Nafarroan, Araban eta Bizkaian lau gizonezkoren erasoak salatu dituzte. Lehen hiruak atxilotu dituzte: Zizurreko irakasle bat 42 neska eta emakume grabatzeagatik; zinpeko zaintzaile bat Nafarroako adigabeen zentro baten bi neskatilari egindako ukituengatik; eta 21 urteko gizonezkobat Gasteizen adingabe bati egindako bortxaketagatik. Laugarrena ikertzen dabiltza Amorebieta-Etxanon (Bizkaia) egindako bi sexu erasorengatik.
180 urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote gutxienez 42 neska eta emakume grabatu dituen Zizur Nagusiko (Nafarroa) irakasleari. Ezarri daitekeen zigorrik handienaren iraupena bost urtekoa bada ere, 15 urteko kartzela zigorra beteko du gehienez eta espetxetik irtendakoan hamar urtean ezingo du adingabeekin lotura duten lanbide edo jardueretan aritu. Intimitatearen kontrako 40 delitutik gora, intimitatearen kontrako delitu jarraituak, haur pornografia edukitzea eta haur pornografia sortzea egotzi zaizkio. Epaia ez da irmoa eta helegiteak aurkezteko aukera dago, Berriak jaso duenez.
Zizur Nagusiko Institutuko ikasle eta irakasleen grabaketak, arropa dendetako aldageletan emakumeei eta bizilagunei egindako bideoak topatu dituzte. 41 emakume zenbatu diren arren –horietatik 31 adingabeak– aldageletan grabatutako bideoetan Foruzaingoak ez du lortu agertzen diren emakume guztiak identifikatzea. Grabaketez gain, ikasleen posta elektronikoetako eta sare sozialetako pasahitzak eskuratu zituen, nesken artxibo eta argazki intimoak ikusi eta artxibatzeko baliatu zuena. Foruzaingoak adimen artifizialarekin neskak irudietan biluztu eta bera gehitzeko programa informatikoa topatu du.
Baztertu egin dituzte akusatuak eskatutako beste aringarri batzuk: buru nahasmendua, prozesua luzatzea eta egindakoa aitortzea. 3.000 eta 15.000 euro artean ordaindu beharko dizkie eraso egin dien emakumeei.
2023ko urrian auzipetuaren eraikin berean bizi zen emakume batek jarritako salaketari esker izan du Foruzaingoan gertakarien berri. Bizilagunak kamara bat ikusi zuen logelako leiho kanpoan, goiko solairutik zintzilik zegoen sokari lotuta. Iruñeko laugarren Instrukzio Epaitegiko titularrak erasotzailearen etxebizitzan sartu eta miatzeko aukera eman zuen. Foruzaingoak akusatua atxilotu ostean, gailu elektronikoetan komun eta aldageletan neska gazteei baimenik gabe ateratako irudiak topatu zituzten. Zizur BHIko ikasle eta ikasle ohiak zirela antzeman zuten.
Zinpeko zaintzailearen erasoa Nafarroako adingabeen zentroan
Nafarroako adingabeen zentro bateko zinpeko zaintzaileak bi adingaberi eraso egin die. Asteartean onartu du Nafarroako Audientzia Probintzialeko lehen atalak akusatuaren eta fiskaltzaren akordioaren ondoren ondorengoa egotzi dio: mina konpontzeko adingabe bati 7.000 euro eta besteari 3.000 euro ordaintzea; eta 25 urtez adingabeekin lan egiteko debekua. Ez da espetxeratua izango lau urtez delituak egiten ez baditu, El Diario de Navarrak jaso duenez.
Atxilotu dute Gasteizen adingabe bat bortxatu duen erasotzailea
21 urteko gizona atxilotu dute Gasteizen adingabe bat bortxatzegatik. Apirilaren 5ean izan zen erasoa eta apirilaren 9an atxilotu zuten erasotzailea. Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapean dago erasoa jasandako adingabea. Egunean bertan jakinarazi zion hezitzaileari gertakarien berri, osasun azterketak egin eta salaketa aurkezten aktibatu zen zion protokoloa, Berriak jaso duenez.
Bi sexu eraso egotzita gizonezko bat ikertzen dabil Durangoko Guardiako Epaitegia
2025eko urrian Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) Magamore jaialdian gizonezko batek egindako bi sexu eraso ikertzen ari da Durangoko Guardiako Epaitegia. Lehen emakumeak, Burgosekoak (Gaztela), salaketa jarri zuen eta Iruñeko beste emakume batek jarritakoarekin lotu zen. Baimenik gabe musukatzea eta bortxatzeko helburuarekin indarkeria baliatzea egozten zaizkio.