Lehendakariak ez du ETB1 ikusten, ez Euskadi irratia entzuten


2020ko uztailaren 18an - 09:25
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Edo pilotazale itsua izango da. Garai guztietako pilotaren aztertzailea. Tolosa eta Retegi bigarrenaren arteko buruz-buruko mitikoaren ikertzaile tematia.

Bestela balitz, aspaldi ziren etxean Iturbe, Barinaga eta Zupiria bera. Programazio sarri badaezpadakoa eskaintzen baitigute, oraindik euskarazko kateari eusteko ahalegina egiten dugun euskaldunoi: edonoizko pilota, zesta eta pilota, arrauna eta futbola; joan den mendeko bestelako saioen errepiken errepikak; erdal mariachiak, erdal habanerak edota erdal jotasnavarras noiznahi; erdaldunen testigantza soberakoak informatiboetan…

"ETB1 bere ibilbide luze samarreko ikusleria mailarik baxuenera hondoratzea lortu dute EiTBko buruek, %1 lotsagarri bezain beldurgarri batera, desagerpenaren ateetara"

Abentur@roa da euskaldunekiko axolagabekeriaren adibide deigarrienetako bat, Oholtza delakoarekin dema bizian. Saioak Estatu (espainiarre)ko paisaia menditsuetan barna eramaten gaitu gehienetan, tokian tokiko abentura-talderen baten eskutik. Sarri Katalunian eta Galizan zehar. Bada, off-eko ahotsak jatorriz erdaraz idatzitako eta euskarara itzulitako testua irakurtzen digu tarteka, eta abentura-taldeetako kideen testigantzak eskaintzen marteka. Katalan edo galizar izan, espainolez jartzen dizkigute berbetan, euskarazko azpitituluak alferrik pantailan. Katalanez edo galegoz jardungo balute sikiera…

Batetik tira eta bestetik behera, ETB1 bere ibilbide luze samarreko ikusleria mailarik baxuenera hondoratzea lortu dute EiTBko buruek, %1 lotsagarri bezain beldurgarri batera, desagerpenaren ateetara. Baina Eusko-oasiaren burdinazko ohiturari men, Josukristok ere ez du dimisiorik aurkeztu… Zer dela eta? Zer nahi genuen ba? Telebista ona ala euskarazkoa?

Lehendakariak ez du Euskadi irratia entzuten, agi denez. Edo bertako musika saioak (Kantu-kontari, Zidorrean, Portobello) ez behintzat. Edota entzuten ditu musika ingelesa maite duelako. Euskadi irratiak “mesede” handia egiten baitigu euskaldunoi, euskal sortzaileak bazter utzi eta musika “kosmopolita” eskainiz goizetik gauera, mundura irten gaitezen gure “baserri-kultura” atzean utzita. Jakin badakite euskal musika entzun eta entzun ematen dugula eguna, edozein irrati-kate piztuta euskal musika besterik ez baitago.

COPE jarri eta hara Petti. SER katera salto eta bertan Olatz Salvador eta Ruper. Radio Marian Izaroren letaniak. Cadena Dialen Ruper eta Rafa Rueda, Rock FMn Su ta gar jo eta sua, Radio Euskadin zer esanik ez… Euskarazko musika “nonahi”, ez dago libratzerik. Horregatik, zalantzarik gabe, Euskadi irratiak musika ingelesa eskaintzen digu une oro, belarri baserritartu hauei “modernitate” tarte bat eskainiz, erdaraldia gisako bat.

Lehendakariak ez dakit, baina euskal sortzaileek oso eskertuta behar dute, zalantzarik ez dut.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude