Hamalau hilabetez patronalek proposamenik ez dietela helarazi jakinarazi du ELA sindikatuak. Negoziazio mahaia geldirik, Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileak greban eta mobilizazioetan aritu dira 2025eko maiatzetik. Lanaldiak egun osokoak izatea eta langile publikoekiko soldata arrakala murriztea eskatzen dute.
Martxoaren 27an, 11:00etarako egin dute deia patronalek. Matia, Adegi eta Lares dira Gipuzkoako zaharren egoitzak eta eguneko zentroak kudeatzen dituzten enpresak, eta 2025eko urtarriletik geldirik egon ondoren, lehen aldiz bilduko dira ostiralean. ELA sindikatuak eskatu du patronalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, zeinak erresidentzietan eskaintzen den zerbitzuen ardura daukan, “gatazka desbokleatuko duen” proposamena egitea. Langileen aldarrikapenak jasotzea ere eskatu du.
Egun osoko lanaldiak eta soldata arrakala murriztu
Martxoaren 17ko Greba Orokorraren harira, Aitziber Aramberri Donostiako Villa Sacramento egoitzako langile eta ELA sindikatuko delegatuak ARGIAri adierazi zion eskari garrantzitsuenetako bat dutela egun osoko lanaldiena: “Langileek ez dute borondatez egiten lanaldi erdia, enpresetako nagusiek ez dizkietelako lanaldi osoak eskaintzen baizik. Emakumeek bestelako adabakiak (zaintza eta garbiketa lanak ia beti) bilatu behar izaten dituzte eguna osatzeko, eta hilaren bukaeran soldata duina jaso ahal izateko”.
Beste eskakizun garrantzitsuak lanpostu publikoen eta pribatuen artean dagoen soldata arrakalarekin dauka zerikusia. Gipuzkoan oso egoitza gutxi daude zuzenean erakunde publikoek kudeatutakoak, eta horiek Kabia erakundean biltzen dira. “Egoitza Kabiakoa bada, toki berean lanean aritu daitezke lanpostu publikoa duten langileak eta azpikontratatutakoak. Kabiakoek 10.000 euro gehiago kobratzen dute urtean eta egutegiak hobeak dituzte, besteak beste”. Horixe da bigarren eskakizuna, soldata arrakala murriztea.
ELAk ez du argitu, negoziaketak hastear direla, sektoreko greba bertan behera geldituko den ala ez. Gaur egun, Gipuzkoako zortzi egoitzek hilero greba mugagabea berritzen dute. Martxoaren 17an 128 greba egun eginda zituen Aitziber Aramberri langileak. Gainerako egoitzek hilean hiruzpalau egun egiten dituzte greban. Sektore prekarizatu eta feminizatu honek 263 eguneko greba egin zuen COVID-19aren pandemia agertu baino lehen. Egoeraren larriak hala eskatuta, bertan behera utzi zuten greba luze hura.
Aramberrik aitortu zion ARGIAri grebak eta mobilizazioak egiteko beharra dutela, “sektore feminizatu eta prekarizatuei gizartean ikusgarritasuna lortzea asko kostatzen zaielako, eta baita patronalek eta erakunde publikoek entzutea ere”.