Lapurdin emisio ahuleko eremua sortzeko egitasmoa deuseztatu dute Frantziako Legebiltzarrean

  • Lapurdiko Hendaia, Urruña, Donibane Lohizune, Ziburu, Getaria, Bidarte, Biarritz, Angelu, Baiona, Bokale eta Landetako Tarnose hiriak ziren gas emisio gutxiko eremuan sartzekoak. Azkenean, eskuin muturrak eta eskuinak aurkezturiko neurriaren alde egin du Frantziako Legebiltzarreko gehiengoak: eremu horiek deuseztatu dituzte. Ingurumenaren eta herritarren osasunaren alde harturiko beste hainbat neurri ere lurperatu dituzte apirilaren 14ko bozketan.


2026ko apirilaren 16an - 07:00
Emisio gutxiko eremuen kontra egindako elkarretaratze bat, Euskal Hirigune Elkargoaren batzar baten kari. Berria
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Eskuin muturrak eta eskuinak elkarrekin eramandako neurria pasa da: auto kutsagarrienak hiri erdigunean debekatzeko neurria deuseztatu dute. 275 diputatu alde eta 225 aurka agerturik, Frantziako Legebiltzarreko gehiengoak egin du eremu horien deuseztatzearen alde. Bizi ekonomikoa sinplifikatzeko lege-proiektua deitu testu horretan ehun bat neurri dira, elkarren artean lotura eta koherentzia handirik gabekoak. "Trumpen estiloko nahaspila" bat, ezkerraren arabera, argi eta garbi ingurumena daukana jomugan.

Emisio gutxiko eremuak sortzeko neurria 2021ean martxan jarri zuten Frantziako Estatuan, Klima eta Erresilientzia Legearen bidez. Partikula finen emisioak mugatu nahi ziren hiriguneetan, airearen kalitatea eta, beraz, herritarren osasuna zaintzeko gisan. Baina kritika gogorrak jaso ditu neurriak, besteak beste, diruz prekario direnen partetik –aberats ez izanik, auto zaharrak, hots, kutsakorrak izanda, hiriguneetatik baztertuta izatea ez dutelako onartzen–. Neurriari egokitzeko laguntzarik bideratu ez izana izan dute kritika nagusia. Haserre hori bereganatu du eskuin muturrak eta beraien bozeramaile balitz bezala aritu da Legebiltzarrean.

Lapurdin, iazko ekainean abiatzekoa zuten neurria, zehazki Hendaian, Urruñan, Donibane Lohizunen, Ziburun, Getarian, Bidarten, Biarritzen, Angelun, Baionan, Bokalen eta Landetako Tarnose hirian; baina azkenean, behin-behinean eten zuten prozedura, "zuhurtziaz jokatzeko". Ikusita neurriaren kontrako postura azkar zegoela Frantziako Legebiltzarrean, berehalakoan gasturik ez abiatzeko hautua egin zuen elkargoak. Kexu mintzatu zen orduan Euskal Elkargoko Klima Trantsiziorako lehendakariorde Martine Bisauta Parisen diputatu batzuek hartutako erabakiari buruz, erabilitako argudioak "aski miserableak" zirela erranda: "Ez dakit posible den Frantziako Estatuan emisio gutxiko eremurik ez izatea, ikusita inguruko herrialdeetan abiatuak direla. Frantziako hainbat lekutan ere plantan dira jadanik".

Lurren artifizializazioa aitzina

Beste neurri bat ere dute lurperatu: 2031rako lurren artifizializazioa erdiz gutitzeko helburua –eta hortik, lurren artifizializazio ororen bukaera 2050erako–. 2021ean bozkatu zuten helburu ekologista horren alde, lurra betoiez estaltzeko logika gutxitzeko asmoz. 20.000 hektarea lur desagertzen dira urtero Frantziako Estatuan –bost futbol zelai orduro–.


Ingurumena kanalean gehiago
2026ko apirilaren 30
'Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian'
ESKAINTZA | Liburua opari, maiatzak 8 baino lehen harpidetuz gero

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.