Laurent Intxauspe orain arteko auzapezak agintaldia errepikatuko du Donibane Garazin, botoen %55,72 lortuta (487 boz).
Bi zerrenda ziren lehian Donibane Garazin. Donibane, Denek Bizi Dezagun zerrenda atera da garaile, zentroa eta eskuina biltzen dituena. Bigarren zerrendak, Xabi Larre buru duen Donibane Erne-k (ezkerreko abertzaleak barne dituen zerrenda, EH Baik babestua) %44,28 boto lortu ditu (387 boz).
Irabazi berritan, taldearen lehentasunaz aritu da Intxauspe: "Donibandarren egunerokoa, zaurgarri eta ahulenak, eta azpiegiturak". Horiek hiru zutabe nagusiak, aditzera eman duenez. Azpiegituretan, etxebizitzen arloa, Eliza berritu beharra, eta kirol eta kultur azpiegiturak nabarmendu ditu. Auzapez gisa urtetako esperientzia izan arren, aipatu du hau ez dela segida bat: "Segida bat baino gehiago da. Esperientzia badugu, zorrotzagoak gara, herritarren beharrei buruz, eta gainera etorri berriak ditugu taldean, energiaz beteak".