Kaleratutako beharginak berriz kontratatzeko exijitu dio langile batzordeak Maderas de Llodiori

  • EAEko Auzitegi Nagusiak asteazkenean ebatzi du enpresak 35 langile bidegabeki kaleratu zituela, Enplegua Erregulatzeko Espedientea aplikatzeko arrazoiak “behar bezala” ez egiaztatzeagatik. Enpresako langileek 150 egun baino gehiago daramatzate greba mugagabean.

Maderas de Llodio enpresako langile batzordearen agerraldia. Maderas de Llodio

2026ko otsailaren 19an - 14:42
Azken eguneraketa: 2026-02-20 07:52
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Epaia argia izan da: kaleratze kolektiboa ez dago justifikatuta. Eta horren aurrean, kaleratutako 35 langileak berriz onartu ditzala exijitu dio langile batzordeak Maderas de Llodio enpresari. “Epai honen aurrean enpresari exijitzen diogu berronartu ditzala kaleratutako langile guztiak, horretarako legezko aukera daukalako. Gaur, inoiz baino gehiago, enpresaren esku dago gatazka honi behin betiko konponbidea ematea”, hartu du hitza David Iglesias LABeko kideak. Asteazkeneko epaiaren ondoren bildu da langile batzordea, eta horren osteko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenok Iglesiasek. Batzordeak jakinarazi du bilerak eskatu dituela Lan Ikuskaritzarekin eta hainbat erakunderekin, eta Garnicari, Maderas de Llodio kudeatzen duen enpresari, eskatu dio “irtenbidea” bilatu dezala enplegua eta etorkizun industriala bermatzeko.

"Positibotzat” jo du epaitegiaren erabakia langile batzordeak. Ondorioztatu du auzitegiak aurkeztutako dokumentazio guztia “zehatz-mehatz” aztertu duela, baita alde sindikalak aurkeztutako argudioak ere. Azpimarratu dute ez dela Lan Ikuskaritzaren txostenaren eraginik izan epaian, hain zuzen ere, zenbait argudiotan kontra egin baitio txostenari, Iglesiasek azaldu duenez: "Enplegu Erregulazioko Espedientea sostengatzeko emandako datu ekonomikoak, arrazoi ekonomikorik formalki alegatu ez arren, enpresak ofizialki ikuskatu eta erregistratutako kausen aurka doaz". Eta horri gehitu zaio kaleratzeak justifkatzeko zuzendaritzak argudiatu zuen kostu igoera ez dela frogatzen.

Enpresako langileek 150 egun daramatzate greba mugagabean. Irailean hasi zuten greba, Enplegu Erregulazioko Espedientearen kontsulta epea akordiorik barik itxi zutenean. Urrian hasi ziren kaleratzeak: hasieran 39 langile izan behar zuten, baina 35era mugatu zuen gero kopurua enpresak.

Epaia jakinda, bilerak iragarri ditu langile batzordeak, eta handik neurriak lortzeko asmoa du. Bien bitartean, ostiralean Tubos Reunidoseko langileek deitu duten manifestazioan parte hartuko dutela jakinarazi dute: 300 langile kaleratze arriskuan daude enpresa horretan.


Langile borroka kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.