Lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote irakasle oiartzuarrari, hurbilpen sexual eta mehatxuengatik

  • Epaimahaiak frogatutzat eman du irakaslea hiru ikaslerekin harremanetan jarri zela sare sozialen bitartez, helburu sexualekin. Gainera, mezuak ezabatzera behartu zituen ikasleak. Fiskaltzak 22 urteko zigorra eskatu zuen.


2026ko apirilaren 24an - 10:27
Azken eguneraketa: 12:56
ORAIN EITB
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Gipuzkoako Auzitegiak lau urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri dio Irungo institutu batean jarduten zuen irakasle oiartzuarrari, fiskaltzak 22 urteko zigorra eskatu bazuen ere. Epaimahaiak erruduntzat jo du Jon Perurena akusatua, 16 urtetik beherako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako DBHko ikasleei Internet bidez sexu-harremanak izateko helburuarekin hurbildu eta mehatxuak egiteagatik. Horrez gain, magistratuak ebatzi du sexu-jazarpeneko delitu arin batengatik 20 eguneko lokalizazio iraunkorra izan beharko duela, eta lau urteko zaintzapeko askatasunean egon beharko dela espetxe-zigorra bete ondoren.

Martxoan izan zen epaiketa, eta ostegunean eman du ebazpena epaileak: egiaztatu egin du akusatua 2023-2024 ikasturtean lan egiten zuen Irungo zentroko hiru ikaslerekin harremanetan jarri zela profil faltsu baten bidez sare sozial batean. Epaian azpimarratu denez, helburua balizko sexu-interakzioetarako eremua prestatzea zen. Gainera, Perurena ebidentziak suntsitzen ahalegindu zen, horretarako “beldurra eta mehatxuak” tarteko, epaimahaiak ebatzi duenez. Hori frogatzeko, erabakigarriak izan dira adingabeen telefonoen bidez lortutako froga digital “sendoak”.

Epaiketan jakin zenez, institutu horretako 13 eta 15 urteko hiru neska ikaslerekin izaera sexualeko solasaldiak izan zituen Perurenak Instagram bidez; kontu faltsu bat sortu zuen, eta ikasle aukeratuei adierazten zien solasaldietan benetan zein zen. Are, ikasleren bati eskatu zion beste ikasle bati bidaltzeko profil faltsua, harekin ere hitz egin nahi zuela Instagrametik. Solasaldien edukietako batzuk: sugar daddy eta sugar baby izatearen inguruan –opari edo diru truke sexualki harremantzea–, gorputzari buruzkoak, sumisio sexualaz –ikasleak ez zuen ulertu eta irakasleak azaldu zion zein praktika mota den–… Akusatuak antzeko aurrekariak zituela azaldu zuen ertzainak, besteak beste bere burua masturbatzen erakusten duen bideo bat aurkitu zutela adin txikiko baten mugikorrean.

Akusatuak, baina, biktima gisa aurkeztu zuen bere burua. Martxoko epaiketan komunikabideei adierazi zien berari eskaintzen zizkiotela neskek sexu-mesedeak. “Ni ikastetxeetara joaten naiz, batez ere DBHn, eta rock izarra ematen dut, neskez inguratuta nago”, argudiatu zuen. ”Lan jazarpenaren biktima” zela ere adierazi zuen epaiketan. Hala ere, epaimahaiak akusatuaren bertsioa errefusatu du, eta ondorioztatu du berak bilatzen zuela neskak haren inguruan ibil zitezen, helburu sexualekin.

Hainbat akusazio frogatuak izan badira ere, auzitegiak absolbitu egin du Perurena lau delitutik. Hiru, sexu-mesedeak eskatzeagatik, eta laugarrena adingabeen aurrean sexu-exhibizionismoagatik. Epailearen arabera, ez dago ebidentziarik akusatuak adingabeei eskatu zienik sexu-izaerako ekintza zehatzak egitea prestazio ekonomiko edo promesen truke. Halaber, magistratuak ebatzi du ezin dela frogatu sexu-edukia duen bideorik bidali zituenik. Epaia, baina, ez irmoa, eta helegiteak aurkez daiteke EAEko Auzitegi Nagusian.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Sexu Erasoak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.