Etxeko eta zaintza langileen hainbat elkartek ezbaian jarri dute greba eredu klasikoa. Ohartarazi dute langile guztiek ez dituztela grebara ateratzeko baldintzak, eta emakume migratu eta arrazializatuen sektorea ikusezin bihurtzen dela greba askotan. Sindikatuekin eta mugimendu feministarekin bat eginda, martxoaren 17ko grebaren alde egin dute, zaintza sektore prekarizatu, feminizatu eta arrazializatuak erdigunea irabaz dezan.
Bilbon, martxoaren 15arekin elkartu dira etxeko eta zaintza langileen elkarteak, Denon Bizitzak Erdigunean plataformako kideak eta greba deitu duten sindikatuetako (LAB, ELA, Steilas, Etxalde e Hiru) ordezkariak. Ez da kasualitatea prentsa agerraldia igandez egin izana. Astean 60 ordutik gorako lanaldiak dituzte sektore horretako langileen erdiek baino gehiagok, eta oso zaila zaie prentsaurreko bat emateko elkartzea. Agerraldi baterako elkartzea nekeza bazaie, are konplikatuagoa dute greba batean parte hartzea. Haien lan-baldintzek eta langile bakoitzaren egoerek ia ezinezko egiten dute greba klasikoetan parte hartzea. Gogoeta hori plazaratu dute prentsaurrekoan: greba feministetan ikasi dute greba eredu klasikoetan erdigunean nor jartzen den eta nor bihurtzen den ikusezin. Azpimarratu dute zein diren gelditu ezin diren lanak eta horiek nork egiten dituen, alegia, emakume* migratuek eta arrazializatuek. “Langileen artean dauden desorekak, arrakalak eta egoera desberdinak aintzat hartzea” aldarrikatu dute, eta greban espazioa nork okupatzen duen eta nork ez begiratzea eta antolatzea. Haien ustez, greba “tresna boteretsua da” desberdintasunak izendatzeko eta langile guztiak kontuan hartzeko.
Martxoaren 17ko grebak erdigunean dauzka sektore prekarizatuenak eta pobretuenak, eta etxeko langileen elkarte hauen ustez, sektore horietako kideak dira emakumeak*, migratzaileak, gazteak eta aniztasun funtzionala duten pertsonak. Nabarmendu dute etxeko langileen gehiengoak (%68) 1.500 eurotik beherako soldatak dituela eta astean 60 ordu baino gehiago egiten duela lan. Etxeko Langileen Bizkaiko Elkarteak urtero jasotzen dituen datuen arabera, 2025ean, egoera irregularrean zeuden etxeko langileen %51 ez zen iristen lanbide arteko gutxieneko soldatara (Ez atsedenik, ez soldata duinik, ARGIA-2026-03-04).
Greban parte hartu dezaten
Zailtasunak zailtasun, etxeko langileak greban egotea da helburua eta haien aldarrikapen zehatzek oihartzuna eta ikusgarritasuna lortzea. Mobilizazioetan parte hartu ezingo duten langileei proposatu diete haien lanaldietan besoko laranja jantzita eramatea, bai etxean daudenean baita kalera ateratzen direnean ere. Kolore laranja borroka antiarrazistekin lotzen denez, kide migratu eta arrazializatuak aitortzeko ere baliatu nahi dute. Balkoietatik objektuak eskegiko dituzte, grebari atxikimendua eman zaiola adierazteko. Sareetan, #EtxekolangileokEreGrebaOrokorra traolaren pean, mosaiko digital kolektiboa egingo dute, greba egin ezin duten langileen argazkiekin osatuta. Mobilizazioetan, berriz, ez daudenen hutsuneak bistaratzeko moduak aurkituko dituzte.
Prentsaurrekoan, enplegatzaileak ohartarazi dituzte: “Etxeko eta zaintza langileek (ere) greba eskubidea dute eta hori errespetatu behar da”. Gogorarazi diete, haiek askotan langile klasekoak direla, eta era berean, patronala. Greba egin dezaten ahalbidetzea eskatu diete.