Hiru alditan Confebask ez da agertu EAEn gutxieneko soldata ezartzeko negoziatzera ELA eta LAB sindikatuekin. EAEko Auzitegi Nagusian salaketa jarri zuten sindikatuek, eta epaiketa aurretik egin ohi den adiskidetze bilerara ere ez da agertu patronala. Sindikatuen ustetan “legeari muzin” egiten ari da, eta orain auzitegiak erabaki beharko du patronalak negoziatu behar duen ala ez. Bide beretik, kritiko agertu dira EAJ eta PSE-EE alderdiekin.
EAErako gutxieneko soldata ezarriko duen lanbidearteko akordioa negoziatze aldera, ELA eta LAB sindikatuak hiru alditan saiatu dira Confebaskekin elkartzen. Hiru alditan ez da negoziaketetara agertu patronala eta ez da aukerarik izan negoziazio mahaia osatzeko. Patronalak adierazi izan du eskumena Espainiako Gobernuari dagokiola eta enpresen “lehiakortasuna eta egonkortasuna arriskuan” ipini dezakeela. Saiakera horien guztien ondoren, asteartean sindikatuek patronalaren aurkako demanda jarri dute EAEko Auzitegi Nagusian. Epaiketa aurretik egin ohi den adiskidetze bilerari uko egin dio Confebaskek, hortaz, laugarren aldiz ukatu dio sindikatuekin negoziatzeari. Auzitegiak erabaki beharko du orain patronala behartzen duen negoziatzera ala ez.
Sindikatuek adierazi dute patronalak sistematikoki uko egiten diola EAEn hitzarmen berriak negoziatzeari, horrek aukera ematen diolako langileak “muturreraino esplotatzeko”. Gaineratu dute Confebaskek “legeari muzin” egiten diola eta ahaztu egin duela “demandatzaileek legitimitatea dutela autonomia-erkidegoko negoziazio kolektiboa eskatzeko”. Salaketan jaso dutenez, erkidegoetako lanbidearteko hitzarmen eta akordioek lehentasuna daukate estatukoen aldean, 84. artikuluan oinarrituta, eta ondorio horretara daramatza arauen interpretazio sistematiko eta teleologiko batek: “Negoziatzeko betebeharra egongo da baldin eta autonomia-esparruko akordio bat negoziatu nahi bada, eta, sinatuz gero, legeak aitortzen dion aplikazio-lehentasuna izango du”.
Sindikatuak, era berean, kritiko agertu dira EAJk eta PSE-EEk daukaten jarrerarekin. Eusko Legebiltzarrak uko egin zion eztabaidatzeari ia 140.000 sinadura lortu zituen Herri Ekimen Legegilea. Sindikatuen aburuz, patronalari ezin zaio eman soldaten egitura ezartzeko monopolioa eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko herrialdeen %90 baino gehiagok legez ezartzen dute gutxieneko soldata. Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiei aurpegiratzen diete Confebaski eman nahi izana monopolio hori, eta diote horregatik ez dutela gutxieneko soldata ezartzeko eskuduntzarik nahi.
Laugarren aldiz patronalak negoziatzeari uko egin ondoren, sindikatuek martxoaren 17ko greba orokorra “ezinbestekotzat” jo dute.