Lehengusu iletsua

  • Iletsuak direlako edo hegan doazenean ateratzen duten zurrunbiloarengatik, erlastarrak ez dira gutako askorentzat erleak bezain sinpatikoak. Jakina, gizakiok ez gara sarritan oso zuzenak izaten gure epaietan. Erlastarren itxura sendoa da, beltzak dira eta, espezieen arabera, gorputz beltz hori estaltzen duten ileek kolorazio laranjatua, beltza, zuria edo horia izan dezakete, sarritan abdomena marra koloredunez beteaz.

Iñaki Mezquita Aranburu

2026ko otsailaren 9an - 05:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Erlastarra (Bombus spp.)

TALDEA: Intsektua / Hymenoptera, Apidae.
NEURRIA: 20 mm edo gehiago, espeziearen arabera.
NON BIZI DA? Belardi eta landa lurretan.
ZER JATEN DU? Loreen nektarra.
BABES MAILA: Ez.

Hegoak erlearenak baino motzagoak dira eta ez dituzte bizkar gainean gurutzatzen, teilatu  modura, baina Bombus erlastarrak hegoak erleak baino bizkorrago mugitzeko gai dira, eta horrela bere gorputzean berotasuna sortzen dute. Berotasun horrek eguraldi traketseko egunetan edo klima hotzagoetan hegan egiten laguntzen die, erleak ez bezala. Horregatik, sarritan ikusi ahal ditugu eguraldi kaskar samarra egiten duenean, batzuetan euripean ere bai. Bestalde, ileek hotzetik isolatzeko asko laguntzen dietela esan beharra dago. Ile horietan, gainera, loreen polena erantsita geratzen da, eta polinizazio funtzio garrantzitsu eta ezinbestekoa betetzen dute. Loreen polena jasotzeko, emeek poltsatxo batzuk dituzte atzeko hanketan, eztia ekoizten duten erleek dituztenen antzera –Apis melifera espeziekoek, adibidez–. Erleak bezala erregina, langileak eta erlamandoak daude euren “gizartean”. Jasotzen duten polena larbak elikatzeko erabiltzen dute langileek. Polena, hautsa izanik, ez da batere erraza bildu eta garraiatzeko; horregatik, euren toraxean ekoizten duten listuarekin nahastuta bolatxoak egiten dituzte, etxera eraman ahal izateko. Habia ere listua erabilita eraikitzen dute, euren abdomenean ekoizten duten argizariarekin nahastuta.

Ahoko proboszidea oso konplexua da, eta nektarra eraginkortasunez zurrupatu ahal izateko egituratuta dago. Hegan doazenean edo geldirik daudenean, bilduta eramaten dute.

Emeek eztena dute abdomenaren bukaeran; erlamandoek, berriz, ez dute izaten. Defentsa sistema hori emanda, badirudi naturak emeen lana saritu egiten duela, errutearen bidez espeziearen biziraupena gauzatzeko lana, alegia.

Negua heltzen denean erlamandoak eta langileak hil egiten dira. Erreginak ez, ordea. Udaberrian, hibernaziotik irten eta komunitate berri bat sortzeko prest izaten ditugu.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.