Lazkao Txiki, ehun urte eta bizirik

  • Bertsolaria jaio zela ehun urte bete direnean, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Lazkaon. Besteak beste, ekitaldi berezia egingo dute astearte honetan, harrizko bere irudiaren ondoan, herriko hainbat eragileren eskutik. 1993an hil zen Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki, baina bertsolari kuttunaren arrastoak eta oroimenak oso bizirik jarraitzen du herritarren artean. 

Joxe Migel Iztueta Kortajarena, 'Lazkao Txiki' (1926-1993) Aitor Bayo / ARGIA CC-BY-SA

2026ko irailaren 15ean - 09:55
Azken eguneraketa: 16:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ehun urte bete dira Joxe Migel Iztueta Kortajarena Lazkao Txiki (1926-1993) jaio zela, eta hiru hamarkada baino gehiago hil zela. Bertsolari txikiak bizi artean utzitako pasadizoak, bertsoaldiak eta esamoldeak ez dira hargatik erraz antzean ahaztuko. Urteurren biribilarekin, hainbat ekitaldi antolatu dituzte bere jaioterrian, Lazkaon (Gipuzkoa).

Irailaren 15 honetan, bertsolariaren jaiotegunean, ekitaldi berezia antolatu du Lazkaoko Udalak, Lazkaoko bertso eskolako eta Oin Arin dantza taldeko kideen laguntzarekin. Herrian bertan, Lazkao Txiki plazan paratutako bere harrizko irudiaren ondoan izango da, 18:00etan hasita.

Aurrez, baina, makina bat ekitaldi izan dira herrian mendeurrena kari. Apirilean Lazkaoko Ikastolako haurrekin eta bertsolariekin osatutako ikuskizuna egin zen. Iraila hasieran, berriz, Gerriko Kultur Elkarteak eta Goierriko Bertsozale Elkarteak antolatuta Xabier Amurizak Lazkao Txiki, bat bateko sorgina hitzaldia eskani zuen Areria aretoan. Eta ostiral honetan, irailak 18, Unai eta Eñaut Agirre kantuan izango dira Gerrikon, Auskalo zeinek jarriak... bertso zahar eta berriak. Lazkao Txiki gogoan bertso afarian. 

Lazkao Txiki hainbat bertsolari ondoan dituela Arozena
Xalbadorri 1977an egindako omenaldian Azpillagarekin batera bertsotan Pedro Loubet

Lazkaomendiko Abaline baserrian jaioa, Joxe Migel Iztueta oso azkar hasi zen bertsotan garaiko bertsolari ezagunekin, Uztapide, Zepai edo Lasarte kasu. Gorpuzkera txikiak, ahots finak, umoreak eta samurtasunak markatu zuten bere kantaera, eta bat-bateko bertsolari peto-petoa zen.

Haren ateraldiek, dramatizazioak eta bere buruaz barre egiteko zuen joerak –multizahar baserritar eta pobrearen paperetik–, entzuleek txaloka, algaraz, baina baita maitakor hartzea ere ekartzen zuten. Hala ere, estereotipo horrekin "erreta" zegoela ere aitortu zuen behin baina gehiagotan: "Nahikoa da esatea barre egiten duenak negar ere egiten duela. Batek egiten dizkik biak", azaldu zien Juan Joxe Petrikorenari eta Jon Aranori, ARGIArekin 1988an egindako elkarrizketa batean.

Bertso bazkari batean, besteak beste Kike Amonarriz ondoan. Umorea lagun izan zuen Lazkao Txikik. ARGIAren artxiboa
Grabadora eta edalontzi erdia, mahaiaren bueltan, 1979an. Luis Otaegi
1976an jasotako sari batzuekin ARGIAren artxiboa

Bestalde, Lazkao Txiki aforista bikaina zen, esaldi bakarrean eta oso modu sinplean belarri guztiek entzuteko moduko ideiak botatzeko kapaza zen: "Txikia bai, baina eskasa ez!", azpimarratu ohi zuen, ezagun denez. Berea da, halaber, beste esaldi hau: "Martxa honetan, aurki erdaraz hitz egingo dugu euskaraz ari garelakoan". Euskararen egoerak asko kezkatzen zuen Abalineko bertsolaria: "Desibili esan eta gelditu egin beharko diagu laster".

Baina Lazkao Txikiren memoria herritarren barruan gorde bada, oso gertukoa zelako ere bada. Esaterako, maite zituen haurrak, eta Lazkaon gaur heldu diren asko oraindik oroitzen dira gerturatu eta txanpona nola oparitzen zien irribarretsu, bertsotan hasi aurretik edo ondoren. 

Zaldibian (Gipuzkoa) ateratako argazki batean, 1987an. ARGIAren artxiboa

Beti amets, baina baserriko ganadu lanek itota, sekula idatzi ez zuen liburua berekin eramanda joan zen Lazkao Txiki gure artetik 1993ko apirilaren 3an: "Euskaldunak idazten oso alferrak garela diote. Lehengoak hala izan omen ziren. Ikusten da oso gauza gutxi utzi zutela idatzita, eta oraingoak ere berdintsu", esan zuen, ironiaz, Amagoia Ibanekin hil baino bi urte lehenago ARGIArako izandako beste elkarrizketa batean.

Hutsune nabarmena utzi zuen, baina bertsolari "txiki handiak" bizirik jarraitzen du gaurko pasadizo, elkarrizketa eta bertsoetan.


Bertsolaritza kanalean gehiago
2026ko irailaren 18
Bertso bazkari berezia irailaren 26an Azpeitian
Sasoiko menu goxoa eta bertsoz eta ilustrazioz osatutako liburuxka opari

2026ko irailaren 9
Udane Mugerza Salegi, Talde Antolatzaileko kidea
"Arnasgune ibiltaria da txapelketa"

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.