Larunbat gauean, sari banaketaren ostean, Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioa ixteaz arduratuko da Le Faux Soir film belgikarra, benetako gertakarietan oinarritutako pelikula. “Drama serioa” dela esan du Michael R. Roskam zuzendariak, baina badituela “gauza komikoak” tartean, “Bruselako jendea graziosoa delako”.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Fikziora ekarri dute Le Soir egunkariarekin Bigarren Mundu Gerran gertaturikoa. Leku ugaritan bezalaxe, naziek Brusela hartu eta egunkari salduenak bereganatu zituzten, beraien zerbitzura ipini eta propaganda nazia egiteko. Izan ere, filmean hainbatetan adierazten den bezala, komunikabideak “gerrarako arma” dira, eta naziek hastapenetatik argiki jokatu zuten horrela. Pelikularen hastapenean badira adibide argi pare bat, nola “pilotu britainiar” izendatu beharrean, adibidez, “terrorista britainiar” izendatzen den. Hitzaren borroka eta horri desobedientzia egitea dira filmeko bi gai inportante, kazetaritzak duen boterearekin batera.
Bruselan, aipaturiko Le Soir egunkariari, egun batez, kopia faltsu bat egin zion demokraziaren erresistentziarako talde batek. Horixe da Le Faux Soir (“Le Soir faltsua”) filmaren mamia: nola antolatzen diren, zein aliatu topatzen dituzten, non inprimatuko eta nola zabalduko den, nola atzeratu Le Soir-en benetako argitalpena egunkari faltsua kioskoetara iristeko... Pelikula ederra da garaiko inprentaren barrunbeak ezagutzeko, detaile ugari zaindu baitituzte.
Film serioa da, gaiak hala eskatzen duelako, baina baditu ateraldi komiko ugari. Horri buruz galdetu diote Michael R. Roskam zuzendariari prentsaurrekoan. Esan du egunkari satirikoa dela Le Soir, Bruselako jendea ere “dibertigarria” dela, eta garai hura “drama handikoa” bada ere, naturaltasunez egin dutela gidoia era horretako. Mara Taquin aktoreak zera gehitu du: “Gauza leloak ere egin behar dira bizirauteko, ezta? Are gehiago halako muturreko egoeretan, uste dut gizakiak berezko dituela horrelako irtenaldiak”.
Ez dela biopic bat esan du zuzendariak, nahiz erabilitako izen-abizenak benetakoak diren. Fikzioarekin osatu dute asko, aitortu duenez. Izan ere, historiako orrietan oso ondo jasota ez dagoen informazioa dela azaldu du, galdera asko eginda osatu dituztela pertsonaiak, eta, jakina, fikzioa denez, kontakizunaren mesedetan garatu dituztela detaileak.
“Atzera egin aurrera begiratzeko, gaurko eguna kontatzeko”, horixe du xedeetako bat filmak, Roskam zuzendariaren esanetan. Nazismoarekin alderaketarik egiteko betarik gabe, aipatu ditu munduan piztuta dauden hainbat gerra, eta esan du desinformatzeko erabiltzen dela informazioaren jabetza. Esaterako, Gazan. Aldamenean zuen Arieh Worthalter aktoreak osatu du ideia: “Informazio gerra bat bizi dugu, gehiegi eta azkarregi daukagulako. Naza dokumentala, adibidez: zergatik zaio beldurra, inork ez du ikusi-eta?! Jendeak beldurra du gizarte batek hausnarketa kolektiboa egiteko, eta ez dugu espaziorik uzten horretarako”.
Informazio eskubidea defendatu, adierazpen askatasuna aldarrikatu, eta desinformazioari aurre egin behar zaion garaia bizi dugula esan dute prentsaurrekoan.