Kooperatibismoaz eta Ekonomia Sozial Eraldatzaileaz jakintza jaso nahi duenak eskura du Olatukoop sareak online jarrita daukan Olatukoop Eskola. Urteetan Olatukoopen dabilen eta Ekintzakoop kooperatiba berriko kide den Leire Udaberekin hitz egin du ARGIAk formazio tresna horren nondik-norakoak hobeki ezagutzeko xedez.
Online formakuntza gune bat osatu du Olatukoop sareak: Olatukoop Eskola. Zein beharretatik dator tresna hori?
Olatukoopen hamargarren urteurrenaren bueltan hartu zuen forma, baina aurretik, KoopFabrikatik dator. Mondragoneko fakultatea, Gezki Ekonomia Sozialeko Institutua eta Olatukoop, hirurok ibili gara KoopFabrikan zortzi-bederatzi urtez, nagusiki formakuntzak eta bide-laguntzak izan dira egin ditugun lanak. Ekintzailetza sozial eta kooperatiboa bultzatzeko ikastaroa zen. Baina aurreratu ahala ez ginen proiektu guztiengana iristen, inkluso askotan proiektutatik etortzen ziren eskaera konkretuak baina ez ginen iristen. Orduan erabaki genuen pilatutako eduki, jakintza eta irakurgai guztiak pixkanaka online eskola edo plataforma batean biltzea. Ondotik gaztelerazko bertsioa ere osatu genuen, KoopFabrika Hegoaldetik ere sortu zelako. 2023an KoopFabrikak amaiera izan zuen eta Olatukoopek hartu zuen honekin jarraitzeko ardura. Olatukoopen plataforma edota online eskola bilakatu da eta ikastaro ezberdinak sortu ditugu geroztik. Gaur egun hiru ikastaro daude euskaraz, eta beste bat gazteleraz.
Ekonomia Sozial Eraldatzailearen (ESE) sektorean balioek dute garrantzia handia. Izendapen horren baitan kokatu nahi dutenek balioak argi dituztela bermatzeko bide ere izango da zuentzat eskola hori.
Bai, hori da. Pentsatuz ekin! ESEtik eraldatzen izeneko ikastaroaren oinarrian helburu hori dago: zortzi bideoz osatua, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen balioak eta praktikak jasotzen ditu. Olatukoop sarearen baitan langile, bazkide eta pertsona dexente daude eta badakigu ez garela guztiengana iristen. Horregatik dago hor Olatukoop Eskola, ahalik eta jende gehienengana iristeko.
Modulo batzuk guztiei irekita dira, besteak, berriz, Olatukoopeko kideentzat soilik. Zein egon daiteke Olatukoop sarean eta nola bideratzen da kidetza?
Olatukoopeko kide izatea ez da zaila: harremanetan sartu koordinazioarekin info@olatukoop.eus helbidera idatzita, eta hitzordu bat ezarriko genuke, ezagutzeko proiektuaren balioak eta oinarriak zein diren, Olatukoopeko kide izateko arrazoiak partekatzeko, eta beste. Kide izateko modu ezberdinak daude, konpromiso mailaren araberakoak direnak: kide, bazkide, lurralde-sare eta Olatukoop Lagun izan zaitezke. Edozein kidetzarekin dago eskola honetan parte hartzeko aukera irekita.
Hamabi urteko ibilbidea du Olatukoopek. Zer nolako bilakaera izan du formazio eskaerak?
Momentuz Olatukoop Eskolara hurbiltzeko interesa izan da guk lurralde ezberdinetan bideratu proiektuen ondorioz edota bide-laguntza eskatu digutenean plataformara bideratu ditugulako. Normalean hori da Olatukoop Eskolara hurbiltzeko momentua. Eta bestela, aipaturikoa, behin kidetza eginda hau izaten da gure balioak jasotzeko lehenengo atetxo bat. Orain arte, ibilbidea ez da hain publikoa izan, gure lurraldeen edo proiektuen artean zabaldu da nagusiki. Eskola orain publiko egiteko arrazoien artean bat da azken aldian geroz eta eskaera gehiago datozela eta ez garela denengana iristen. Zaila zaigunez, pentsatu dugu behingoz material horri beste irekitasun edota ikusgarritasun bat ematea, berehalakoan ezin badugu erantzun, interesa duenak aurrelan bat egiteko aukera izan dezan. Gainera, eskola elikatzeak bere lana eduki du eta bada momentua esateko "eskola ondo elikatuta eta jantzita dago". Eta zergatik irekitasun hori? Guk beti esan dugu kooperatibismoa eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea denentzat izatea nahi dugula; irisgarri eta unibertsal nahi ditugu, edozeinek bere proiektua aurrera eramateko. Jabetza intelektualarekiko itxitasun bat dago maiz, baina Olatukoopen ezagutza hori irekian geratzea nahi dugu.
Eskola elikatzeko lan handia egon da, urteetan pilatutako jakintza dago hor. Pentsatu daiteke geroan ere eskolak segituko duela garatzen.
Hori da asmoa. Egia da 2021-2022 urteetan egin genuela salto handi bat plataforma hori sortuz, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza bati esker, baina bildutako ezagutza kasik hamabi urtetakoa da. Olatukoopeko kide ezberdinek publikaturiko argitalpen eta txostenekin elikatzen jarraitzen dugu, eta Euskal Herrian sortzen ari diren proiektuak ere erreferentzia moduan txertatzen goaz. Informazioa gehitzen ari gara bai, ahal den informazio gehiena, eta nik uste dut hori ere badela Olatukoop: praktikatik sortutako sare bat gara eta ezagutzak ere hala ditugu, oso gauza dinamikoa da. Erronka bezala jarriko nuke ekintzailetzaren inguruan frantsesezko formakuntza bat sortzea. Ipar Euskal Herriko geroz eta kide gehiago dago Olatukoopen eta azkenean, Euskal Herri osorako eskola bat izatea nahiko genuke.