argia.eus
INPRIMATU
2026ko uztailaren 7a
Le Pen Frantziako hauteskundeetara aurkeztuko da, eta haren kontrako epaiari helegitea jarri
  • Parisko Dei Auzitegiak berretsi egin ditu delituak, baina 2025eko martxoan ezarri zioten zigorra arindu dio RNko buruari. Hala, hauteskunde presidentzialetara aurkeztuko dela berretsi du eskuin muturreko buruak. Epaileek besoko elektronikoa eraman behar duela agindu dute, baina RNko buruak esan du helegitea jarriko duela neurri hori indargabetzeko.

Marine Le Pen, 2025ko otsailaren 8an Madrilen, eskuin muturraren nazioarteko topaketan. Wikimedia

Astearte eguerdian eman du epaia Parisko Dei Auzitegiak. Epaileek berretsi egin dute RN eskuin muturreko alderdiak –aurretik FN– Europako Parlamentuko funtsak legez kanpo desbideratu zituela, europarlamentarien laguntzaileak kontratatzeko zen dirua alderdiko langileei ordaintzeko erabilita. Delitu horrengatik RNko 25 kide zigortu zituen auzitegiak, tartean hainbat buru eta horien artean Marine Le Pen.

Delitua berretsi bai, baina zigorra murriztu dio epaitegiak RNko buruari: 2025eko martxoan Parisko Zigor Auzitegiak kargu publikorako bost urteko inhabilitazioa, lau urteko espetxe zigorra eta 100.000 euroko isuna ezarri zion; orain, Parisko Dei Auzitegiak beheratu egin du inhabilitazioa 45 hilabetera –baina horietatik 30 hilabete betetzetik salbuetsiz–, eta espetxe zigorra hiru urtera –bi urte betetzetik salbuetsiz–.

Jatorrizko epaia 2025eko martxokoa izanik, hamabost hilabeteko inhabilitazioa 2026ko ekainean amaitu du Le Penek eta, hortaz, Frantziako hauteskunde presidentzialetara aurkezteko aukera izango luke. Hauteskundeen lehen itzulia 2027ko apirilerako dago aurreikusia, eta bigarren itzulia maiatzerako.

Le Pen ala Bardella hautagai?

Le Penek, hiru urteko espetxe zigorra jasota espetxea zapalduko ez badu ere, eskumuturreko elektronikoa eraman beharko luke urte betez. Hau da, eskumuturrekoarekin egingo luke hauteskunde kanpaina. RNko buruak esana du baldintza horietan ez litzatekeela hautagai izango. Naiz-ek jaso duenez, iragan asteazkenean, esaterako, adierazi zuen hautagai batek mugimendu askatasuna izan beharko lukeela, eta eskumuturrekoak hori mugatzen dio. Halere, TF1 telebista kateak egindako elkarrizketan adierazi du hauteskundeetara aurkeztuko dela.

Le Pen ez izatekotan Jordan Bardella alderdiko presidentea litzateke RNren presidentzialetarako hautagaia, itxura guztien arabera. Epaia ezagutu aurretik egindako inkesten arabera, Bardellak Le Penek baino emaitza hobeak eskuratuko lituzke hauteskundeetan. Hain zuzen ere, inkesten arabera RN eskuin muturreko alderdiak irabaziko lituzke Frantziako presidentziarako lehen itzuliko hauteskundeak.