten badituzu hobe sentituko zara.

Geroz eta estimulu gehiago jasotzen ditugu, sare sozialak horren adibide. Eta geroz eta gauza gehiago egin nahi ditugu, geroz eta helburu eta betebehar gehiago jartzen dizkiogu gure buruari esnatzen garenetik oheratzen garen arte. Eta oheratzen garenean etzi izango dugun azterketaren gaitegiarekin amesten ahal badugu hobe. Antsietateak jango gaitu azkenean, baina antsietatearen eta depresioaren aurka egiteko ere burua okupatzea eta distraitzea errezetatzen diogu geure buruari, horretan ez pentsatzeko asmoz. Baina hori bada arazoa? Burua okupatuta mantentzeko obsesioa bada sufrimenduaren eragilea?

Agian denbora gehiago atera beharko genuke kuttun hitza entzuteko eta ahoskatzeko. Agian gure leku kuttun horiek maizago bisitatu beharko genituzke. Leku kuttun horietara joan, bizitza momentu batez eten, arnastu, lekuaz gozatu, eta egon. Bertan “denbora galtzen” ikasi, bizitzaren torlojuak berriz ere martxan jartzeko. Eta indarrak aurkituz gero mundua kuttunago bihurtzea ere ez legoke gaizki. Baina horretarako indarrik aurkitu ezean, gure barne mundua kuttunago bihurtzearen aldeko apustua egin; leku kuttunetara gehiago joanez, pertsona kuttunekin gehiago geldituz eta objektu kuttunak gehiago miretsiz. Horrela, bizitza kuttunago bizituz.

Leire Mihura Habans