Langile etorkinen elkarte bati eraso dio faxista talde batek Parisen eta sindikalista bat larriki zauritu

  • Botila hautsiekin armatutako hogei bat faxistak igandean egin zuten erasoa, Parisko 10. barrutian, eta larriki zauritu zuten CGTko militante bat.

Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2026ko otsailaren 19an - 07:00
Adnan Farzat
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Parisko 10. barrutian, langile etorkinen elkarte baten egoitzara sartu ziren hogei bat faxista aurreko igandean, botila hautsiekin armaturik. Bertan zeudenei eraso egin zieten, eta France Info-k jakinarazi duenez, larriki zauritu zuten gizonezko bat. CGTko militantea da, sindikatuak berak baieztatu duen modura. Erasotzaileetako sei metro-geltoki batean atxilotu zituzten ondoren, baina gainerakoek ihes egitea lortu zuten.

Fiskaltzak ikerketa abiatu du, faxistei "borondatezko hilketa saiakera" egotzita, eta astelehen gauean igaro ziren atxilotuak epailearen aurretik. Gertakariak 17:00ak aldera izan ziren, faxista taldea eraikinaren barruko patiora sartu zenean. Egoitzan zegoen militanteetako batek France Inter-i esan dionez, "atea ireki zenean eta maskaratutako aurpegiak ikusi genituenean, kaputxekin, jakin genuen borrokatzera etorri zirela". Erasoaren indarkeriak urgentziazko gaitzespena eta mobilizazio-uholde bat eragin ditu.

Sophie Binet CGTko idazkari nagusiak bere X kontuan salatu du "egundoko indarkeriazkoa" izan dela erasoa, eta hala gaineratu du mezuan: "Ez dezagun ahaztu: faxismoak hil egiten du. Erresistentzia". Young Struggle France antolakundeak protesta-ekitaldi batera deitu zuen astelehen arratsalderako, Paris Ekialdeko geltokian, eraso faxista salatzeko.

Etorkinen eta sindikalisten aurkako biolentzia faxistaren gertakari berri hau ez da gertakari isolatu bat, baizik eta gorroto-giro baten ondorio zuzena, diskurtso politiko eta mediatikoek sistematikoki elikatzen dutena. Diskurtso horiek "barne-etsaitzat" jotzen dituzte immigranteak eta antolatutako langileak, are gehiago Lyonen militante faxista bat hil ondoren, antifaxistekin izandako liskar baten erdian. Talde faxista horiek izua zabaltzen ari dira Frantziako Estatuko hainbat hiritan, indar polizialen konplizitatearekin; Stret Press-ek, adibidez, faxistek Lyonen egindako eraso eskuadrista ugari dokumentatu ditu.

Arku parlamentario guztiko alderdi instituzionalek borroka antifaxistaren seinalamendua eta kriminalizazioa normalizatzen dituzten bitartean, mugimendu faxistaren oinarri bortitzenek kaleetan jarduten dute; immigrazioa, borroka sindikala eta antifaxismoa kriminalizatzen urteak daramatzatenen artean, ulermena edo isiltasun konplizea aurkituko dituztela jakinda.


Faxismoa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.