A ereduko irakasleak inposatu nahi dizkietela salatu du Lekarozko institutuak

  • Euskal Herri osoko ikastetxeetako zuzendaritzak datorren ikasturtea buru belarri antolatzen ari dira dagoeneko, eta Lekarozko (Nafarroa) Bigarren Hezkuntzako Institutua ere horretan ari da. Ikastetxeko klaustroak salatu du Hezkuntza Departamendutik A ereduko irakasleak inposatu nahi dizkietela, behar hori orain arte D ereduko irakasleekin bete dutenean.


2026ko ekainaren 5ean - 10:33
Lekarozko BHIa. Lekarozko BHIa.
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Klaustroak agiri bidez adierazi duenez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Lekarozko BHIko “bizikidetzaren eta gure ikasleriaren integrazioaren kontrako eraso bat salatu nahi dugu. A ereduan ikasten duten ikasleen integrazioan egiten den lana eta egiten ari dena, bortxaz moztu nahi dute, irakasle erdaldun elebakarrei emanez haien hezkuntza orduak. Gure ikastetxean harremanak euskaraz izateko eta eskualdean euskaraz bizitzeko aukera ukatzen zaie, bazterketa sistematikoa inposatuz”.

Klaustroaren esanetan, Baztan moduko eskualde batean “A eredua izate hutsa integrazioaren aurkako erabaki politikoa da", eta euskaraz ikasten ez duten haurren “ghetifikazioa saihesteko modu bakarretakoa da bi ereduetan irakasle berberak aritzea”.

Ikastetxeko zuzendaritzako kideak Iruñera joan berri direnean jakinarazi dizkiete aldaketak Carlos Jimenok gidatzen duen Hezkuntza Departamentuan: orain arteko A ereduaren irakasle beharrak D eredukoekin bete badituzte, aurrerantzean A ereduko irakasleen zerrendetatik tira beharko dute.

Ikastetxean 500 ikasle eskas dira, denak D eredukoak, salbu eta A ereduan aritzen diren 30-40ren bat –datuak aldakorrak dira, batzuk joan-etorrian aritzen dira eta–. D ereduko irakasleak ikasgaiak bi ereduetan emateko gai direnez, orain arte horiek izan dira A ereduaren beharrak ase dituztenak. Hori oso garrantzitsua da, ahalbidetzen duelako eskolaren gainerako funtzionamendua euskaraz izatea, gaztelaniaren interferentziarik gabe.

Hizkuntza ohituren egoera guztiz aldatu daiteke, ordea, klaustroak ohartarazten duenez: “Hizkuntza ohiturak lehertzeko ahalegina zekena da: ikasgelaz kanpoko harremanak erdaldunduko ditu, administrazio lanak trabatu eta bikoiztuko ditu, koordinazio bileran eta klaustroaren dinamikak ez-eraginkor bilakatuko ditu. Euskara hutsean bizitzeko aukera (zaila bezain erreala) zapuztu nahi da”.

Horrez gain, lan balditzen ikuspegitik langileen egoerak okerrera egingo duela salatu dute. Bost irakasle berri ekarriko dituzte A ereduko zerrendatatik, eta hiru plaza oso beharrean lautan zatituko dituzte. Hori guztia dela eta, Lekaroz BHIko klaustroak, “inposizio baztertzaile eta euskarafobo hau” salatzeaz gain, eskatzen dio Hezkuntza Departamentuari “bertan behera utz dezala esku-hartze onartezin hau”.

Altsasun eta Agoizko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ere berdintsu gertatzen ari dela adierazi dute. Lekaroztik dei egin diete D ereduko hezkuntza komunitateko kide guztiei “salaketa hau babes dezaten eta haien esku dagoen guztia egin dezaten zentzugabekeria maltzur hau bertan behera gera dadin”.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Hezkuntza kanalean gehiago
2026ko uztailaren 15
Zeroak II

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...