Larunbatean amaituko da Angelun La Passem, okzitanieraren aldeko herri lasterketa

  • Korrikaren gisara, La Passem herri lasterketak hamar egun eman ditu Gaskonian zehar, eta larunbatean amaituko da, lehen aldiz, Euskal Herrian. Egitarau zabala antolatu dute Angelun. 

La Passem

2026ko maiatzaren 8an - 10:45
Azken eguneraketa: 12:04
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

2.000 kilometrotik gora egin ditu hamar egunez La Passem okzitanieraren aldeko herri lasterketak, Gaskoniako lurretan zehar. Euskal Herritik hainbatetan pasa bada ere, larunbatean emango diote amaiera ekimenari lehen aldiz gurean. Hain zuzen, Angelun izango da amaiera festa, eta egitarau zabala antolatu dute. Korrikan bezala, ekitaldiak okzitaniera bultzatzeaz gain, hizkuntzaren alde lan egiten duten proiektuentzako funtsak biltzeko xedea du.

Kazeta.eus-eko kideek azaldu duten bezala, La Passem ekitaldiaren dinamika Korrikarenaren oso antzekoa da. Sailkapenik gabeko lasterketak Gaskonia zeharkatzen du bi urtean behin, egunez zein gauez, gelditu gabe. Ligam-a, hizkuntza sinbolizatzen duen lekukoa, eskuz esku transmititzen da ibilbide osoan zehar, barruan mezu sekretu bat duelarik. Angelura iristean irakurriko dute.

Iragarri dutenez, jarduera ugari antolatu dituzte larunbatean Angelun, goizetik gauera arte. 10:00etatik arratsaldeko 16:00ak bitartera ekoizle gaskoien produktuen azoka izango da. Bitartean ere izango dira beste hainbat ekitaldi, esaterako, mukuluz ibiltzen ikasteko tailerra, okzitanierazko filmen proiekzioa, musika. Gainera, une oro La Passem zuzenean jarraitu ahal izateko pantaila handi bat egongo da.

17:00etan segituko du egitarauak, A Tot Vedente ikuskizunarekin, zeinak 100 bat musikari, kantari eta dantzari taularatuko dituen. Ondoren, 19:00etan iritsiko da lasterketa helmugara. Ligam-a ireki, eta barneko mezua irakurriko dute. Festari amaiera emateko, 20:00etatik 23:30era bitartean musikak eta dantzek alaituko dute gaua. Tust, Galactic Aulhèrs eta Karnahas taldeak izango dira taula gainean.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.