Euskal delegazio sozial bat Siriaren menpeko Kurdistanera iritsi gara igandean, bertako mugimenduak nazioartera zabaldutako deiari erantzunez, egoeraren berri lehen eskutik jasotzera. Ez gara bakarrak. Egun berean joan da bertatik nazioarteko beste delegazio handi bat, eta euskaldunekin batera beste talde bat ere iritsi da, Italia, Alemania, Danimarka eta Kataluniako jendez osatua.
Gauza bat argi geratu zaigu: Rojava oso ezberdina da Bashur-ekin konparatuta, hau da, Iraken menpeko Kurdistanekin. Erbil hiriburuan petrodolarrez eraikitako dorre erraldoiak atzean utzita, Tigris ibaiaren ertzera heldu eta burokrazia nagusi den muga igarotzean, dena aldatu da.
Askoz ere txiroagoa nabarmen, inguru ederretan barrena eraman gaitu mugimenduko neska gazte armatu batek. Behinola artzain nomadena zen lurralde horietan, larre berdeak, herrixka txikiak, eta noiz edo noiz lurpetik petrolioa ateratzeko makinaria solteak ikusi ditugu, 180.000 bat biztanleko Qamishli hiriburura heldu arte.
Nahiz eta urtarril hasieran Siriako Gobernuaren erasoa jasan eta, halabeharrez, atzera egin behar izan zuten, berrantolatu egin dira kurduak eta autodefentsa praktikatzen jarraitzen dute. Izan ere, su-etena sinatu zuten arren, tentsioa ez da baretu. Kobane hiria inguratuta dago, eta Siriako armadak aldirietan lapurretak eta gehiegikeriak egin berri dituztela salatu dute.
Nazioartetik borrokara batutako internazionalisten talde batek eman digu horren berri, baita Rojavako iraultzaren defentsa sutsua egin ere. Kolpe gogorra jaso zutela eta arriskua ez dela amaitu jakitun, tinko transmititzen dute askapen mugimendua bizirik dagoela eta indar militarrak berrantolatzearekin batera, Oçalanek proposatutako konfederalismo demokratikoaren proiektu politikoan ari direla indarrak jartzen.
Oçalanek presentzia handia du, bai iruditerian, baita diskurtsoetan ere. Gainera, otsailaren 15arekin heldu da euskal delegazioa, eta gauzak zer diren, egun horretan duela 27 urte atxilotu zuten Kenyan mugimendu kurduaren buruzagia, Mosad, CIA eta Turkiako zerbitzu sekretuek elkarlanean. Bere askatasuna eskatzeko, askapen mugimenduko milaka kidek baraualdia egin dute igandean eta euskal delegazioak ere bai, elkartasunez. Estimatu dute.
Rojavako utopia amaitutzat eman dute nazioarteko hedabide eta eragile ugarik, hori hala gerta dadin interesak handiak direlako. Etsairik sutsuena, Rojavako parte bat inbadituta duen eta droneekin erasoak egiten jarraitu duen Turkiako Estatua da. Hala ere, askapen mugimenduko kideek salatzen dute hori ez dela horrela, eta bizia emateko prest daudela milaka pertsona proiektu demokratiko erradikal eta askatzaile honen alde. Nahiz eta erabat mehatxupean egon eta indar kurduek eta Siriako gobernuak bake-akordioak sinatu eta horren ondorioz zenbait kontutan atzera egin behar izan, ikusteke dago paperean idatzia nola aplikatuko den.
Horrez gain, batez ere gehiengo arabiarrak bizi diren eremuak militarki galdu dituzten arren, bake akordioekin ez dago zalantzan azken urteetan sustraitu duten antolakuntza politiko horizontala, praktika asko, gizarteak barneratu dituelako: zuzendaritza partekatuak (gizarteko botere posizio guztietan beti bi arduradun egon behar direla, gizonak eta emakumeak), komunak (demokrazia zuzeneko espazio politikoak, adibidez, herriz herri) eta kooperatiba sistema, batzuk aipatzearren.