argia.eus
INPRIMATU
Lau gizon atxilotu dituzte indarkeria matxistagatik
  • Bilbo, Erandio eta Soraluzen gertatu dira erasoak, asteartea eta asteazkena bitartean. Erasotzaileak 18 eta 36 urte arteko gizonezkoak dira.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 02a
Eraso matxistak salatzeko elkarretaratzea, Bilboko Indautxu auzoan (Argazkia: Ecuador Etxea)

Astearte eguerdian jazo zen lehen erasoa, Bilbon. Ertzaintzak jakinarazi duenez, 18 urteko gizon batek bere bikotekidea izandako emakumea jo eta mehatxatu zuen. Erasotzailea atxilotu egin zuten, eta emakumea ospitalera eraman, artatua izateko.

Astearte arratsaldean Erandiotik deia jaso zuen Ertzaintzak, etxebizitza batean eraso bat ematen ari zela aditzera emanez. Erasotzailea eta erasoa jasandakoa BI-735 errepidean geldiarazi zituen poliziak, etxetik joanak baitziren. Antsietate krisiak jota aurkitu zuten emakumea, eta anbulantziari dei egin zioten berau artatzeko.

23 urteko erasotzaileak urruntze agindua zeukan indarrean, eta mugikorra eta giltzak kendu zizkion emakumeari. Indarkeria matxista eta urruntze agindu judiziala urratzea egotzita atxilotu zuten.

Asteartean bertan, bikotekidea jo eta laban batekin mehatxatu zuen 25 urteko gizonezko batek. Erasoa gelditzen saiatu zen emakume bat ere kolpatu zuen erasotzaileak. Bi emakumeak ospitalean artatu zituzten eta gizonezkoa atxilotu egin zuten, Eibarko epaitegiaren esku utziz.

Asteazken goizaldean 36 urteko gizon batek emakume bat jo du Bilboko Gordoniz kalean. Anbulantzia eta Ertzaintza bertaratu dira, eta emakumea ospitalera bideratu dute. Gizonezkoa Iparragirre kalean atxilotu dute.