Espainiako Gobernuak Mantle8 enpresari baimena eman dio hidrogeno naturala bilatzeko meatze-esplorazioak egiteko. Horren aurkako mozioa onartu zuen Larraungo Udalak (Nafarroa) irailaren 30eko batzarrean, gehiengo osoz (EH Bildukoak dira udal ordezkari guztiak). Mozioan ohartarazi dute "Euskal Herrian inoiz planteatu den proiektu estraktibista handiena izan daitekeenaren aurrean" gaudela.
Hidrogenoa bilatzeko Euskal Herrian hasi dituen meatze-esplorazioen aurrean: Mantle8 kanpora! mozioa onartu du Larraungo Udalak (hemen osorik irakurgai). Bertan zalantzan jarri dute enpresaren diskurtsoa: "Mantle8k dioenez, esplorazio-lanek ez dute kalte nabaririk eragiten, baina ustiagarriak diren aztarnategiak detektatuz gero, enpresaren jarduera hidrogenoaren eskala handiko erauzketa industrialera bideratuta dago. Mantle8k ez du hitzik ere esaten halako plan bat egiteak dakartzan eragin ekologiko eta sozialei, lurraldearen okupazioari, kostu ekonomikoei eta abarri dagokienez. Meatze-zulaketen eta erauzketen sakonera 1.000-3.000 metrokoa izan daiteke, ordea, 4.000 metro inguruko kotak baztertu gabe".
Mozioak planto egitera deitu du: "Megaproiektu honek ez du zerikusirik ez desazkundearekin, ez energiaren gaineko kontrol soziala ahalbidetuko lukeen baliabideen aprobetxamenduarekin, ezta denok gogoan izango dugun gizonen lana jakintza dugu, ezagutuz aldatzea, naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea dioen kanta ederrak adierazten duen aldarriarekin ere, ezta urrundik ere. Ez gaitezen engaina!". Udalei eta lur-jabeei proposatu die esplorazio-lan horiek egiteko baimenik ez ematea, "prentsa albisteen arabera, enpresak udalen baimena behar baitu udal-lurretan esplorazio jarduketa horiek egiteko, eta lurren jabegoa pribatua denean jabeei dagokie baimena ematea".
Mantle8 enpresak hidrogenoa bilatzeko lortu dituen "Aralar I" eta "Aralar II" baimenek bien artean 1.680 km2-ko azalera hartzen dute: Aralar, Andia eta Urbasa, Lokiz eta Ameskoetako mendialdea daude bertan. Larraungo Udalak onartu duen mozioak nabarmendu du horietan "nekazaritza, baso eta natura-intereseko eremu garrantzitsuak" daudela: Urbasa-Andia Parke Naturala, Lokiz eta Arabako hegoaldeko mendilerroen Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE aurrerantzean), Ega-Urederra eta Arakil ibaiak KBE, Aizkorri-Aratz Parke Naturala, Aralarko Parke Naturala KBE, Ultzama eta Basaburuko hariztiak, Belate KBE eta Alduide mendiko KBE.
Lur horiek entitate hauei dagozkie: Arabako Asparrena, Harana eta Entziako Partzuergoak; Gipuzkoako Abaltzisketa, Amezketa, Ataun, Tolosa eta Enirio-Aralar Mankomunitatea; eta Nafarroako Abartzuza, Allin, Altsasu, Ameskoabarren, Anue, Araitz, Arakil, Aranaratxe, Arbizu, Arruazu, Atetz, Bakaiku, Basaburua, Baztan, Belaskoain, Betelu, Bidaurreta, Deierri, Ergoiena, Erro, Esteribar, Etxarri Aranatz, Eulate, Ezkabarte, Gares, Gesalatz, Girgillano, Goñi, Imotz, Irañeta, Irurtzun, Iturmendi, Itza, Txulapain, Lakuntza, Lana, Lantz, Larraun, Larraona, Lekunberri, Lezaun, Metauten, Odieta, Olaibar, Olazti, Ollaran, Cendea de Oltza, Jaitz, Uharte Arakil, Ultzama, Urdiain, Zabaltza, Ziordia, Zirauki, Ziritza eta Zuñigako udalerriak ere.
Hidrogeno zuriaz gehiago jakiteko, irakurri Xabier Letonaren artikulua: Hidrogeno zuria: urre beltz berria, amets eta burbuila